andoni egana
PLAZATIK

Ostiral Beltza

2014ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Neuk eskatu gabe ordenagailu pantailara iritsi zaidan hainbat eskaintzatako batek eman dit aitzakia gaurko artikulurako. Black Friday ageri zen haizea hartzera bidaliarren berriro azaltzen tematzen zen laukitxoan. Astia aski, ez erretxintxea erabakita, ostiral beltz hori zer den jakitera murgildu naiz, noiz eta aste honetan, black horrek zama bat baitu aspaldian ez adinakoa. Ez zen espero zitekeenik. Beherapenen egun soila da. Estatu Batuetan hain garrantzitua den Esker emateko eguna-ren ondoko ostiralez, batzuentzat burutu eta askorentzat ospatu ohi dena. Merkealdiak egun bakarrera bilduak. Saltokietan aurre samarrean sartu ahal izateko egiten diren korrika saio barregarri horien erpina.

Black Friday horren jatorrian dagoen Esker emate eguna, berriz, azaroko laugarren ostegunez ospatu izan da joan den berrehunen bat urtean. 1939an salbu. Presidente zegoen Rooseveltekhirugarren ostegunera aurreratzearen erabakia hartu zuen. Helburua begi bistakoa bezain aitortua zen: Gabonetako familia giro goxoa eta elkarri opariak erosteko izaten den eskuzabaltasun handiagoa aste bete gehiagoz luzatzea. Ez dakit ze arrazoirengatik —usadioak han ere indar izugarria duela pentsatzea ez da burugabekeria— baina ez zuen data aldaketa finkatzerik lortu. Niri, kontsumo arrazoiengatik aste bete luzatzearen ideia horrek gure herriko Euskal Astea ekarri dit gogora. Gerora, Euskal Astea ezagutu izan dugu gerra zibil osteko ilunaldian euskal giroa ahal zen neurrian berreskuratuz joateko tresna gisan, hirurogeiko hamarralditik aurrera euskal kulturaren adierazpen, aspaldiko urteotan parrandarako arrazoi… Baina ez nuke ahaztuko hasera hartan zer izan zen. Udaldia luzatzea bururatu zitzaion Mauricio Flores Kaperotxipi margolariari. Abuztuaren kondarrean etxera itzultzen zirenia bi hilabete hondartza ertzean ematen zituzten veraneante haiek. Eta Arantzazuko Ama Birjinaren eguna, irailaren 9a, aukeratu zuten euskal giroa suspertzeko eta kanpotarrei beste hamar egunean eusteko amu. 1924az ari gara. Roosevelti aurrea aisa hartu genion. Donostiako estropadak, Euskal Astea eta batik bat Zinemaldia, egutegian non kokatuak dauden begiratzea aski da ekonomiak itzala noraino zabaltzen duen frogatzeko.

Baina gauza bat da ekonomia eta oso bestelako zerbait egungo, azpeitiarrek esango luketeen lataputie. Iristen naiz eskaera eta eskaintzaren arteko oreka eta desorekari buruzkodaturik xinpleenak ulertzera. Ulertzen dut duela ehun urterarte zer behar zen huraxe produzitzen zela; gerora, marketingaren erreinuan sartu ginenetik, produzitu egiten dela eta ondoren produzitua eros dezagun desioa sortzen digutela. Ulertzen dut hainbesteraino. Egungo eskaintza uholde hau ordea ulergaitz eta atorrante gertatzen zait. Eskaintza ukigarriak… tira. Bi lagunentzat afaria Olaizolatarren sagardotegian, 30 euron completo bat, ez dakit nongo kobazuloetara bisita gidatua… Eskaintzen dizute eta jarritako prezioan hartu nahi baduzu, hartu eta aurrera. Harreman moduan baino arazo handiagoa sumatzen dut etengabeko eta orotariko ildoetatik iristen zaigun bonbardeaketa etengabean. Ukigarriak ez diren eskaintzak ere asko dira orain ordea. Norbait arduratuko da zuk premiazko omen dituzun diru-laguntzak nondik etor daitezen sarean eta palazioetan miatu eta aurkitzera. Norbait arduratuko da zure txakurra pasiatzera ateratzeaz bitartean zuk denbora hori beste zerbaitetan balia dezazun;aisitartean egiten duzun kirolaren GPSko datuak beste norbaitek irakurriko dizkizu zeuk horretan bururik apur ez dezazun… Eta hori bai: ideia mailara iristen ez den bitartekaritza lan okurrente bakoitzeko eskaintza, eskaintza eta eskaintza gehiago helduko zaizkizu nonahitik.

*Artikulu hau idazten hasi naizenetik bukatu dudanera, Media Markt.esen propaganda heldu zait paperean buzoira, letra larriz Black Friday iragarriz. Eta egunkari batean irakurri dut, gaur, ostirala, Black Friday ospatzen dela herrian Dendarien Elkartearen eskutik. Ito egingo gaituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.