Albistea entzun

Koronabirusa

Nafarroan gau giroa mugatuko da, eta horretarako prest da Jaurlaritza

Nafarroako Gobernuak 02:00etara aurreratu du tabernak ixteko ordua, eta debekatu egin ditu ordu horretatik aurrerako jende multzoak. Bergaran eta Ermuan ere mugatu egingo dute ostalaritza jarduera
Terraza bat martxan, izurriaren aro honetan, Iruñeko Udaletxe plazan.
Terraza bat martxan, izurriaren aro honetan, Iruñeko Udaletxe plazan. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2020ko uztailak 21 - Iruñea

«Errealitateak erronka berria bota digu». Carlos Artundo Nafarroako Gobernuko osasun zuzendariaren hitzetan, azken asteetako agerraldiek kasu guztion aztarnak aztertzeko lantaldeak «tentsioan» jarri ditu, baina esperientzia horrek «ikasteko eta planak egokitzeko» balioko du. Jaurlaritzako Nekane Murga Osasun sailburuaren esanetan, taldeok «ongi» dira lanean. Ikerketa horien emaitzak positiboen goranzko joera islatu du Hego Euskal Herrian, uztailean. Koronabirusak batez beste kutsatzeko behar dituen lau eguneko tartean, azeleratuz joan dira positibo kasuak: uztailaren 3ra arte, 57; 8ra arte, beste 85; hilaren 12ra arte, beste 214; uztailaren 16ra arte, beste 237, eta hurrengo hiru egunetan, 19ra arte, beste 362. Erritmo hori geldotzeko asmoz, iragan astean maskaren erabilera derrigortu egin zuten; baina kasuok batik bat aisialdia eta gau giroan izan direla ikusirik, agintariek neurri gehiago hartuko dituzte: atzo Nafarroako Gobernuak tabernen itxierako ordutegia 02:00etara murrizteko asmoa azaldu zuen, eta, ordu horretatik aurrera, hamar pertsona baino gehiagoko multzoak debekatuko ditu; Jaurlaritza, berriz, pilaketak eragozteko asmoz, «gehiagorako» prest dago.

Orain arte, Jaurlaritzako Osasun Sailak batik bat Gipuzkoako hainbat herritan mugatu du ostalaritzaren jarduera. Lehenik, Ordizian, uztailaren 8an, taberna eta jatetxeetan jarduera mugatu zuen: edukiera gehienez erdira murriztu du, barran ezin da kontsumitu eta ateak 23:30ean itxi behar dituzte. Egoerak hobera egin duenez, orain Jaurlaritza aztertzen ari da neurri murriztaileok kentzea.

Iragan astean, Zarautzen, Eibarren eta Tolosan ezarri zituen neurriok, eta atzo Ermura eta Bergarara zabaldu zuen dekretua. Murgaren arabera, ez du baztertzen herrietan neurri gehiago hartzea. Oraingoz, bilakaera epidemiologikoak ez du aholkatzen neurriok erkidego osora zabaltzea.

Ordiziako eta Tolosako agerraldiak kontrolpean daude, baina beste herrietan kasuak ugaritu dira. Azken astean 6.430 PCR proba egin dituzte, batik bat foku nagusiak agertu diren herrietan: Zarautzen, azken astean 62 atzeman dira; Eibarren, azken astean, 73; Ermuan, azken astean, 80. Bergaran, berriz, igandean soilik 11 kasu positibo agertu ziren.

Mugimendu handia

Nahiz eta ez den erabat argitu kasu guztion jatorria, Zarauzko malekoi inguruan 8tik 11ra bitartean izandako ospakizunekin harremana izan dezakete. Larunbatean Osasun Sailak onartu zuen Ermuan izandako kasuek Eibarko eta Zarauzko kasuekin erlazioa dutela. Dena den, atzo, Murgak ez zuen behin betiko ondoriorik eman nahi izan. Haren esanetan, kutsatu diren gazteak «asko» mugitzen dira, hartu-eman ugari dituzte, eta ezin esan daiteke non kutsatu den bakoitza. Halaber, Murgaren arabera, horrek asko zailtzen du azterlana. Ukatu egin zuen informazioa emateko arazorik jartzen dela: «Oso kasu zehatz batzuk salbu, jarrera orokorra da esatea norekin egon den».

Murgak zehaztu zuen kasuak nabarmen ugaritzen diren herrietan esku hartuko dutela, «aurrea hartzeko». Hori da Bergararen kasua. Osasun Sailak ez daki igandean azaldutako 11 positiboak herrian bertan tokiko aisialdiarekin lotuta dauden edo kanpotik inportatu diren. Hala ere, bertako ostalaritzan neurriak zorroztuko ditu. «Dagoeneko, pertsona kopuru bat dago kutsatuta eta bilkurak eta ekintza sozialak eragotzi nahi ditugu». Halaber, udalak jakinarazi du kiroldegian murrizketak ezarri dituela, barruko ikastaroak bertan behera utzi dituela, gimnasioa itxi duela eta kanpoko igerilekuaren edukiera %40ra murriztu duela. Liburutegiaren zerbitzua ere soilik maileguetara murriztuko da.

Nafarroan, kezka iturri nagusia Mendillorriko agerraldia da. Carlos Artundo gobernuko osasun zuzendariak zehaztu zuenez, Iruñeko auzo horren izena hartu arren, jatorria berez Alde Zaharrean dago, uztailaren 11ko gauean izandako gaueko giroan. Artundoren esanetan, Mendillorrin daude kutsatuetako asko, baina badira beste auzo eta toki batzuetakoak. Azken egunetan, gizartean gazteen aurkako mezuak entzun direla eta, gobernuko agintariek nabarmendu dute gazteak ez direla ezeren errudun. Gazteen kolektiboak azken urteetan «bazterketa, prekaritatea eta egoera zaila» jasan dituela esan du Artundok, eta pandemiaren aurrean izan duten konpromisoa eta auzoetan egin duten lana eskertu die Santos Indurain Osasun kontseilariak. Orain arte, agerraldi horrekin zerikusia duten 94 kasu azaleratu dira, eta horietatik 25 azken orduetan.

Mendillorrikoaz gain, beste bi agerraldi izan dira azken 24 ordutan —betiere azken datuak igandekoak direla aintzat hartuta—: bata, familia giroan eta bestea, Iruñeko Alde Zaharreko jatetxe batean. Kasu horri lotuta, Artundok nabarmendu du ostatuak aurreko egunetan handik igaro diren bezeroen datuak eman dizkiela eta horrek ikerketa lana erraztu diela. Haren esanetan, funtsezkoa izango da datozen asteetan ostatuek zein bestelako negozio eta egoitzek informazio hori ikertzaileei erraztea, ahalik eta kontrolik zehatzena egiteko.

218 ikerlari Hegoaldean

Oraintxe, Hego Euskal Herrian 218 ikerlari ari dira kutsatuen kontaktuak aztertzen: 180, Eusko Jaurlaritzaren esanetara, eta beste 38, Nafarroan —gobernuaren arabera, beste 96 pertsona trebatuta daude lan egiteko prest—. Hain zuzen ere, atzo arratsaldean Eusko Jaurlaritzak barne bilkura berezia egin zuen egoera epidemiologikoa aztertzeko, eta mahai gainean egon da lan talde hori handitzeko aukera. Txanda bakoitzean, 30 lagun daude lanean, eta kopurua handitu daitekeela uste du Murgak: «Dimentsioa eman behar diogu, eta prestakuntzarako ahalmen bat dugu», zehaztu zuen.

Bi gobernuen irudiko, pandemiaren lehen olatuarekin alderatuta, azterketa sistema eraginkorra da, eta kutsatzeak fase goiztiarrean atzematea ahalbidetu die. Nafarroan, kasurako, lan horren ondorioz, gaur-gaurkoz 2.300 lagun daude bakartuta. «Talde horrek egindako ikerketa lan garrantzitsuari esker, Nafarroa dago kontaktu gehien atzematen dituen erkidegoen artean», aipatu zuen Santos Indurainek. Bere aldetik, Murgak zehaztu du funtsezkoa dela positibo ematen dutenak erabat bakartzeko irizpidea zorrotz betetzea.

Artundoren arabera, egungo agerraldiak «uste baino lehenago» agertu dira, eta tentsio handia eragin dute ikerketa sisteman. Dena den, alde ona ikusi nahi izan dio egoerari. Egungo lanak balioko du sistema nola ari den ikusteko, egon daitezkeen hutsegiteak zuzentzeko, eta, bigarren olatu bati begira, orain prest dituzten kontingentzia planak berregokitzeko. Azken batean, udako agerraldiak «proba bat» dira udazkenean eta neguan etorriko denari begira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sandra Barkaiztegi eta Olatz Mercader, atzo egin zuten agerraldian, Onkologikoaren aurrean. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Arta «integralaren» eskean

Arantxa Iraola

Onkologikoko pazienteek eratutako elkarte bat plazara atera da; kezkatuta daude zentroan gaixoen arretak izan duen «bilakaeraz». Manifestazio bat egingo dute langileekin batera, hilaren 15ean
Euskararen Egunaren harira Elgoibarren 2015ean eginiko egitasmo bat. ©BARREN.EUS

Aterki bat euskaltzaletasunari

Julen Aperribai

Euskara elkarteen baturatik sortu bazen ere, mugimendu izaera hartu zuen Euskaltzaleen Topaguneak 2012an. 25. urteurrena ospatuko du gaur Donostian, gaurko erronketan begia jarrita

45 minututik bost ordura

A. Iraola

Olatz Mercaderrek berriki jaso du arta Onkologikoan; ama 2012an zendu zitzaion, han arta jasota. Alde argiak ikusi ditu, pazienteen arreta egokiaren kalterako.
Emun kooperatibaren 25. urteurrenaren ekitaldia, atzo, Arrasaten. ©JON URBE / FOKU

Emun, 25 urte eraldaketan

Irati Urdalleta Lete

Emun kooperatibak 25. urteurreneko ekitaldia egin du Arrasaten. Eraldaketaren beharraz aritu dira, eta hura bizi edo eragin duten zenbait pertsonaren esperientziak bildu dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.