Xabier Makazaga.

Estatu arrazoia nagusi

2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Benetan pozgarria izan zen Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hartu zuen erabakia Xabier Atristainen kasuan. Askatu egin behar izan dute Atristain, eta jende gehienak atera duen ondorioa izan da Estrasburgoko auzitegia erabat berme-emailea dela tortura kasuei dagokienez. Oso bestelakoa da, ordea, errealitate gordina. Estatu arrazoia defendatzen baitu, batez ere, auzitegi horrek.

Egia da Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak dozena bat aldiz kondenatu duela espainiar estatua, epaileek ez dutelako tortura salaketen ikerketa sakon eta eraginkorrik egin. Biziki poztu izan gaitu horrek, baina oso kontuan hartu beharrekoa iruditzen zait kondena horien arrazoi bakarra: espainiar justizia ez dela saiatu ezta itxura egiten ere. Itxura egin izan balu, auzitegi horrek ez zukeen ezertxo ere esango.

Hori ondorioztatzen da Portu-Sarasola auzian eman zuen epaia tentuz irakurriz, ezin argiago baitago zergatik kondenatu zuen espainiar estatua. Kondenaren arrazoia izan zen hamaika froga ukaezin zeudela gertatu zitzaienari buruz biak atxilotu zituztenetik bi ordu geroago Intxaurrondoko kuartelera iritsi ziren arte. Bi ordu haietan, lekuko eta proba material ugari zegoen, eta bai Donostiako Auzitegiko epaileek, bai Estrasburgokoak frogatutzat eman zuten Portu eta Sarasolari orduan gertaturikoa. Alabaina, Intxaurrondora iritsi zirenetik aurrera, inkomunikatuak zeudela jasandako tortura latzak ez zituzten batere kontuan hartu.

Estrasburgoko auzitegiak horri buruz duen jurisprudentzia erabat argia da. Atxilotu bat Poliziaren zaintzapean zaurituz gero, estatuari dagokio zauriak justifikatzea. Lesiorik ez badago, ordea, torturatuarengan erortzen da frogaren zama guztia. Mattin Sarasolaren eta bereziki Igor Porturen lesio larriak ezin izan zituzten behar bezala azaldu, eta horregatik zigortu zuen espainiar estatua. Halako zauri nabarmenik egon ez balitz, ez zen kondenarik izango.

Sarasolak azaldu zuenez, atxiloketaren lehenengo bi orduetan gertatu zitzaiona «ez zen ezer izan, handik aurrera egin zidatenarekin alderatuz», Guardia Zibileko espezialistek infernuraino jaitsarazi baitzuten inkomunikatua eduki zuten bost egun amaigabe haietan. Hala ere, Donostiako eta Estrasburgoko epaileek ez zioten sinesgarritasunik eman haren lekukotasun ikaragarriari.

Espainiako Auzitegi Gorenak egindakoa are okerragoa izan zen, erabaki baitzuen guardia zibilak primeran portatu zirela Portu eta Sarasolarekin. Baita bi lehen ordu haietan ere, Intxaurrondora iritsi aurretik. Proba material guztiei eta lekukoek ziotenari muzin eginez, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen atxilotzeko unean jaso zituztela biek zauriak, indarkeriaz atxiloketa eragozten saiatu zirelako.

Horregatik, torturaren milaka biktimek lasaitu ederra hartu zuten Estrasburgoko auzitegiak erabaki zuenean lehen bi ordu haietan gertatua ez zegoela ukatzerik. Hori bai, Donostiako epaileek torturak ikusi zituzten lekuan Estrasburgokoak tratu anker eta iraingarriak baizik ez zituzten ikusi. Hortik atera kontuak zein den auzitegi horren jarrera tortura kasuei dagokienez.

Estrasburgoko auzitegiaren epaia pozgarria izan zen, baina epaiaren azterketa sakon batek argi eta garbi erakusten du, tortura kasuetan, auzitegi horren jurisprudentzia Estatu arrazoiaren aldekoa dela. Azken batean, ez baitu batere kontuan hartzen Deustuko Unibertsitateko Etika Katedradun izandako Xabier Etxeberriak esandakoa, tortura ez dela baztertu, «ezkutatu baizik», eta ezkutatze horrek eragin beldurgarria izan duela: «Batetik, torturatzailearen inpunitatea bermatzen du, eta, bestetik, izan daitekeen babes faltarik handienera kondenatzen du biktima, ez soilik torturatua izateko orduan, baita egin diotenarengatik justizia eta erreparazioa eskatzeko orduan ere».

Etxeberriak hain egoki salaturiko sekretismo horretaz baliatuz, Espainiako agintariek gezurtitzat jo dituzte tortura eta tratu ankerrak jasan izana salatu duten milaka herritar, frogaren zama guztia haiengan jarriz. Eta hala jokatu dute, ederki dakiten arren ia-ia beti guztiz ezinezko dela frogatzea benetan gertatua. Amnesty Internationalek egoki asko salatu bezala, inkomunikazioak atxilotuaren eskubide guztiak jaten dituen zulo beltz bat sortzen baitu. Gertaturikoa frogatzea ezinezko egiten duen zulo beltza.

Injustizia itzel horri aurre egiteko, proposamen egoki askoa luzatu zuen duela dozena bat urte Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari izandako Jon Mirena Landak. Torturatuei ezinezko frogak exijitu beharrean, frogaren zama tortura ukatzen dutenen gain jartzea proposatu baitzuen. Zoritxarrez, nik dakidanez behintzat, oraindik ez da ezertxo ere egin proposamen horrek aurrera egin dezan, eta Estrasburgoko auzitegiak ere ez du pauso bakar bat eman norabide horretan.

Gerra zikinaren biktimek kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik duten ala ez erabaki behar duenean, ordea, auzitegi horrek ez du frogarik behar izaten. Poliziaren atestatuak aski zaizkio biktima horiek kalte-ordainik merezi ez dutela erabakitzeko. Nahikoa zaio Poliziak esatea hildako senideak ETAko militanteak zirela, nahiz eta halakorik ez duen baieztatu inongo auzitegik.

Batetik, ezinezko frogak eskatzen dizkie torturaren biktimei; bestetik, espainiar estatuak aurkezturiko polizia atestatuei erabateko sinesgarritasuna ematen die. Bi pisu, bi neurri eta ondorio oso nabarmena: Estrasburgoko auzitegian ere Estatu arrazoia da, tamalez, nagusi.

Hori da errealitate gordina, eta uste dut hobe dela, auzitegi horrek har ditzakeen erabakiei dagokienez, gehiegizko esperantzarik ez izatea. Torturari dagokionez, behintzat, auzitegi horretan ereEstatu arrazoia baita nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.