Hezkuntza. Itunpekoen hitzarmen berria

Datorrena, ikasturte mugitua

Hezkuntza Legea ontzeko prozesua eta azkenaldiko zenbait iragarpen direla eta, irailetik aldaketak izango dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzan.

Irati Urdalleta Lete.
2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Hezkuntza lege berria, ordutegiaren inguruko eztabaida... Amaitzear da 2021-2022ko ikasturtea, baina hurrengoa prestatzeko lanetan ari dira. 2022-2023koa ez da edozein ikasturte izango Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: aldaketen ikasturtea izango da, trantsiziokoa.

HEZKUNTZA LEGEA

Hezkuntza lege berria onartzea: horixe izango da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Eusko Legebiltzarraren zeregin nagusiena 2022-2023ko ikasturtean. Lehen pausoa egina dute: apirilean, hezkuntza akordioa izenpetu zuten Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek —EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk—. Hark ezarriko ditu Hezkuntza Legearen zumeak. Orain, hura oinarri hartuta, testu artikulatua idazten ari da Hezkuntza Saila, eta, behin amaituta, espero dute udazkenean onartzea gobernu kontseiluan. Handik Eusko Legebiltzarrera bidaliko dute berriro, eta, ekarpenak egin ostean, udaberrian legea onartzea espero du Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, eta 2023-2024ko ikasturtean indarrean jartzea.

ORDUTEGIAK

Azkenaldian, eskolen ordutegiari buruzko eztabaida ere piztu da. Jaurlaritzak Hauspoa proiektuaren ordez Hedatze jarriko du martxan. Hauspoak hainbat baldintza betetzen zituzten institutuei bide ematen zien eskolak goizez soilik emateko, betiere arratsaldeetan ikastetxeetako ateak zabalik uzten bazituzten, esaterako behar gehien zituzten ikasleei errefortzuak emateko. Orain, Hedatzek baldintza gogorragoak ezarri dizkie: besteak beste, zuzendaritza egonkorra eduki beharko dute; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasle guztiek parte hartu beharko dute proiektuan, eta irakasle guztiek bozkatu beharko dute proiektuan sartu ala ez, eta hirutik bik aldeko bozka eman beharko dute. Gainera, familien babes zabala beharko du: gutxienez erdiek bozkatu beharko dute, eta hirutik bik baiezko eman. Bildarratzek emandako datuen arabera, 82 ikastetxe aurkeztu dira, eta 74ri baiezkoa eman diete. Gainera, orain, lehenengoz, itunpeko ikastetxeek ere izango dute aukera proiektua ezartzeko, Bildarratzek onartu duen arren ez dakiela astia emango duen datorren ikasturtean martxan jartzeko. Hilaren 24a baino lehen aurkeztu beharko dute proiektua.

Dena den, gainerako ikastetxeetan ez da aldaketarik espero. Eusko Jaurlaritzak eskolak goizez eta arratsaldez ematearen alde egin izan du apustu, eta bide beretik jo du Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusien hezkuntza akordioak ere. Hala jaso dute: «Lanaldi zatitua finkatzea, behar bezala baimendutako salbuespenetan izan ezik».

IRAKASLEAK

Irakasle gehiago hartzea eta behin-behinekotasuna murriztea hitzeman dute. Hezkuntza Sailak eta Steilasek, LABek, CCOOk eta UGTk itun bat sinatu zuten maiatzaren amaieran. Bertan jasota dagoenez, ingeleserako eta LH Lehen Hezkuntzarako gorputz hezkuntzako irakasle gehiago kontratatuko dituzte; hezkuntza premia bereziei lotutako baliabide gehiago jarriko dituzte, eta proiektuak garatzeko bitartekoak areagotuko dituzte, hala nola berrikuntzarako eta hizkuntza eta pedagogia proiektuetarako. Gainera, bigarren hezkuntzan hogei ikasle baino gehiago dituzten taldeei tutoretza bikoitza jarriko diete, eta irakaskuntzaren berezko eginkizunekin zerikusirik ez duten administrazio zereginetatik libratzeko profil profesionalak sortuko dituzte: administratiboak eta digitalizazioaren kudeaketakoak.

Europako legedia errespetatzeko, irakasleen egonkortasuna ere sustatuko du Jaurlaritzak. Hezkuntza Sailak iragarri duenez, 6.350 lanpostu eskainiko ditu 2022ko Lan Eskaintza Publikoetan.

PLANIFIKAZIOA

Azken asteetan harrabotsa eragin du Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko dekretuaren zirriborroak. Ratioen gaineko azalpenak atzo eman zituen Bildarratzek, baina beste zehaztapen batzuk falta dira oraindik. Besteak beste, eskolatzean ikasle zaurgarrien «presentzia orekatua» bermatzea eta diru publikoz finantzatutako leku nahikoa eskaintzea. Halere, zirriborro bat izaki, ez da behin betikoa, eta Hezkuntza Sailak jakinarazi du aldaketak egongo direla.

DIGITALIZAZIOA

2022-2024 Aldirako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana aurkeztu zuen apirilaren amaieran Hezkuntza Sailak, eta iragarri irakaskuntza teknopedagogikorako saltoa egin asmo dutela. Horren barruan, profesionalen eta ikasleen trebakuntza sustatu nahi dute, ikastetxeei azpiegitura egokiak eman, eta sistema osorako eraldaketa digitalaren plangintza zehaztu. Gainera, Hezkuntza Sailak eta Googlek hitzarmen bat ere sinatuta daukate, bere zerbitzuak ikastetxeetan erabiltzeko.

UNIBERTSITATEA

EHU Euskal Herriko Unibertsitatean ere izango da aldaketarik. Matrikulen prezioak merkatuko dituzte: hain zuzen, %4,7 jaitsiko dituzten lehen matrikularen tasak graduetan. Gaikuntza masterretan ere izango da jaitsiera: %19,5etik %35,9ra bitartekoa, hain zuzen.

Ikusi gehiago:Itunpeko eskolen baldintzak berritu ditu Jaurlaritzak, ratioak jaitsita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.