Paperaren orban beltzak agertokian

'Sisiforen paperak' antzezlanaren estreinaldia egin dute Gasteizko Principal antzokian. Pandemiagatik edukiera murriztua izan badu ere, antzokia bete egin da, eta emanaldirako sarrera guztiak amaitu dira.

<em>Sisiforen paperak</em> antzezlanaren une bat, atzo, Gasteizko Principal antzokian.
Sisiforen paperak antzezlanaren une bat, atzo, Gasteizko Principal antzokian. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2020ko azaroak 20

Lau ilara ziren Gasteizko Principal antzokiaren sarreran atzo iluntzean. Bi ezkerretik, eta beste bi eskuinetik. Tartean, jendea hara eta hona zebilen, erdi galduta, sarrera nondik zen asmatu ezinik. Pandemiak dena estali duen honetan, eta, bereziki, kulturari emandako kolpearen ondotik, egunotarako ezohikoa bilakatu den itxura zuen antzokiaren inguruak. Argi izpi baten gisakoa zen, itzal beltza gainean duen sektorearentzat. Sisiforen paperak antzezlanaren estreinaldiak ezarri zuen izpi hori, hain zuzen ere. Tanttakak Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera oinarri hartuta egindako obrak. Atzo jokatu zuten aurreneko aldiz.

Errealitate fikzionatu bat eskaintzen du obrak: gertakizunaren aurreko eta ondorengo egunak ditu kontagai. Baina 2003ko otsailaren 20ko gertaera haiek ezagunak dira edonorentzat, gutxi asko bada ere: atxiloketak, miaketak, tortura salaketak... Memoria kolektiboaren parte dira egun, baina horrek ez du esan nahi denek berdin oroitzen dutenik. Ongi gogoan dute egun hura Marisol Ruiz de Eginok eta Amelia Murgak, esaterako. «Lanean nintzela gogoratzen dut. Benetan gogorra izan zen egun hura. Donostiara joan ginen, manifestaziora, horrekin ere gogoratzen naiz. Kolpe handia izan zen egunkaria ixtea», azaldu zuen Eginok.

Akorduan dute gertakari hura Josune Erauskinek, Asis Iriondok eta Hasier Arraizek ere. «Gogoratzen naiz nola joan ginen Donostiako manifestaziora. Oso hunkigarria izan zen», adierazi zuen Iriondok. «Euskaldun guztiok sentitu ginen erasoak egun hartan. Gogoratzen dut Gasteizko manifestazioa, adibidez, eta jende oso ezberdina egon zela. Herri honen bihotzean ukitu zuten», erantsi zuen, aldiz, Arraizek. «Oroitzapen, elkartasun eta bizipen hori askotan kontatzen diogu gure seme-alabei ere», gaineratu zuen Erauskinek.

Izan ere, asko dira gertakarien berri modu horretan jaso dutenak. Nerea Agirrek eta Ane Isasmendik, kasurako. 12 urte zituzten Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean. «Oroitzapen gutxi ditut, egia esan. Gogoratzen dut nola jarri genuen kamiseta eskolan, kurtso amaieran egin genuen ekitaldian. Baina momentuko beste oroitzapenik ez daukat», aitortu zuen Agirrek. «Gizartean ezinegon handia zegoela oroitzen dut, eta gurasoak gaiaren inguruan hizketan», erantsi zuen Isasmendik.

Isiltasuna eta barreakstrong>

19:00etan zen emanaldia hastekoa, baina bizpahiru minutuko atzerapenarekin entzun zen megafoniatik ahotsa, jendeari bertaratu izana eskertuz, eta maskararen erabilera derrigorrezkoa dela gogoraraziz. Edukiera murriztua izanagatik ere, aretoa bete-betea zegoen ordurako. Sisiforen paperak irakur zitekeen atze oihalean, argi izpiez idatzita.

Berehala igo zen oihala, erdizka lehenik, eta zazpi lagun atera ziren lehen planora, agertoki osoa hartzen zuen marko zuri batera: gitarra elektrikoaren musika entzun zen lehenik, eta jarraian ekin zioten aurkezpenari. «Ireki komatxoak», lehenik. «Gaur, azaroak 19, orban beltzak agertu dira Kontxako hondartzan», ondoren. Eta oihala goraino.

Agertokiaren erdian ikus zitekeen erredakzio bat, euskarazko egunkari bakarraren erredakzioa, kartoizko mahai eta aulkiekin. Eta apur bat eskuinerago, epaitegiko bulegoak, polizia etxekoak. Horiek ere kartoizko mahai eta aulkiekin. Eta paperez josita. Baina, ororen gainetik, galderak ziren etengabe errepikatzen zirenak: zein hizkuntza da zailagoa, euskara ala poloniera? Nork irakurtzen du hirugarren paragrafotik aurrera? Zer da aitortzen zailagoa, egia ala hanka sartzea? Zergatik kazetaritza? «Eta zer egingo dugu orain?».

Bruselarako bidaia bat. Zigarro bana eskuan. «Mendian gora haritza». Eta kolpe bat. «Ahuntzak haitzean dabiltza». Eta beste bat. «Itsasoaren arimak dakar/ ur gainean bitsa». Eta kolpe bat. «Kantatu nahi dut bizitza». Eta beste bat. «Usteltzen ez bazait hitza». Eta kolpe bat. «Mundua dantzan jarriko nuke/ jainkoa banintza».

Tarteka barre algara batzuk ere entzun baziren ere, ikus-entzuleek adi-adi ikusi eta entzun zuen kontakizuna ordu eta erdiz, erabateko isiltasunean. «Beti dago orban beltz bat hasieran. Sartu hatza, eta hasi idazten. Itxi komatxoak». Argiak piztearekin batera igo ziren oholtzara Martxelo Otamendi, Harkaitz Cano eta Fernando Bernues, antzezleekin batera ikusleak agurtzeko. Lore sorta bat ere jaso zuten. Ia bost minutuko txalo zaparrada hura izan zen isiltasuna hautsi zuen soinu bakarra, orban beltza argiztatu zuena.

BERRIA antzezlanaren azken entseguetako batean izan zen joan den astean:

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Xabier Lete, <em>Egunsentiaren esku izoztuak</em> liburua aurkezten, 2008an. ©JON URBE / FOKU

EKLOSIO BAT HAMAR URTEREN ONDOREN

Ane Eslava

Efemeridea, testuingurua, zorra, aitortza, ardura... Elementu ugari egon daitezke Xabier Leteren inguruan sortzen ari diren ikerketa, obra eta omenaldiak arrazoitzeko. Hutsune bat bazegoen, eta betetzen hasi da. Baina oraindik bada lanik Leteren puzzlea osatzeko.
 ©ARXINA

«Espainiako Estatuaren sakoneko kultura militarra da»

Montse Dopico

Ramon Baltar galegista errepublikazalearen bidez kontatu du Galiziako frankismo garaiko barne erresistentzia Suso del Toro idazleak. 'Nòs' egunkariak elkarrizketatu du, 'Un señor elegante' liburuaren harira.

Atzekoz aurrera

Nagore Fernandez

Egilea: Karlos Zabala. Argitaletxea: Elkar.

Gorespena nahasketari

Aiora Sampedro

Idazlea: Luis Garde. Argitaletxea: Pamiela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.