Berdintasunerako, ezberdinen saretzea

64 enpresak osatzen dute Emakundek sustatutako Bai Sarea. Berdintasunean pausoak ematen segitzea da helburua.

Azken urteetan nabarmen hazi da Bai Sarea; irudian, iaz egindako jardunaldi bat. BERRIA.
Maialen Arteaga.
2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Berdintasunaren alde egin nahi duten enpresen sareak sortzea. Horixe du helburu Bai Sareak. Emakundek bultzatutako egitasmo bat da, eta bertan erakundearen laguntzaile diren hainbat enpresak hartzen dute parte, arlo askotakoak; izan garraio enpresa, zerbitzu sozialak eskaintzen dituena, hedabidea... Elkarri ideiak plazaratu eta norbere sektorerako moldatzen dituzte. Duela hiru urte aurkeztu zen taldea ofizialki; ordutik barrura begirako lanetan aritu dira batik bat, baina berriki hasi dira lan horren emaitzak gizarteratzen.«Oso aberasgarria da hain diferenteak diren enpresak elkarren artean lanean aritzea berdintasuna lortzeko», dio Ane Miren Fernandez Emakundeko programen teknikariak.

Enpresen aniztasunak sarea bera aberasten duela uste du Fernandezek: «Oso garrantzitsua da diferenteak diren enpresek parte hartzea; horrek ahalbidetzen digu plan eta erreminta malguak diseinatzea, soilik sektore bakar baterako izan ez daitezen». Hain zuzen, sektore askotako 64 enpresak osatzen dute egun Bai Sarea; tartean da BERRIA ere. Kide horien guztien artean bi organo nagusi dituzte: talde motorea eta asanblada orokorra. Abenduan izan zen azken osoko bilkura. «Batzar orokorrean kide denek hartzen dute parte; espazio hori da erabakigune nagusia, eta bertan identifikatzen dira enpresen beharrizanak», azaldu du Fernandezek.

Bi organo nagusi horiez gain, beste hainbat azpitalde ditu sareak: komunikazio taldea, eragileen taldea, elkartrukeen taldea, antolaketa taldea... Orain, duela bi urte baino parte hartze handiagoa dagoela berretsi du Fernandezek: «Lehen, hamar pertsona inguru zeuden lan taldeetan, eta orain, sarearen ia erdia dago lan taldeetan sartuta; parte hartzea asko hazi da. Momentu honetan sareko enpresek diseinatutako materiala produzitzen ari gara, eta erreminta horiek guztiak ezagutaraztera eramango ditugu».

Saretzearen abantailak

Pandemiaren ondorioz, haiek ere egoerara moldatu behar izan dutela kontatu du; izan ere, sarearen azken topaketak online izan dira: «Lan egiteko modua aldatu dugu, eta zailtasunak izan zitezkeenak aukera bihurtzen saiatu gara. Adibidez, online arituz, parte hartzea areagotu daiteke, edozein pertsona edonondik konekta daitekeelako». Urtean hiruzpalau aldiz elkartzen dira.

Baina zertarako sartu Bai Sarean? Izaskun Rekalde Bizkaiko Zubietxe elkarteko kideak eta Nerea Diez DBUS Donostiako garraio enpresako kideak sarearen abantailak azaldu dituzte. «Esperientziak konpartitzen laguntzen du: taldean lan eginez emaitza hobeak lortzen direla ikusi da», esan du Rekaldek. Diezek erantsi duenez, eman dezake enpresen arteko diferentziak oztopo izan daitezkeela, baina elkarrekin ideiak trukatzeko balio die: «Bai Sareak beste enpresekin zuzenean harremanak izateko aukera ematen digu. Horietako batzuk gure sektore berekoak dira, eta beste batzuk ez, baina berdintasunerako ideiak trukatzeko ez da behar soilik zure sektorekoekin alderatzea; azkenean, auziaren funtsa ez dago sektore batean».

Horren adibide gisa jarri du Diezek DBUSen egindako kanpaina: «Gure sektorea maskulinizatua zegoela ikusita, kanpaina bat abiatu genuen emakume gidariekin. Halako egitasmo batek, garraio sektorekoentzat ez ezik, sektore maskulinizatuetako beste enpresentzat ere balio dezake». Rekalde ere iritzi berekoa da. Hauxe gehitu du: «Azken batean, gure arteko aldeak oso aberasgarriak suerta daitezke: zugandik oso desberdina den enpresa batek arazo baten inguruan perspektiba guztiz desberdin bat eskain diezazuke».

Diferentzia horiek aberastasun bilakatzen jarraitzeko bidean, sarea handitzeko asmoa dute, Emakunderen laguntzaile diren enpresak bertara sartzera animatuz. Pandemia eta oztopoak aurrean izanik ere, berdintasunerako bidean lan egiteko asmoa berretsi du Ane Miren Fernandezek: «Berdintasuna beharrezkoa da, eta pauso horiek ematera bultzatu eta lagundu behar ditugu enpresak. Gai honetan ezin da atzera egin, legeak eta arauak beti gizarte aldaketen ostean iristen dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.