Albistea entzun

Gaurtik aurrera, EBk debekatua du Errusiatik gasolioa inportatzea

Erreserbak handitu ditu Europak, baina horiek amaitzean gora egin beharko luke prezioak
Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko otsailak 5

Europako Batasunak beste estualdi bat eman die gaur Errusiaren aurkako zigorrei. Gauerditik aurrera, batasuneko 27 herrialdeetako enpresek debekatuta daukate Errusiari petrolioaren produktu eratorriak erostea. Kolpe handia izan daiteke Errusiarentzat, EB izan baita bere gasolioaren, eta hegazkinetarako eta berogailuetarako erregaiaren kontsumitzaile nagusia, baina bere kostua izango du EBrentzat ere, gasolioaren eskasiak prezioen gorakada ekar dezakeelako. Beste neurri bat ere hartu du EBk: gehienez ehun dolar ordaindu beharko dute gasolio upela batasuneko aseguru etxeak eta itsasontziak erabiltzen dituztenek.

Ikusi gehiago: Ekialderako bidaia garestia

ZER ONDORIO DITU DEBEKUAK EB-RENTZAT?

Gasolioa eta petrolioaren beste eratorriak beste nonbait erosi beharko ditu, eta ez zaio erraza eta merke aterako. Izan ere, Errusia izan da orain arte bere hornitzaile nagusia. 2022 hasieran, EBk Errusiatik lortzen zuen inportatzen zuen gasolioaren erdia, eta horrekin estaltzen zuen bere eskaera osoaren %10era. Zigorra gainera zetorrela ikusita, azken hilabeteetan inoiz baino gehiago inportatu dute EBko konpainiek. Horrek esan nahi du erreserba batzuk badituztela, eta horrek eragotz dezake hurrengo asteotan prezioa asko handitzea. Baina erreserbak agortutakoan, igoera espero dute adituek. Eurostaten arabera, 2006an jo zuen goia gasolioaren kontsumoak EBn, eta orduz gero jaitsi egin da —%6,3, 2006-2019 artean—. Baina oraindik haren egarri da: gasolioa erretzen dute EBko autoen %41ek, furgoneten %91k eta kamioien %96k. 2020an EBn kontsumitutako eratorrien bi heren gasolioa ziren.

NON EROSIKO DU EB-K?

AEBei gehiago erosten ari da azken urtean, baina hautagai onenak Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak eta Kuwait dira. Herrialde horietatik guztietatik gasolioa ekartzea garestiagoa da, oro har, Europatik urrutiago daudelako. EBri kostatuko zaio barne produkzioa handitzea, gainezka dituelako findegiak. Paradoxa bat ere gerta daiteke: Errusiak Indiari eta Txinari saldutako petrolio gordinak Europan amaitzea, gasolio eta fuel olio gisa.

ZER ONDORIO IZAN DITZAKE ERRUSIARENTZAT?

EBk ezarri dion petrolio gordinaren bahimenduak jada izan du eragina Errusiaren kontuetan, baina oraingoan arazoa are handiagoa izan daiteke. Izan ere, Asian Errusiaren petrolio gordina gehien inportatzen dutenek, Txinak eta Indiak, findegi handiak eraiki berri dituzte, eta espresuki prestatuta daude gasolioa egiteko. Horrek esan nahi du interes handiagoa izan dezaketela Errusiari petrolio gordina merke erosteko eta gero Mendebaldeari garestiago saltzeko. Txina izan daiteke giltzarria nazioarteko merkatua orekatzeko: egunean 400.000 eta 600.000 upel artean esporta ditzake, gutxi gorabehera EBk eta Erresuma Batuak Errusiatik inportatzeari utziko diotenak. Nekez helduko da diesel hori Europara, baina libre utziko lituzke beste leku batzuetako upelak.

Baina petrolio gordin gehiagoren esportazioak arazo logistiko bat aurki dezake: itsasontzi falta. Gasolioa eta beste produktu finduak garraiatzen dituzten ontziak txikiagoak izan ohi dira petrolio gordina daramatenen aldean. Errusiak itzalpeko ontzidi bat osatu du, baina ikusteko dago nahikoak izango ote diren.

ZER EGIN DEZAKE ERRUSIAK?

Nagusiki, hiru aukera geratzen zaizkio Errusiari: petrolio gordinarekin bezala, gasolioaren eta beste produktu finduen prezioa asko jaistea erosleentzat erakargarri izateko; produktu finduak esportatu beharrean, petrolio gordina esportatzea; eta ekoizpena jaistea. Azken horren beldur dira merkatuak. Ostiralean, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak ohartarazi zuen «nazioarteko merkatuak hankaz gora» jarriko dituela EBren debekuak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Haurrak tipulak jasotzeko lanetan, Weld Countyn, Coloradon. ©#BARRA_ABILDUA#CHILDLABORCLC / TWITTTER

LANGILE FALTAN, HAURRA LANABES

Maddi Iztueta Olano

Parkeetan topatu dute AEB Ameriketako Estatu Batuek langile faltaren irtenbidea; adingabeak lanean jarri nahi dituzte hainbat estatutan. Besteak beste, Iowan aurkeztutako lege proiektu batek baimenduko luke 14 urtetik gorako haurrek eraikuntzan lan egitea.
Haur migratzaileak Donnan (Texas), AEBetara iritsi berritan. ©DARIO LOPEZ-MILLS / EFE

Ametsen lurra amesgaizto bihurtu da

M.I.O.

Azken urtean 130.000 haur migratzaile iritsi dira beren kabuz AEB Ameriketako Estatu Batuetara. Horietatik bi heren lanean hasten dira iritsi eta berehala.
VWen lantegia, Nafarroako handiena, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Enpresen irabazia soldatapekoen errenta halako bi handitu da

Iker Aranburu

Nafarroan, %13,7 handitu zen iaz esplotazio soberakina, eta %6 langileei ordaindutakoa. Nafarroako BPGa %4,3 hazi zen iaz. Ostalaritzaren ekarpena nabarmendu du Nastatek

Auto baten ihes hodia ©JULIAN STRATENSCHULTE (Efe)

Erregai sintetikoak, debekutik kanpo

Jokin Sagarzazu

Bruselak eta Berlinek akordioa lortu dute errekuntza motorra erabiltzen duten autoen debekuaren inguruan. Alemaniak eskatu bezala, 2035. urtetik aurrera erregai sintetikoko autoak salbuetsita geratuko dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...