Udalen osaketa Hego Euskal Herrian

DESALDAKETA: LEHEN ITZULIA

PSNk Navarra Sumaren alkatetzak ahalbidetu ditu, koalizioak haren beharra zuen udal gehienetan; tartean, Iruñea. Txibitek esan du «hitza bete» dutela, baina 2007ko «abuztuko kolpea» udaletan ematea egotzi dio Geroa Baik. Ikuskizun dago zer arrasto utziko duen atzokoak foru gobernurako elkarrizketetan.

Enrique Maia eta Javier Esparza, Iruñeko udaletxetik irteten, Maia Nafarroako hiriburuko alkate izendatua izan berritan. IÑAKI PORTO / EFE.
jon olano
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Maiatzaren 26ko hauteskundeek panorama irekia azaleratu zuten Nafarroako udal askotan eta, batez ere, Nafarroako Parlamentuan. Navarra Sumak lortu zuen parlamentari gehien, baina, gehiengo absolutua lortu ezinik, ikusteko dago zer gehiengo osa daitezkeen gobernuko lehendakaria aukeratzeko eta gobernua bera osatzeko. Horiek horrela, zalantza bat da nagusia: PSNk zer egingo duen; hautagaitzarik aurkeztuko duen, gehiengo absolutua edo soila osatzeko gai izango den, horretarako zeinekin eta zertaz hitz egiteko prest dagoen, eta, PSNren jokabidearen arabera, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak nola jokatzen duten.

Testuinguru horretan, gobernuko lehendakariaren hautaketan gerta daitekeenaren aurrekari bat izan daiteke atzo udalen osaketan eta alkateen inbestidura saioetan gertatutakoa. Ikuskizun zegoen PSN nola lerratzen zen bi blokeen artean —laukoa eta Navarra Suma—, eta sozialistek mezu argia bidali zuten atzo: ez daude aldaketa babesteko. PSN beharrezko aldagaia ez zen ekuazioetan soilik eskuratu zuten laukoa osatzen duten alderdiek alkatetza: Tafallan, Berriozarren, Antsoainen, Garesen, Zizur Nagusian, Altsasun... Horrez gain, PSNk Navarra Sumaren esku utzi zituen bestelako gehiengoak izan zitzaketen udalak, zinegotzi sozialistek beren alkategaiaren aldeko botoa emanda; horrela gertatu zen Iruñean, Eguesibarren, Lizarran, Barañainen eta Burlatan, esaterako; hiriburuan eta azken hiru kasuetan, EH Bilduk lor zezakeen alkatetza, eta Eguesibarren, Geroa Bairen kaltetan jardun zuen PSNk.

Eman ez, jaso bai

Sozialisten posizioaren beste adierazpideetako bat izan zen non eta nola lortu dituzten hainbat alkatetza. Vianan, Cortesen eta Andosillan, EH Bilduk babestuta lortu du aginte makila. Beste muturrean legoke Sartaguda: herri horretan, Navarra Sumaren botoak baliatu ditu Jose Antonio Egizabal alkate sozialistak lehen indarra (EH Bildu) gainditzeko. Azkenik, esanguratsua da Uharten gertatutakoa: zinegotzi bakarra izanik, PSNk herri plataforma baten eta Navarra Sumaren botoak jaso ditu, EH Bildu gainditu eta aginte makila eskuratzeko.

PSNk ohar batean eman zituen udalez udal izandako jarrerari buruzko esplikazioak. Nabarmendu zuen «aurrerabide akordioak ahalbidetu» dituela horiek «posible izan diren udal guztietan», alderdiaren tokiko taldeen «irizpidea» aintzat hartuta eta PSNko zuzendaritzak ezarritako ildoari jarraituta: «Hautagai sozialistek beren burua aurkeztu dute, akordiorik eta gehiengorik izan gabe, alkatetzarik ez emateko ez eskuinei, ezta [EH] Bilduri ere». Maria Txibite PSNko lehendakarigaiak txio batean laburbildu zuen alderdiaren jokabidea: «Gure hitza bete dugu; boto bakar bat ere ez Navarra Sumari, ezta Bilduri ere, akordioak ahalbidetuz posible zen lekuetan».

Sozialisten jokamoldeaz oso bestelako iritzia zabaldu zuen Geroa Baik ohar batean. Ikusirik PSNk, beharrezkoa zen herrietan, ez dituela ahalbidetu bestelako gehiengo batzuk Navarra Sumaren aurrean, Geroa Baik uste du PSNren jarrerak esan nahi duela «de facto ekainera aurreratzea abuztuko kolpe berri bat Nafarroako udal mapara». Geroa Baik txarretsi du PSNk «akordioak egiteari uko» egin diola, eta, are, kasu batzuetan «hitz egiteko» aukera ere baztertu duela.

Adibide batzuk aipatu ditu koalizioak: gogorarazi du Eguesibarren alkatetza lor zezakeena Geroa Bai zela, eta Sartagudan eta Uharten Navarra Sumaren botoak baliatu dituztela, «ahultasunetik alkatetzak lortzea» helburu: «PSNk azalpen publikoak zor ditu, sozialistek eurek eskatzen duten konfiantzaren edozein izpi apurtu dutelako». Sare sozialetan, kritiko azaldu zen Uxue Barkos Geroa Baiko lehendakarigaia: «Koherentzia apurrik gabe, zaila da gutxieneko duintasuna izatea... Interes orokorraren alde lan egitearen bokazioa eta gizarte justu eta orekatu batekiko pasioa izatea baino ez da: Nafarroa kohesionatu bat. Antza, bide luzea dugu; beraz, bidean ibiltzen jarraitzea dagokigu».

Etzidamu, parlamentua

Asteazkenean egingo dute Nafarroako Parlamentua osatzeko bilkura. Ikuskizun dago udalen osaketak zer arrasto utziko duen alderdien arteko elkarrizketetan. Legebiltzarreko presidentea aukeratu beharko dute saio horretan, eta horrek ere emango ditu datozen lau urteetarako aliantzen inguruko arrastoak. Mahaia osatuta, parlamentuko presidenteak bilera sorta bat egin behar du alderdiekin, ikusteko zer hautagaik bil dezakeen babes gehien. Horren arabera, lehendakarigai bat proposatu beharko du, eta hautagai horrek gehiengoa eskuratu beharko du: absolutua lehen bozketan, edo soila bigarrenean.

Udaletako eta parlamentuko prozedura ezberdina da, ordea; PSNk atzoko jarrerari eusten badio, Txibitek hautagaitza aurkeztuko luke, eta Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren esku legoke hura babestea. Hiru hilean inork ez balu bilduko behar adina boto, bozak berriro egin beharko lirateke.

Analisia: Zaharra berri Hegoaldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.