Albistea entzun

Hezkuntza. Itunpekoen hitzarmen berria

Itunpeko eskolen baldintzak berritu ditu Jaurlaritzak, ratioak jaitsita

Datorren ikasturtetik aurrera hamahiru haur beharko dituzte gela bat osatzeko; egun, hamazazpi. Aurrekontua 679,8 milioikoa da. Bildarratzek esan du zegoena hobetzen dela
Haurrak ikasgela batean, lanean.
Haurrak ikasgela batean, lanean. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gurutze Izagirre Intxauspe -

2022ko ekainak 22

Itunpeko ikastetxeetan gela osatzeko beharrezkoa den ikasle kopurua murriztuko dute hurrengo ikasturtetik aurrera. Eusko Jaurlaritzak atzoko gobernu bileran onartu zituen itunpekoen hitzarmenerako baldintza berriak. 679,3 milioiko aurrekontua du 2022-2023rako neurriak. Egungo moduluen arabera egin dute kalkulua, eta litekeena da kopuru hori aldatzea, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren arabera.

Ikusi gehiago: Datorrena, ikasturte mugitua

Bost neurri iragarri zituen. Lehena, gutxieneko ikasle kopurua murriztea etapa hasieretan. Hamazazpi ikasle behar dituzte egun itunpekoek gela bat osatzeko, baina datorren ikasturtetik aurrera hamahirurekin gela bat osatu ahal izango dute. Bigarrenik, ikasgelak bikoizteko baldintzak egokituko dituzte. 34rekin bikoiztu ditzakete gaur egun, baina datorren ikasturtetik aurrera 28tik aurrera bikoiztu ahal izango dituzte. Eta 26 edo 27 ikaslerekin, beste irakasle bat jarriko dute. Hirugarrenik, udalerriko gela bakarra denean, 11 ikaslerekin osatuko dute taldea. Laugarrenik, hezkuntza-konplexutasun indizeko kasuetan, zortzi ikaslerekin osatuko dute taldea. Eta, azkenik, hezkuntza laguntzarako espezialistak eta hezkuntza osagarrirako programak ituntzea erabaki dute. Datozen sei urteetarako irizpideak jarriko dituzte neurri horiek.

«Gertatzen ari diren aldaketak direla eta, hezkuntza sistema indartu egin behar da», Bildarratzek esan zuenez, eta bide horretan kokatu ditu neurri berriak.

Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk igandean egindako adierazpenei ere erantzun die Bildarratzek. Tellituk Jaurlaritzari egotzi zion planifikazioa egiteko orduan «bat-batean» gelak ituntzeko irizpidea aldatu izana, eta arriskuan jarri izana ikastola txikiek bizirik irautea lerro bakarrekoak direnetan.

Hezkuntza itunari atxikita

«Gaur egin duguna da lehen zegoen egoera hobetu», erantzun zion Bildarratzek. Gogorarazi zion gobernua betetzen ari dela apirilaren 7an Eusko Legebiltzarrak emandako agindua. Esan zuen EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk onartutako hezkuntza akordioaren gainean ari direla lanean, eta ardatz horien gainean segituko dutela. Eta iragarritako neurriak zerrendatu zituen berriz ere, ratioen jaitsierak bide emango baitu gela batzuei eusteko: «Ulertzen dut kezkatzea, jaiotza tasa doan bezala doalako. Horrek eragin handia izango du ikastetxe guztietan, sare publikoan eta itunpekoan. Kezka bada, baina segituko dugu ikastetxe guztien alboan, elkarlanean». Eta gaineratu zuen patronal gehienekin «sintonia ona» dutela. «Ekitatea eta bikaintasuna» bilatzen segituko dutela gehitu zuen.

Ikastolen Elkarteak jakinarazi du ituntze berriaren gaineko xehetasunak bide ofizialetik jaso bitartean ez dutela bestelako adierazpenik egingo. Gaur ezohiko batzarra egitekoak dira ikastoletako ordezkariekin, duten informazioa elkarri kontatzeko. Gero, ikastola bakoitzak bere sarean kontrastatuko du informazioa. Zentroetatik jasotzen dutenarekin litekeena da datozen egunetan erabakiren bat hartzea. Gainera, Ikastolen Elkarteko iturriek baieztatu dute Hezkuntza Sailarekin harreman estua dutela.

Sexuaren arabera banatuta

Bildarratzi galdetuta ea sexuaren arabera segregatzen duten ikastetxeek aurrerantzean ere diru laguntza jasoko duten, erantzun zuen 2022-2023ko ikasturtean baietz, aurtengo urtarrileko dekretuaren gainean egin direlako hurrengo ikasturterako matrikulazioak, eta aurtengo urtarrilean akordiorik ez zegoelako gai horren gainean. Aldaketak, beraz, 2023tik aurrera etorriko dira. «Sexuaren arabera segregatzen duten zentroekin lanean hasiko gara beste era bateko erabakiak har ditzaten, egokituz joateko LOMLOEk agintzen duenera, eta Eusko Legebiltzarrak apirilaren 7an onartutakoa betez joateko».

Sare publikoko ratioei dagokienez, HHn eta LHn gutxienez 11 behar dira gela bat osatzeko, eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, hamazazpi. Gehienezko ratioak, berriz, txikixeagoak dira itunpekoenak baino: HHn 23 ume egon daitezke gehienez; LHn eta DBHn, 25, eta Batxilergoan, 30.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA
Miarritzeko harrotasunen martxa, atzo. ©BOB EDME

«Mugak hausteko» harrotasunez hartu dituzte Miarritzeko karrikak

Oihana Teyseyre Koskarat

Ehunka lagun bildu dira harrotasunaren martxan. LGTB komunitateko eragileek nabarmendu dute gora egin dutela horien kontrako erasoek
Barakaldon eraso matxisten aurka egindako elkarretaratze bat, aurtengo martxoan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gizon bat espetxeratu dute, neska lagun ohia hiltzen saiatzea egotzita

Jon O. Urain - Maddi Ane Txoperena Iribarren

Labanaz eraso dio andreari, eta emakumea larri dago, Gurutzetako ospitalean. Basauriko kartzelan sartu dute gizona. Mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du gaur arratsalderako Barakaldon

Osasun zentro bateko sarrera, artxiboko irudi batean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Bere burua hiltzen saiatu direnen arreta hobetzeko prozedura, abian

Oihane Puertas Ramirez

Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea Osakidetzako sare osoan dago erabilgarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...