Inbestidura saioak. Iruñeko Udala

EH Bilduk batzartzera deitu ditu PSN eta Geroa Bai, «aukerak aztertzeko»

«Aurrerabide alternatiba bat» osatzea da xedea. PSNk berretsi du Esporrinen alde bozkatuko duela; Maiak ez aurkezteko eskatu dio

Agerraldi jendetsua egin zuen atzo EH Bilduk Iruñeko Udaletxe plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jon olano
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Etzi osatuko dute Iruñeko Udala, eta, egun horretan Enrique Maia Navarra Sumako hautagaia alkate izendatu ez dezaten, EH Bilduk bilera batera deitu ditu gaur goizerako Geroa Bai eta PSN. 10:00etan jarri die hitzordua, eta asmoa da «PSNk ezarritako blokeoa gainditzea, koalizio subiranista barne hartuko duen alternatibak topatzeko». EH Bilduk gogorarazi du bigarren indarra izan zela maiatzaren 26ko hauteskundeetan, eta hitzeman du bere esku dagoen guztia egingo duela «aurrerabide alternatiba bat eraikitzeko aukerak» aztertzeko.

Indar subiranistak agerraldi jendetsua egin zuen atzo arratsaldean Iruñeko Udaletxe plazan, Joseba Asiron jarduneko alkatearen azken lau urteetako jarduerari balioa eman, eta haren hautagaitza babesteko. PSNrekin ados jarri ezean, Enrique Maia Navarra Sumako hautagaia izango da alkate, eta «iraganeko akatsak ez errepikatzeko» eskatu dio EH Bilduk PSNri: «Maia ez da oraindik Iruñeko alkatea, eta guk, azken unera arte, lanean jardunen dugu, izan ez dadin. Erabakia eta pilota PSNren teilatuan dago».

Ez dirudi, ordea, PSNk Asiron babesteko asmorik duenik. Aurreko legealdiko azken ezohiko udalbatzarra egin zuten atzo, eta Maite Esporrin PSNko alkategaiak berretsi zuen zinegotzi sozialistek Esporrinen aldeko botoa emango dutela etziko inbestidura saioan: «Guk geure burua babestuko dugu, gure zerrenda bozkatuko dugu, eta gero talderen batek gure proiektuaren aldeko botoa eman nahi badu, gu pozik». Haatik, aitortu du ez duela horretarako «bermerik» eta, beraz, «logikoena» dela Maia izatea alkate, hura izan zelako boto gehien jaso zuena maiatzaren 26an.

Itziar Gomez Geroa Baiko zerrendaburuak, berriz, azpimarratu zuen Iruñea «gehiengo progresista duen hiria» dela, eta koalizioak lanean jarraituko duela «eskuina alkatetzara iritsi ez dadin».

18:00etan hasiko da etziko bilkura, eta alkatetzarako hautagaitzarik ez aurkezteko eskatu zion atzo ere Maiak Esporrini: «Ez dezala ahalbidetu Bilduk babestea; saihestu dezatela, eta horrela ez da inolako zalantzarik geratuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.