Albistea entzun

Ekialderako bidaia garestia

Gas eta petrolioaren esportazioek inoiz baino diru sarrera handiagoak eman zizkioten iaz Errusiari, baina EBren zigorrak hasi dira iturri hori ixten. Errusiak erosle berriak aurkitu ditu bere erregaientzat, baina merke salduta.
BERND WUESTNECK / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko otsailak 5

Bere kontuei begiratu eta paparra harrotzen aritu da Errusiako Gobernua. Mendebaldeko zigorren ondoren askok iragarritako hondamendi ekonomikorik ez da iritsi; are gehiago, inoiz baino diru gehiago sartu zen Kremlinen kutxetan, Ukrainaren inbasioak berak petrolioa eta gasa garestitu zituelako, eta bi horiekin aurrekontu federalaren %40 osatzen duelako. Gainera, irribarre gaiztorako aukera ere ematen zuen paradoxa batek: diru horren zati handi bat Europako Batasunak emandakoa zen, bere hidrokarburoen bezero nagusiak garesti ordainduta.

Ikusi gehiago: Gaurtik aurrera, EBk debekatua du Errusiatik gasolioa inportatzea

Baina azken asteetan giroa goibeltzen hasi da Mosku aldean. Gasaren eta petrolioaren prezioa duela urtebetekoaren azpitik dago, eta, ondorioz, gutxitzen ari dira Errusiaren diru sarrerak ere. Beste faktore garrantzitsu bat ere badago: abenduan, G7ko herrialdeek, EBk eta Erresuma Batuak bi neurri garrantzitsu hartu zituzten. Batetik, portuak itxi zizkieten Errusiako petroliontziei; bestetik, itsasontzi horiek beste herrialdeetara garraiatzen duten petrolioari gehienezko prezio bat jarri zioten; gehienez 60 dolar ordain ditzakete EBren ontziak eta haren aseguruak eta finantza zerbitzuak baliatu nahi dituzten inportatzaileek.

«Neurri ergel bat», esan zuen Vladimir Putinenek, baina zenbakiek doi-doi kontrakoa esaten dute. EBn saltzerik ez duen petrolio gordinarentzat bezeroak aurkitu ditu Errusiak, baina ez zaio doan atera. Brent upela 80-85 dolarrean salerosi da urtarrilean; Errusiako erreferentziazko upela, Ural izenekoa, 49,5 dolarrean, Errusiako Finantza Ministerioak aitortu duenez. Inbasioa hasi zen astean, pare bat dolarreko aldea baizik ez zegoen. Bete egin da, beraz, planaren helburua: Errusiak bere petrolioa saltzea —eskasia egon ez dadin—, baina Moskuk etekin txikiagoa ateratzea.

Erosleak, Asian

Ural merkearen arrazoi nagusia garraioan datza. Errusiak bere Baltikoko portuetan kargatzen ditu petroliontzi gehien, horietara doazelako bere petroliobide nagusiak. Handik Europa mendebaldeko portuetara distantzia nahiko laburra dago eta, hortaz, garraio gastuak ere txikiak dira. Baina Errusiako petrolioaren erosle berri gehienak Ekialdean daude —abenduan, Indiak 1,2 milioi upel inportatu zituen egunean, iaz halako 33—. Petrolioa hara eramateak kostu handiagoa du; ondorioz, erosleei soilik konpentsatzen die gertuko ekoizleen prezioen oso azpitik badaude.

Horrek esplikatzen du Errusiak prezio hobea lortzea Siberia ekialdeko petroliotik. Azken horren zatirik handiena shadow fleet edo ezkutuko ontziekin esportatzen du, hau da, banderarik gabeko ontzi zaharretan. Seiehunen bat eskuratu ditu, aurretik AEBen zigorrak jasan dituzten herrialdeetatik desbideratutakoak (Venezuela eta Iran).

Egon dira, ordea, EBko banderadunak ere. Abenduaren 5etik urtarrilaren 5era arte, erregai fosilak garraiatzen zuten 689 itsasontzik utzi zituzten Errusiako portuak, eta horietatik 250 ziren EBkoak —161, Greziakoak—.

Mendebaldeko aseguru etxeak ere aritu dira Indiara, Txinara eta Turkiara joandako petroliontziak bermatzen. Lautik bat izan dira, Financial Times-en arabera. Legezko operazioak izan dira, Ural upela 60 dolarretik behera egon denez, EBren zigor klausula ez delako aplikatu behar izan.

Hasi da beherakada

Errusiak 155.000 milioi euroren diru sarrerak izan zituen iaz petrolioaren eta gasaren salmentari esker, kopururik handiena 2011z geroztik. Dagoeneko hasi da jaisten. CREA Energia eta Aire garbiaren Ikerketarako Zentroak kalkulatu du abenduan, bahimenduaren lehen hilabetean, %17 gutxitu zirela azaroarekin alderatuta —egunean 160 milioi euro gutxiago—. Martxoan, egunean 1.000 milioi euro egiten ari zen; abenduan, 640 milioi, baina otsail hasierarako 500 milioi izango direla kalkulatu du CREAk. Moskuk berak kalkulatu du aurten %23 gutxiago bilduko duela hidrokarburoetatik; petrolio ekoizpena %7-8 gutxituko da, baldin eta Urala batez beste 50 dolarrean salerosten bada; 35 dolarrean saltzen bada, %45 gutxituko da diru-sarrera, eta aurrekontua osatzea kostatu egingo zaio. Iaz, diru sarrerak %10 handitu arren, %2,3ko defizita pilatu zuen, gerra gastuengatik.

Nondik aterako du dirua defizita estaltzeko? Nazioarteko merkatuak itxita ditu, baina barne finantzaketarako tresnak baditu. Besteak beste, koltxoi bat badu urte txarretarako: hidrokarburoen etekinek elikatutako funts bat osatu du, eta hortik ari da tiraka. Datu ofizialen arabera, urtarrilaren 1ean 137 milioi euro zituen, gerra hasieran baino 23 milioi gutxiago. Are gehiago arinduko da orain poltsa: ostiralean, Errusiak iragarri zuen 2.000 milioi euroren yuan dibisak salduko dituela, erregai fosilen salmenten jaitsiera estaltzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Haurrak tipulak jasotzeko lanetan, Weld Countyn, Coloradon. ©#BARRA_ABILDUA#CHILDLABORCLC / TWITTTER

LANGILE FALTAN, HAURRA LANABES

Maddi Iztueta Olano

Parkeetan topatu dute AEB Ameriketako Estatu Batuek langile faltaren irtenbidea; adingabeak lanean jarri nahi dituzte hainbat estatutan. Besteak beste, Iowan aurkeztutako lege proiektu batek baimenduko luke 14 urtetik gorako haurrek eraikuntzan lan egitea.
Haur migratzaileak Donnan (Texas), AEBetara iritsi berritan. ©DARIO LOPEZ-MILLS / EFE

Ametsen lurra amesgaizto bihurtu da

M.I.O.

Azken urtean 130.000 haur migratzaile iritsi dira beren kabuz AEB Ameriketako Estatu Batuetara. Horietatik bi heren lanean hasten dira iritsi eta berehala.
VWen lantegia, Nafarroako handiena, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Enpresen irabazia soldatapekoen errenta halako bi handitu da

Iker Aranburu

Nafarroan, %13,7 handitu zen iaz esplotazio soberakina, eta %6 langileei ordaindutakoa. Nafarroako BPGa %4,3 hazi zen iaz. Ostalaritzaren ekarpena nabarmendu du Nastatek

Auto baten ihes hodia ©JULIAN STRATENSCHULTE (Efe)

Erregai sintetikoak, debekutik kanpo

Jokin Sagarzazu

Bruselak eta Berlinek akordioa lortu dute errekuntza motorra erabiltzen duten autoen debekuaren inguruan. Alemaniak eskatu bezala, 2035. urtetik aurrera erregai sintetikoko autoak salbuetsita geratuko dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.