'Zutik Euskal Herria' ebazpenaren 10. urteurrena. Mahai ingurua

Egindakoa baloratuz, egiteko dagoena ere bai

Iosu Lizarraldek, Ion Ansak eta Ainhoa Etxaidek diote ezker abertzaleari hasieran alor batzuetan kostatu egin zitzaiola estrategia berria garatzea. Eraldaketa sozialerako neurriak nabarmendu dituzte, eta estatugintzan nazio ikuspegia zaintzeko ohartarazi.

Solasaldia. Iosu Lizarralde, Ion Ansa eta Ainhoa Etxaide, urtarrilaren 28an, Elgoibarren, BERRIAren mahai inguruan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
enekoitz esnaola
Elgoibar
2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak bere estrategiaz duela hamar urte egindako eztabaidan parte hartu zuten Ainhoa Etxaidek, Iosu Lizarraldek eta Ion Ansak, eta, ondoren, Zutik Euskal Herria ebazpenak ezarritako bidearen garapen lanean segitu zuten, barrutik, bakoitzak bere erara. Gaur egun ez daude ardura karguetan. Hirurak Elgoibarren (Gipuzkoa) elkartu ditu BERRIAk, estrategia berriak emandakoaren argazki bat osatzeko, eta, halaber, aurrera begiratzeko.

EZTABAIDA ETA ALDAKETA

ION ANSA: Gu oso gaztetan hasi ginen militatzen, gatazka gogor baten barruan. Zatiketa sozial handia zegoen; Errenterian [Gipuzkoa] nabarmena zen hori. Gure belaunaldiari, nolabait, heldua izatea egokitu zitzaion, beti hartu behar zelako konpromisoren bat. Beraz, modu normal eta natural batean bizi izan nuen 2009-2010eko barne eztabaida, ez nuelako ikusi ezer inkoherentea ezker abertzaleak beti egindakoarekiko. Bere genesietatik inoiz ez du izan bazterreko mugimendu bat izateko bokazioa, eta beti nahi izan du eragile garrantzitsu bat izan. Gatazka oso gogorra zenean ere bilatu zituen akordio zabalak eta aliantzak.

IOSU LIZARRALDE: Lan arrazoiengatik Hendaiara [Lapurdi] joan nintzen bizitzera 2006an, eta 2008an bueltatu nintzen herrira, Oñatira [Gipuzkoa]. Blokeo egoera bat zegoen, aukera berriak zabaltzeko muga batzuk: legez kanporatzea, polizia operazioak... Espainiako Gobernuak oso zokoratuta eta blokeatuta zeukan gure bide politikoa. Nahi eta ezin batean genbiltzan. Ezker abertzaleko barne-eztabaida prozesua gertutik segitzea tokatu zitzaidan, Oñatiko Batasuneko arduradun nintzelako orduan. Jende askorekin egon ginen; 140en bat lagunekin banan-banan, eta talde txikietan ere bai. Konfiantza giro bat berreskuratu nahi zen.

AINHOA ETXAIDE: Barne eztabaida baten emaitza baino gehiago, prozesu oso batena izan zen estrategia aldaketa. Izan ere, prozesuan beste leku bat eduki zuten halako urratserako behar ziren adostasunetarako eztabaidek, nazioarteko gestioek beste bat… Prozesu konplexua izan zen. Loiolako [Azpeitia, Gipuzkoa] negoziazio prozesuaren ostean, ezker abertzalean indar handia hartu zuen estrategia berri baten eta aldaketaren premiak, ordukoa agortuta ikusten baitzen. Batzuentzat luzatzen ari zen kontua, beste batzuentzat ez zeuden baldintzak. Azkenean, egoerak hala eskatuta, eztabaida azkartu egin zen, 2009an. LABen jauzia azaltzea eta kudeatzea egokitu zitzaidan niri. Aldaketa nola egin, hori zen beste kontu bat. Eztabaida oso zentratuta zegoen aldaketan, eta ez hainbeste estrategia berrian: aukera berrietan, oztopoak gainditzeko moduetan…

LIZARRALDE: Aldebakartasunarena zen aldaketarik handiena, baina hasieran ez genuen behar bezala geureganatu horrek esan nahi zuena. Agian, aldaketara nekatuta heldu ginelako.

ETXAIDE: Ezker abertzalean gutxi hitz egin da borrokak eta gatazkak ekarri digun sufrimenduaz. Zauriak ekartzen ditu sufrimenduak, eta zaila da horren gainean estrategia aldaketa bat garatzea.

LIZARRALDE: Garai hartan ez genuen hausnarketa bat egin sufritutakoaz. Estrategia aldaketa egin zenean, jende batek lasaitua hartu zuen, urteetako presio bat kendu zuen gainetik, eta ez zen bide berrian sartu; ez bidearekin ados ez zegoelako, besteagatik baizik.

ETXAIDE: Kanpo faktoreek ere eragin zuten, kontuan hartu behar baita krisi ekonomiko bat sortu zela garai haietan, aurreikusi gabea genuena geuk ere, eta, egoera horretan, guri eskema osoa mugitu egin zitzaigun.

ANSA: Aldaketari begira, mugimendu baten identitatea definitzean hiru maila daude. Maila bat da politika zehatzak edo aliantzak aldatzea; beste maila batean tresna politikoak daude, zer erakunde mota dituzun; eta hirugarren maila sakoneko sinismenak eta balioak dira. Estatuak ez zuen lortu ezker abertzalearen mailak nahastea. Ezker abertzalearen sinismen sakonetan badago eztabaida politiko zentralean eragiteko bokazio bat, eta gero garaian-garaian aldatuko edo egokituko ditu tresnak.

LIZARRALDE: Minimo demokratikoak —legeztatzea, presoak...—, marko demokratikoa —eskubide guztiak; lehenik, euskal eragileen akordioa, eta, gero, estatuen aitortza eta errespetua—, eta prozesu independentista; prozesu demokratikoaren geltokiak horrela izan behar zirela ikusi zuen ezker abertzaleak. Aldebakartasuna zen bide berriaren balioa, baina, prozesuari ekiteko, beste batzuen esku geunden, eta minimoena ez zen abiatu, Madrilek blokeatu egin zuelako; bazekien zein zen tekla estrategia ez abiatzeko. 2016an aldatu genuen eskema, Abian gogoetarekin, erabakita minimo demokratikoak konpondu gabe abiatu genezakeela prozesu independentista

KULTURA POLITIKOA ETA INDAR METAKETA

LIZARRALDE: Estrategiaren hirukia da: zer, nola —kudeaketa egitura— eta antolaketa egitura —lanaren banaketa eta koordinazio mekanismoak—. Estrategia aldaketa batek hiru erpin horiek aldatzea eskatzen du. Kontua ez da bakarrik zer aldatzea; kasu honetan, Zutik Euskal Herria adierazpena onartu eta plazaratzea. Beste bi erpinak lehengoak izanda, adierazpena berria izateak ez zuen bermatzen guztiaren aldaketa. Edozein erakundetan, antolaketak estrategiari jarraitu behar dio, ez alderantziz. Aldaketarik ez baldin baduzu egiten kultura organizatiboan, zaila da estrategia berri bat guztiz eramatea aurrera, eta hori hasieratik ikusi zen ezker abertzalean.

ETXAIDE: Azkenean, jendeak galdetzen zigun ea zer aldatu zen barne prozeduran eta kudeaketan. Dena dela, aitortu behar da zuzendaritza politikoarentzat oso gai konplexua zela estrategia berriarena, eta, gainera, estatuak kolpe errepresiboak egiten jarraitzen zuela.

ANSA: Hala ere, aldaketaren tamaina ikusita, emaitza ona izan da. Hori gidatu dutenek ondo egin dituzte gauzak. Ni 2011tik aurrera Bildun egon nintzen. Teoria bazegoen, baina gauzatzea zen zaila. Ez zen soilik etxe barruko aldaketa gauzatzea; aldatu egin zen gizartearekin harremantzeko modua. Adibidez, borroka armatua desagertzean, aukera berriak sortu zitzaizkion ezker abertzaleari, eta erresistentziatik kudeaketara pasatu zen. Aldaketa hori ez da bi egunetan egiten, eta sormen fase bat izan zen, bere asmatzeekin eta akatsekin.

LIZARRALDE: Bazeuden baldintzak zenbait eragilek bat egiteko. Bat zetozen markoa agortuta zegoela, baina bat egiteko ezinbestekoa zen ezker abertzaleak aurreko fasea ixtea. Itxi zuen, eta alderdien arteko indar metaketa bat lortu zen, progresiboa. Baina kontua zen indar horiek aktibatu egin behar zirela konfrontazio demokratikorako. Metaketa eta aktibazioa egon ziren alor elektoral-instituzionalean, baina aktibazio mota hori ez da jarraitua: noizean behingoa da. Gainera, alderdien koalizioaren ostean ez zen eratu bloke subiranista bat. Geroago garatu ziren horrelako ideiak.

ANSA: Estrategia aldaketak aukera berriak ireki zituen komunitate nazionala eraikitzeko. Indarrak batzea eskatzen du horrek, eta kontakizun nazionalak berritzea. Horren ondorio dira harreman indarrak eta emaitza elektoralak. Ezker abertzaleak bide bat hasi zuen duela hamar urte, baina batzuetan onak gara porrotak interpretatzen, eta garaipenen motiboak ez ditugu behar bezala ikusten. Galdera egokiak izan daitezke ea ezker abertzaleak sortu dituen baldintza egokiagoak; ea posizionamendua hobetu duen garai berrietarako; ea, hauteskunde emaitzetatik aparte, gehiago garen...

ETXAIDE: Oso garrantzitsua da prozesu politikoa eta soziala uztartzea. Estrategia aldaketa egin zenean, ezkerreko subiranismoaren indar politikoa Bilduk ordezkatu zuen. Indar sozial-sindikal bat ere bazegoen —greba asko egin ziren—, baina ez zen lortu agenda politikoa eta soziala ezkontzea edo agenda komun bat osatzea. Horretarako, giltzarri izan zen koalizio elektoral bat izatea estrategia berriaren lehen emaitza. Zergatik? Hori ardatz bihurtuta, logika horretatik egiten dituzulako planteamenduak. Beraz, bi prozesu desberdin zeuden: alor sozio-sindikalean bata, arlo politiko-instituzionalean bestea. Gogoan dut esaten zela ezkerreko mugimenduaz eztabaidatu behar zela eta erantzun batzuk zirela marko demokratikoaz hitz egin behar zela, eta fasekako diseinu hura egon zen. Noiztik dira, ordea, biak kontrajarriak?

LIZARRALDE: Agenda komuna aipatu dela eta, instituzioetan erabaki bat hartzean jakin behar da nola jasoko den hori gizartean. Ezinbestekoa da elkargune bat osatzea eragile politikoen, instituzionalen eta sozialen artean. Bereizi egin behar dira hegemonia instituzionala, politikoa eta soziala, eta, konpasatzea lortzeko, lanketa bat behar da. Ez da gauza bera hauteskundeak irabaztea —gobernua eratzeko gehiengo elektorala lortzea—, lehia politikoan irabaztea —programa praktikan jartzeko ahalmena eta bitartekoak izatea— eta lehia sozialean irabaztea —gobernu ekintza bideratu, kontrolatu eta sustatuko duen eta politika sozializatuko duen gehiengo sozialaren mobilizazioa izatea—.

ANSA: EAJren aldagaia ere egon zen: Bilduk 2011n lehia erreal bat planteatzean, jarrera bat hartu zuen.

ETXAIDE: Bilduk Gipuzkoako aldundia-eta hartzean bukatu ziren abertzaleen arteko akordio aukerak, EAJk balaztari eman ziolako bere hegemonia arriskuan ikustean. Baina, horrez gain, lehen esandakoa: ez zegoen agenda komun bat ezkerreko eragileen artean.

ANSA: Idealena litzateke akordio nazional bat egotea. Baina ez zegoen orduan, ez dago orain, eta, beraz, zergatik ez planteatu EAJrekin lehia bat, ez konfrontazioa bakarrik? Hau da, jarri bi proiektuak mahai gainean. Biek onartzen dute, teorian, Euskal Herriarentzat esparru demokratiko bat, baina gure herriarentzat gero ona da bien arteko lehia bat egotea.

LIZARRALDE: 2011ko hauteskunde haiek baino lehenagokoa da Gernikako Akordioa [2010-9-25], eta han ere ez zen sartu EAJ...

ETXAIDE: Garai hartan hasia zen gorpuzten Kataluniako prozesua, eta estatuak ez zituen nahi bi fronte: bat Katalunian eta beste bat Euskal Herrian. EAJk ere ez zuen nahi Kataluniakoaren antzekorik hemen. Esaten da independentzia EAJ gabe zaila izango dela, baina EAJrekin ezinezkoa. Ezker abertzaleak egin nahi duena egiteko badira oztopo jakinak, baina horiek gainditzeko aukera berriak landu behar dira; horretan datza estrategia berriaren arrakasta.

LIZARRALDE: Aldaketa bat egin genuen duela lau urte. Abian gogoetako ebazpenaren ondorioz, fasekako eskemaren hiru urrats —minimoak, markoa eta prozesu independentista— elkarren artean deslotu egin zituen ezker abertzaleak, prozesu independentistan kokatuz gatazkaren ondorioen agenda. Baina Abian-eko aldaketa ez zen izan hori bakarrik. Estrategiari orokortasun bat eman zitzaion, eta, adibidez, alderdien koalizio bat izateari utzi eta mugimendu izateko pausoa eman zuen EH Bilduk, eta alderdietan ez dauden herritarrei bidea eman zien parte hartzeko.

ANSA: EH Bildu tresna moduan ez dut bukatuta ikusten, eta gehiago zabaldu beharko luke. Toki batzuetan ari da bere potentzialitatea garatzen: Nafarroan, Errenterian, Gasteizen, Azpeitian... Bestetik, ardatz diren erabaki politikoetan eragile nabarmen bat izatera ere jo behar du, eta Nafarroan horretan ere ari da rol bat jokatzen.

LANKETA IDEOLOGIKOA

ANSA: EH Bilduren barruan desberdintasun ideologikoak daude, baina hori ona da, eta, azken batean, haren praxiari begiratu behar zaio, egiten duenari. Instituzioetan eraldaketa planteamendu bat du EH Bilduk. Esaterako, erabakiguneen espazioa zabaldu du, herritarrei eta eragileei aukera emanez parte hartzeko. Eraldaketa sozialerako egitasmoak ere jarri ditu abian: zaintzan, ekonomia sozialean, feminismoan... Eta komunitate desberdinetako jendea elkarrekin aritzeko lan ere egin du. Nahiz eta urteotan instituzio batzuk galdu izan dituen —berriak irabazi ere bai—, haren politika batzuek segitu egin dute, edo gauzak orain ez dira EH Bildu iritsi aurrekoak bezalakoak. Taula politikoa aldatzen ari da EH Bildurekin, eragin handia du —Nafarroan ez ezik Espainiako Kongresuan ikusi berri den moduan—, eta eraldaketa soziala bultzatzen du horrela ere.

LIZARRALDE: Bistan da EH Bilduren bidez eraldaketa sozialerako pausoak eman direla: azpikontratatutako zerbitzu batzuen publifikazioa; Iruñeko jantoki jasangarriak; Gipuzkoako fiskalitate justua eta progresiboa; zaintzako neurriak; klausula sozialak lan publikoko kontratazioetan... Ionek esan bezala, arrastoa uzten dute, gainera. Dena dela, zenbait aldaketa ezin dira instituzioetatik kolpe batean egin.

ETXAIDE: Ezker abertzalean historikoki ikur nagusietakoa herrigintza izan da —plano instituzionalean, udalak—, eta, horren gainean, indartu eta gorpuztu egin da mugimendu ezkertiar eta subiranista. Kapitalismo gordin honek alternatiba oso eta ideologiko bat eskatzen du, baina eztabaida ideologikoa ezin da mugatu EH Bildura, ezin zaiolako eskatu bera izatea Euskal Herriko eragile erradikala. Horrek ez du esan nahi ezin duenik eduki proiektu erradikal bat. Eztabaida ideologikoak kalean egon behar du; egon badago, baina ez behar beste antolatuta.

LIZARRALDE: Legez kanporatzea eragozpen bat izan zen formazio ideologikorako ere, eta ezker abertzaleak gero heldu zion horri, Euskal Herriaren erronkei erantzuteko arma ideologikoak behar baitira. [Sorturen] Iratzar eta [LABen] Ipar Hegoa fundazioek lanketa garrantzitsua egiten dute. EH Bildu ez dago ondo gobernatzeko bakarrik: kaleak garbi izateko, bake soziala... Hori ere egin behar da, baina haren helburua da tokian-tokian eraldaketa soziala bultzatzea.

ANSA: Eraldaketa prozesuak konplexuak eta luzeak dira, eta ezker abertzaleak urteak daramatza lanean. Nabarmena da Euskal Herrian aurrerapen batzuk izan direla, baina horiek ez dira etorri autonomismotik edo instituzioak gehien kudeatu dituztenen aldetik. Aldaketa eta beste bide bat nahi duenak EH Bilduri begiratuko dio talde politikoen artean.

LIZARRALDE: Ezker abertzaleak baditu sinesgarritasuna eta fidagarritasuna oraindik ere. Edozein ekinbide antolatzeko edo laguntzeko orduan, hor dago ezker abertzaleko jendea. Historikoki aldarrikatu eta defenditu izan dituen balio batzuek babes handia daukate gaur egun, horietako zenbait gehiengo izateraino.

ETXAIDE: Herri honetan aldaketa egingo bada, balio horietan oinarrituko da. Badirudi hemen egonkortasuna, erosotasuna eta lasaitasuna saritzen direla. Balio horiek EAJk ordezkatzen ditu. Guk gure balio historikoei heldu behar diegu egoera ekonomiko eta sozial desegonkor eta deseroso hauetan ere, eta borroka da balio horietako bat. Indartu egin behar da; adibidez, orain bezala, greba eginda.

ANSA: EAJren alternatiba batek ere jaso behar ditu konfiantzaren, segurtasunaren eta egonkortasunaren balioak, aldaketarenaz gain. Europan euskal estatu bat sortu nahi baldin badugu, aldaketa prozesu bat gauzatu beharko dugu, baina estatu berri horrek bermeak eskaini beharko dizkio gizarteari.

ETXAIDE: Dena dela, eta lehenago aipatu bezala, lan ideologikoa ezin da mugatu talde politikoen eremura. Herri ekimen ugari dago: proiektu jakin batzuetan, lokaletan, auzoko taldeetan... Ezker abertzaleko jende asko dago hor, baina ez ezker abertzalearen antolakundeen ordezkari gisa, bere kabuz baizik. Badago, beraz, parte hartzeko kultura politiko bat; lanketa ideologikorako, egokia.

EUSKAL ERREPUBLIKA

ANSA: Euskal errepublika helburu, ezker abertzalean eta EH Bildun Euskal Herri konfederalaren ideia atera da azken urteetan. Errealitate administratibo bakoitzean estrategiak aurrera eramateko aukera zabaldu nahi du. Independentzia ezin da izan fetitxe bat , ez da lortzen leloak aldarrikatuta, egin egin behar da, eta konfederalismoak aukera bat ematen du estaturako bidea urratzeko.

LIZARRALDE: Autoafirmazioaren, autoeraketaren eta autodeterminazioaren urratsak aintzat hartuta, Ipar Euskal Herrian oraintxe arte ez da autoafirmaziorik izan, ez da egon onarpenik. Orain badago, eta badaude ekinbideak autoeraketarako, herria egiteko. Hego Euskal Herrian ez dago lau lurraldeak batzen dituen afirmaziorik, ez dago estatuaren onarpenik, baina hori martxan jartzea posible da, mekanismo juridikoak bai baitaude. Ez dira aktibatu, ordea. Hala ere, ezin gara geldirik egon eta afirmatuak ditugun errealitateetatik abiatu beharko dugu. Bi erkidego daude Hegoaldean, eta ezker abertzaleak erabaki du tokian-tokian lantzea autoeraketa prozesuak. Halako proiektuen bidez, herria egiten jarraitu daiteke, herri gisa beharrezkoak ditugun tresnak garatuta. Eta instituzioetatik kanpo ere egin daitezke autoeraketa proiektuak, nazio ikuspegia izanda. Beharrezkoak dira horiek, konfederazioaren estrategian zentratzeak osotasuna galtzearen arriskua izan baitezake.

ETXAIDE: Ontzat eman da euskal estatua izateko tokian-tokian estatua izatea eta gero, Euskal Herri konfederalerako, hirurak batzea. Ezker abertzalearen ibilbidean urrats berri eta handi bat izan da aldaketa hori. Zenbat eta baliabide politiko, juridiko eta instituzional gehiago eduki, eta autoeraketan zenbat eta pauso gehiago eman, orduan eta aukera gehiago edukiko ditugu independentziaren bidea jorratzeko. Herritarren borondatea beharko dugu. Baina nazio bat garelako lortuko dugu euskal errepublika. Estatugintza egiten ari gara, baina naziogintza ere landu behar da, ezinbestean.

LIZARRALDE: Estatugintza lantzeak ez du ekarri behar euskal nazioaren ikuspegiaren galera. Euskal estaturako abiapuntuak hiru direla onetsi dugu, baina horietako bide bakoitzak ikusmiran euskal nazioa izan behar du une oro, Euskal Herria, eta, ondorioz, naziogintzan sakondu behar da.

ETXAIDE: Azken hamarkada aztertuta, ikusten da alor instituzionalak ezker abertzalean sekula izan ez duen pisua duela, ardatza dela. Naziogintzak indarra galdu du. Hamar urtean zenbat egitura nazional sortu dira Euskal Herrian? Edo nazio ikurrak zenbat elikatu ditugu? Eztabaida baten ondoren esan zen independentismoak gehiengoa lortzeko gainditu egin behar dela abertzaletasuna. Galdetu beharko litzateke zenbaterainokoa izan zen eztabaida. Sekulako aldaketa politikoa eta ideologikoa ekarri du horrek ezker abertzalean. Beraz, zerbaitez erditzen ari gara, eta oraindik ez du forma bat hartu. Egin dezagun baldintza onetan bidea.

ANSA: Hiru erreiak garrantzitsuak dira, baldin eta aurrera egiteko aukerak badaude. Urteotan Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan aurrera egin da; zalantzak ditut EAEn egin den. Herri bat gabe alferrik da estatugintza, baina estatugintzak lagundu dezake nazioa egiten, estatu egiturak sortuta, eta lurraldeak eta herritarrak kohesionatzeko proiektuak garatuta —garraioan, ekonomian, hezkuntzan...—.

ELKARBIZITZA

LIZARRALDE: Gatazkaren muina herri gisa aitortzen ez zaigun nazio izaera eta erabakitzeko eskubidean dago; edo, hobeto esanda, herri ukatua izatea da gatazkaren arrazoia. Gaur egun, Euskal Herrian ez dago belaunaldirik bake agertokirik ezagutu duenik, eta, etorkizuneko belaunaldiek bake agertoki bat ezagutu dezaten nahi badugu, ezin da biolentziaren azterketa azken 60 urteetara mugatu, oraindik biolentzia espresio batzuk indarrean baitaude: sakabanaketa, euskaraz ikasteko ukazioa, hilabete bakarrean zortzi hildako eragin dituen lan-segurtasunik eza...

ANSA: Ezker abertzaleak etxeko lanak egin ditu elkarbizitzara begira, eta euskal gizarteak aitortu egin dio; tartean, ETAren gero eta biktima gehiago. Baina badaude hura eztabaida jakin batzuetara eraman nahi duten interes politikoak, barkamena, gaitzespena eta bestelako kontzeptu batzuk erabiliz. Ezker abertzaleak eztabaida politikoa planteatu behar du; azken batean, bake positiboa eraikitzeko.

ETXAIDE: Gatazka armatuaren zikloak utzitako mina atzean uzteak terapia politikoak eta sozialak behar ditu, baina lehia politikoa alboratuz egin behar da hori, sufrimendua xede politikoen arabera erabiltzeari utziz, eta ondorioak gainditzeko giltza bidea egin nahi ez dutenen eskuetan uzteke. Era berean, inboluzio demokratiko bat dago, eta elkarbizitza diskurtso hutsa da, baldin eta ez badugu justiziaz eta eskubideez hitz egiten, eta ez badugu demokraziaren gaurko egoera tamalgarriari buelta emateko bideez hitz egiten.

LIZARRALDE: Ez ditut biolentzia guztiak maila berean jarri edo parekatu nahi, baina ETAren biolentziak eragindako kaltearen onarpena ETAk, EPPK-k eta ezker abertzaleak bere osotasunean —Kursaaleko adierazpena— egin dute, eta gustatuko litzaidake estatuak eta gainontzeko klase politikoak noizbait onartzea eragindako kaltea. Bide horretan, ezker abertzalea prest dago elkarrizketarako esparru bat eraiki eta min guztiei buruz hitz egiteko.

ETXAIDE: Orain, presoak etxera ekartzea da garrantzitsuena. Akordioak bulegoetan egingo dira, baina, horiek behartzeko, mobilizazioa eta aktibazioa behar dira.

APUSTU BERRIAK

ETXAIDE: Euskal Herria independentziarako herri prozesuaz eztabaidatzen jartzea da erronka bat. Ezker abertzaleak prozesu politiko eta sozial subiranistaren eztabaidaren eragile izan behar du, baina eztabaida herrira eraman behar dugu. Estatus politiko berriak funtsezkoak dira, jakina, baina prozesu oso bateko urratsa bada izango da independentziaren bidea jorratzeko palanka erabakigarria.

ANSA: Ezker abertzalearen eta EH Bilduren misioa herri barneratzaile baten proiektua egitea da. Kontakizun nazionala berrituz joan beharko du, jatorriak jatorri sektore herrikoiak parte sentiarazteko. Ari da horretan, baina etorkizunera begira komeniko litzaioke lehentasun gisara hartzea.

ETXAIDE: Ezker abertzaleak bere egin ditu hamarkada honetan indartu diren aldarrikapenak —feministak, ekologistak, lan arlokoak...—, eta, orain, euskal errepublikaren proiektua hezurmamitu beharra du, baita ibilbidea ere.

LIZARRALDE: Nik hiru esparru aipatuko nituzke. Ikuspegi nazionaletik begiratuta, autonomiatik burujabetzarako bidea jorratzea izan behar da lehentasuna, eta horretan gaude murgilduta. Eusko Legebiltzarreko lantaldean argi geratu da igarobide hori egin nahi duen bakarra EH Bildu dela, eta aliantzak josi beharko genituzke bide hori gurekin partekatu nahi duten herritar eta eragile sozialekin. Ikuspegi sozialean, urtarrilaren 30eko grebaren deialdiak garbi erakutsi du borroka eta sektore ezberdinen konfluentzia bat gertatzen ari dela, eta EH Bildu da Euskal Herriko kaleetan arnasten diren balioak eta aldarrikatzen den eredu soziala instituzioetara eraman eta bertatik neurri zehatzak abiarazi ahalko dituen mugimendu politiko bakarra. Azkenik, ezin ahaztu preso, iheslari eta deportatu guztien etxeratzean egin beharreko lana, premiazkoa baita.

----

BERRIAren Harian-eko beste edukiak:

Paradigma berri bat helburu bererako

Altsasukoa, nahikoa

Isiltzen hasteko, isilpean aurrenik

Rufi Etxeberriaren balantzea hamar urteez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.