ETAren jardun armatuaren amaieraren 10. urteurrena. ETAren agiria

Agiri historikoaren inguruabarrak

ETAk gaur hamar urte jakinarazi zuen jarduera armatua behin betiko bukatu zuela. Ezker abertzalearen estrategia aldaketaren ondorioa izan zen. Erabakigarria izan zen 2011. urtea: ETA-Madril zeharkako elkarrizketak izan ziren, Henri Dunant zentroaren bidez. BERRIAk azken txanpa berrosatu du.

ETAko hiru kide, erakunde armatuak jarduera armatuaren behin betiko bukaera jakinarazteko 2011ko urriaren 20an zabaldu zuen bideoan. BERRIA.
enekoitz esnaola
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Duela hamar urteko urriko hurrenkera: ETAk hilaren hasieran egin zuen jardun armatuaren bukaeraren behin betiko agiria; bideoa grabatu zuen; Henri Dunant zentroko solaskideak agiria ikusi zuen; ETAren ordezkaritza nazioarteko komunitatearen anparoan jarri zen, gero Norvegian gatazkaren ondorioei buruzko mahaian parte hartzeko; Aieteko Konferentzia izan zen; ETAren zuzendaritzak baieztatu egin zuen agiriko edukia —Aietekoa espero bezala igaro arte egon zen—; martxan jarri zuen agiria eta bideoa hedabide batzuei helarazteko mekanismoa; eta urriaren 20an, gaur hamar urte, jakinarazpena plazaratu zuen. Hori da ETAren agiri historikoari buruzko azken fasearen laburpena, BERRIAk berrosatu duena iturri fidagarriekin egonda.

Bukaera hori iristeko izan ziren faktore batzuk —polizia operazioak, babes sozialaren apaltzea, terrorismoaren aurkako paradigma berria nazioartean...—, baina ezker abertzalearen estrategia aldaketa erabakigarria izan zen. Barne eztabaidaren ondoren, ezker abertzaleak 2010eko otsailaren erdian plazaratu zuen Zutik Euskal Herria adierazpena. ETAren zuzendaritzak handik bi astera eraso ekintza armatuak etetea erabaki zuen [Isiltzen hasteko, isilpean aurrenik, BERRIA, 2020-2-9], eta irailean komunikatu jendaurrean, baina nazioarteko bitartekariek eta Espainiako Gobernuak ez zuten askitzat jo neurria. 2011ko urtarrilaren 8koa da hurrengo funtsezko data: ETAk su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria eman zuen. Hori izan zen 2011ko guztiaren abiapuntua.

Hamar hilabete lehenago Bruselako Adierazpenak eskatu ziona gainditu nahi zuen ETAk agiri harekin: orokorra terminoa ere sartu zuen, bere borondatearen erakusle izateko eta prozesuan urrunago joateko xedez. Emaitza bat berehala: iraultza zergaren bukaera.

2011ko martxoan egin zuten ETAren zuzendaritzak eta Henri Dunanteko (HD) solaskideak aurrez aurreko lehen bilera. 2007ko hausturatik zeharkako harremana izan zuten ETAk eta nazioarteko eragileek, eta zuzeneko bilkura hura egitea beste pauso bat zen. Bileran, ETAtik bi lagun izan ziren; HDtik bat. 2011ko hurrengo bilkuretan ere, halaxe. ETAren bi ordezkarietako bat beti bera izan zen; HDko bakarra, beti bera. Frantziaren lurraldean batzartu ziren —HDk Genevan (Suitza) du egoitza—. Klandestinitateko segurtasun neurri gisa, ETAk jartzen zuen lehen hitzordua, nazioarteko eragilea hartzen zuen autoan, eta bilera tokira eramaten. Espainiako Gobernuak jakin zuen HD zentroak bazuela ETArekin harremana aterabide posibleez hitz egiteko, baina Frantziako Poliziak ere segitzen zuen etakideak atxilotzen.

Elkarrekiko lehen inpresio bat hartzeko balio izan zuen 2011ko martxoko bilkurak. ETAren arabera, HDko mintzakidea berekiko aurreiritzi batzuekin agertu zen, Espainiako giro mediatiko-politikoak baldintzatuta bezala: uste omen zuen ETAk ez zuela prozesua modu serioan planteatuko. Gero, Norvegiako mahaiaren bueltan, horixe aitortu omen zieten ETAren ordezkariei. Segituan hasi ziren ibilbidea diseinatzen. ETAk Henri Dunanteko ordezkariari adierazi zion prest zegoela bide bat egiteko eta jakin nahi zuela ea Madril ere hala zegoen. Udaberrian izan zuten erantzuna: Madril ere prest zen. HD zentroak 2007ko prozesuko hausturatik harremana zeukan Alfredo Perez Rubalcaba (PSOE) Espainiako Barne ministroaren taldearekin ere.

Bigarren bileratik, zehaztuz

Uda hasiera aldera egin zuten ETAk eta Henri Dunanteko solaskideak zuzeneko bigarren bilera, eta Suitzako zentroaren aldetik sortu zen ETArekin eta Espainiako Gobernuarekin bide orri bat osatzeko proposamena. Hartarako, bakoitzarekin aparte egongo zen eta haien ekarpenak jasoko zituen. Madrilek, 2005-2007ko elkarrizketa prozesuan ez bezala, ez zuen ETArekin aurrez aurreko harremanik izaterik nahi. Bide orriaren asmoarekin, prozesuak beste forma bat hartuko zuen, zehatzagoa. Mahai gainera ateratzen hasi ziren ETAren jardun armatuaren bukaera, euskal presoen auzia, ezker abertzale ofizialaren ilegalizazioaren amaiera, Aieteko Konferentzia egitea, ETAren ordezkaritza Europako estatu batean kokatzea eta Espainiaren desmilitarizazioa.

Bazituzten desadostasunak ere. ETAk nahi zuen bere erabaki historikoaren aurretik Madrilek euskal presoekin zenbait neurri hartzea, egoera gogor batzuei amaiera emateaz gain —700en bat euskal preso zeuden orduan—, prozesuak giro eraikitzaile bat hartzeko. Gobernuak ez zuen deus egin, Rubalcabak pentsatzen zuelako ETAk jardun armatua amaitu ostean beharko luketela urratsek, baina prozesuak aurrera segitu zuen.

Henri Dunant zentroak ETArekin zituen harremanetan Aieteko Adierazpenak jaso beharko lukeenaz ere hitz egiten zen. Madril jakitun zen, eta gero utzi zuen konferentzia termino haietan egiten. Adierazpenak gatazkaren izaera integrala jaso zezala nahi zuen ETAk: hots, gatazka politikoaren aipamena ere jasotzea. Halaber, Frantziako Gobernuari ere dei egitea gatazkaren ondorioez mintzatzeko. Biak jaso ziren. Diseinu hartan, adierazpeneko lehen puntuan ETAri jardun armatua betiko bukatzeko eskatzeak ez zuen kezkatzen erakunde armatua, bigarren puntuan dei egingo zitzaielako bi gobernuei gatazkaren ondorioen konponbideaz mintzatzeko, eta, Aieteko Adierazpenak jaso ez arren, Norvegiako mahaia lotzeko bidean zirelako. ETAk Aieteko lehen puntua ez zuen berekiko interpelazio moduan hartu, baizik eta gatazka historiko bat bukatu eta haren ondorioei aterabide ordenatua emateko aukera gisa.

Hasiera batean irailaren 15ean ziren Donostiako konferentzia egitekoak. Baina etorriko ziren nazioarteko eragileak erabat lotu behar zirenez —Batasunaren esanetan, Rubalcabak betoa jarri zion Tony Blair etortzeari— eta ondorengo bide orriko kontu denak ere zehaztu eta onartu jo behar zituztenez aldeek, data atzeratuz joan zen. ETAri aipatzen zioten zein ziren etortzekoak nazioartetik, eta erakundeak aitortzen zuen oihartzun eta eraginkortasun handiko eragileak zirela. Berak ez zuen izenik proposatu. Nazioarteko bitartekariek eta ETAk konferentzia ahal zen azkarrena egitea nahi zuten, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak uztailaren 28an azaroaren 20rako iragarri baitzituen Gorteetarako hauteskundeak. Zapaterok esan izan du gobernu berriak krisi ekonomikoari aurre ahalik eta lasterrena egiteko aitzinatu zituela bozak. Segurutzat jotzen zen Moncloan PP jarriko zela. Nazioarteko eragileek eta ETAk prozesua bozak baino lehen abiatu eta PPren gobernua baldintzatu nahi zuten.

Agiria egiteko unea

ETAk abuztu bukaera aldera eman zion oniritzia HDrekin —eta hark Madrilekin— landutako bide orriari. Ezker abertzalearen 2009-2010eko eztabaida garaitik fronte politikoaren aldean atzerapenarekin zebilen ETA, eta bide orria ez zuen bere kidego osoarekin partekatu; horrek sorrarazten zion bertigorik —2012-2013an egin zuen bere prozesua; zatiketarik gabe bukatu zuen, eta balio handia eman zion horri—. Zuzendaritzak, baina, zuzendaritza zabalarekin kontrastatu zituen Aietekoa eta Norvegiakoa. Onarpena. Artean ez zegoen prozesuko den-dena zehaztuta, baina mamia eta norabidea, bai.

Jardun armatuaren bukaeraren agiria egiteko garaia heldu zitzaion ETAri. Prozesuko aldeek garbi zituzten terminoak, garbi ondorengo urratsak. Nazioartekoek hala esanda, erakunde armatuko zuzendaritzak bazekien agiriak laburra eta zehatza izan behar zuela; zalantzarik ez uzteko, aski sendoa: bere jardun armatuaren behin betiko bukaera jaso behar zuen komunikatuan. Eta Madrili eta Parisi dei egingo zien gatazkaren ondorioez aritzeko. Zapateroren esanetan, abuztu alderako bazekien agiria argia eta irmoa izango zela. Eta idatzi zuen agiria ETAk. Haren zuzendaritza zabalak orduan ere balekoa, irail bukaera aldera. HDko solaskidearekin beste kontaktu zuzen bat izan zuen erakunde armatuak. Urri hasieran bazuen ETAk behin betiko agiria.

Aieteko Konferentziaren data (urriak 17) irail bukaeran finkatu zuten nazioarteko bitartekariek [Aietera iristeko bide luzea, BERRIA 2021-10-10], eta topaketa egin arteko asteak oso biziak izan ziren, azkeneko detaileak lotzeko: konferentziakoak bertakoak, bide orrikoak…

Aietekoa egiterako ETAren ordezkaritzako bi kide nazioarteko komunitatearen anparoan ziren, geroago Norvegiara joateko: David Pla eta Iratxe Sorzabal. Josu Urrutikoetxea ere izan zen ordezkaritzan, ezker abertzaleak eta nazioarteko komunitateak eskatuta, baina beste bide batetik abiatu zen Norvegiara, hura ere babespean.

Bideoa, urri erdirako prest

Pla eta Sorzabal nazioartearen anparoan geratu aurretik grabatu zuen ETAk agiriaren berri zekarren bideoa: urriaren bigarren aste hasieran, Frantziako lurraldean. Euskaraz eta gazteleraz irakurri zuten. Plak joan zen astean TV3n eta Naiz-en jakinarazi zuen berak leitu zuela gaztelerazko bertsioa.

Sorzabal eta biak nazioarteko eragileen esku geratzean ikusi zuen Henri Dunanteko solaskideak ETAren agiri historikoa, eta jakin zuen noiz argitaratuko zen: urriaren 20an, Aieteko Konferentziatik hiru egunera. Aurrez, nazioarteko eragileek ETAri helarazia zioten Aietekotik astebete baino lehen ateratzeko agiria. HDkoaren bidez izan zuten terminoen berri Aieteko Adierazpena sinatuko zuten eragileek —ez denek, agian—. Nazioarteko eragileek PSOEren gobernuarekin ere bazutenez harremana, Zapaterok-eta bazituzten xehetasun nagusiak. Hala, Rubalcabak François Hollande Frantziako PSren presidentegaiari urriaren 19an Madrilgo bilera batean iragarri zion bazitekeela hurrengo egunean ateratzea ETAk agiria. Ezker abertzaleak ere bazeukan informazio ona.

ETAk lehendik bazuen Aieteko Adierazpenaren nondik norakoen berri, baina ikusi nahi zuen zer ematen zuen konferentziak, eragile asko zelako biltzekoa. Kaxoian zeuzkan agiria eta bideoa, argitaratzeko pronto. Gune seguru batean zirela jarraitu zuten ETAren ordezkariek konferentzia, eta gustura geratu ziren eman zuenarekin, aurreikusi bezala igaro zela iritzita. Ondorioz, jardun armatuaren behin betiko bukaeraren agiri historikoa ezagutarazteko pausoak emateko ordua heldu zitzaion ETAri. BERRIA izan zen aurrena zabaldu zuenetakoa: urriaren 20ko 19:00etan eman zuen albistea —hori zen baldintza—, webgunean.

Espainiako Gobernuarentzat, «demokraziaren arrazoia» atera zen garaile. ETArentzat, «Euskal Herrian aro politiko berri bat zabaltzen» ari zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.