Udal eta foru hauteskundeak. Kanpaina

EH Bilduko zazpi hautagaik uko egin diote zinegotzi kargua hartzeari

Covitek salatu dituen 44 hautagaien artean, odol delituak egozten dizkiete zazpi horiei. «Euskal Herria etorkizunik gabeko iragan batera» kondenatzeko ahalegina gaitzetsi dute. EH Bilduk erabakia txalotu du

EH Bilduko Arkaitz Rodriguez, Arnaldo Otegi, Bakartxo Ruiz eta Unai Urruzuno, atzoko agerraldian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Gotzon Hermosilla - Paulo Ostolaza
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Kanpaina hasi zenetik, gai nagusia izan da EH Bilduk zerrendetan sartu izana Espainiako Auzitegi Nazionalak ETArekin zerikusia zutelakoan zigorturiko zenbait hautagai. Orain, auziak beste jite bat hartu du, 44 hautagai horietatik zazpik, odol delituak egozten dizkietenek, uko egin baitiote zinegotzi kargua hartzeari hautatuko balituzte. Naiz agerkari digitalari igorritako eskutitz batean, «ahal den neurrian» hautagaitzak erretiratzeko asmoa ere agertzen dute zazpi hautagaiek, baina praktikan zailagoa izango da asmo hori gauzatzea, zerrendak jadanik ofizialak direlako. EH Bilduk txalotu egin du erabakia, eta erantsi bat datorrela koalizioak behin baino gehiagotan adierazitako «konpromisoekin».

Ikusi gehiago: Memoria pixka bat gehiago

Gutunean azaldu dute aipatutako 44 hautagai horietatik gehienak «politikoak soilik ziren jarduerak» egiteagatik kondenatutakoak direla, Dena ETA da doktrina baliatuta: «Gutxieneko printzipio demokratikoei ez zaie mesederik egingo haien eskubideak zapaltzea onartzen jarraitzen badugu».

Aitortu dute nabarmenagoak izan direla euren kasuak, egozten dizkieten ekintzengatik: «Ez dugu gure iraganeko militantzia ukatuko orain, ezta horrekin batera onartzen dugun ardura ere». Hala ere, ETAren biktimei mintzatu zaizkie, eta, orokorrean, Euskal Herriko gatazka sufritu duten guztiei, esateko badutela konpromisoa «jasandako mina ez areagotzeko» euren hitzen eta ekintzen bitartez.

Bide politikoen alde

Hautetsiek azpimarratu dute «hasieratik» parte hartu dutela ezker abertzalearen estrategia aldaketan, eta, beraz, dudarik gabekoa dela bide politiko eta demokratikoen alde egiten duten apustua.

Bat egin dute Urriaren 18ko Adierazpenarekin, eta argi utzi dute asmoa ez dela euren iragana ezkutatzea: «Uste dugu beharrezkoak direla memoria ekintza zintzo, eraikitzaile eta osoak. Ez dugu iraganik gabeko etorkizunik nahi, baina ezin dugu ontzat eman gure herria etorkizunik gabeko iragan batera kondenatu nahi duten sektore erreakzionarioen jarrera».

Ikusi gehiago:ERREAKZIOAK

Gehitu dutenez, «begien bistakoa da» azken egunetan interes alderdikoiak gailendu direla, «elkarbizitzarekin eta bakearekin zerikusi gutxi dutenak»: «Polemikaren helburua EH Bilduri min ematea da, ezinbesteko erreferente bilakatu delako, eta indar eraldatzaile nagusi».

Hauek sinatu dute gutuna: Jose Antonio Torre Altonaga, Asier Uribarri Benito, Lander Maruri Basagoiti, Begoña Uzkudun Etxenagusia, Jose Ramon Rojo Gonzalez, Juan Carlos Arriaga Martinez eta Agustin Muiños Diaz.

EH Bilduren «konpromisoa»

EH Bilduk presazko agerraldia egin zuen atzo eguerdian, eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak EH Bilduren Mahai Politikoak idatzitako agiri bat irakurri zuen. Agirian, EH Bilduk txalotu egin du hautagaiek hartutako erabakia, «keinu bat» delakoan koalizioak hartutako konpromisoen norabidean. Nabarmendu du EH Bilduren 4.500 hautagaiek bat egiten dutela «soilik bide baketsu eta demokratikoak» erabiltzeko konpromisoarekin, eta den-denek izenpetzen dutela urriaren 18ko Aieteko Adierazpena. Halaber, azaldu dute hautagai guztiak «euren eskubide zibil eta politiko guztien jabe» direla.

EH Bilduren aburuz, orain badago aukera «gehiengo nahikoa» eraikitzeko eta finkatzeko, «Euskal Herriak dituen erronka handiei» aurre egite aldera, eta erabakitzeko eskubidea, lurralde kohesioa eta eskumenak indartzea aipatu ditu erronka horien artean. Halaber, «sektorerik zaurgarrienen beharrei erantzutea» eta osasungintza, hezkuntza, adinekoen zaintza eta berdintasuna EH Bilduren lehentasun dira: «Horretan finkatu nahi ditugu gure mezua eta jarduera politikoa, eta etorkizunean ere horrela izango da».

Lehentasunak horiek badira ere, azken bolada honetan «ultraeskuinaren sektore batzuek jazarpen eta eraispen kanpaina onartezina» jarri dute abian, EH Bilduren iritziz, eta beste indar politiko batzuek ere bat egin dute horrekin, «arduragabekeriaz eta hauteskunde interes hutsengatik». EH Bilduk uste du horrelako kanpainak «ia saihetsezinak» direla, baina, hala ere, egoki iritzi dio jendaurrean bere konpromisoak berresteari, «ezinegonik sor ez dadin elkarbizitzarako eta normalizazio politikorako bidea egiteko prest dauden beste sektore batzuetan».

Coviteren eskaera

Polemikak Covite elkartearen salaketan zuen abiapuntu, eta, orain, pozik agertu da zazpi hautagaien erabakia dela eta; «albiste ontzat» jo du, baina gainerako 37 hautagaiei berdin egitea exijitu die: «Horiek ez dute zalantzarik izango zinegotzi ardura hartzeko hautatzen badituzte, ETAko kide izanik talde terroristaren krimen guztietan lagundu ondoren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.