Paperik gabeko langileak

ESPLOTAZIORA KONDENATUAK

Atzerritarren Legeak oso goian jartzen die langa Hego Euskal Herrian bizileku eta lan baimena lortu nahi duten etorkin papergabeei. Hiru urteko errolda bermatu behar izateak lan merkatu beltzera bultzatzen ditu bizirik iraun ahal izateko. Eragileek «absurdoa» dela deritzote, eta aldaketak iradoki dituzte.

ESPLOTAZIORA KONDENATUAK.
Imanol Magro Eizmendi - Joxerra Senar
Bilbo - Iruñea
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Lanik gabe ezin da paperik lortu, eta paperik gabe ezin lanik egin. Espainiako Atzerritarren Legearen oinarrian dagoen kontraesan handia da, eta Hego Euskal Herrira bizileku eta lan baimen bila Europatik kanpotik iritsitako migratzaile gehienak itotzen dituen korapiloa. Orduan, baina, zein da legalki lan egiteko modua? «Irautea. Hiru urtez. Hori dio legeak», laburbildu du Liz Quintana atzerritarren lan eskubideetan berezituriko abokatuak. Baina nola iraun daiteke hiru urtez atzerrian diru sarrerarik gabe? «Absurdoa dela ikusten da hor», gehitu du. «Nondik uste dute aterako dutela bizibidea pertsona txiro horiek hiru urtez? Hipokrisia hutsa da. Jendea ezkutuko ekonomiara kondenatzen du, eta onartu beharko ez lituzkeen lan baldintzetara. Horretaz baliatzen dira errukirik gabeko enplegatzaileak».

Ikusi gehiago:Kontraesanen esklabo

«Baldintza horiek legearen atzeko atea dira», azaldu du Mikel Mazkiaran SOS Arrazakeria elkarteko idazkari nagusiak. «Legearen arabera, lan egin nahi duen migratzaileak kontratuarekin etorri behar du bere herrialdetik, baina hori oso zaila da. Horregatik dago Errotze Soziala delakoaren bidea, eta atzeko ate horrek ezartzen du hiru urtez erroldaturik egotearen beharra». Horrekin, baina, ez da nahikoa. Jaurlaritzak ontzat emaniko errotze txosten baten bitartez Espainian edo Hego Euskal Herrian hiru urte daramatzala frogatzeaz gain, jardunaldi osoko lan aurrekontratu bat behar da baimena lortzeko.

Ikusi gehiago:Paperik gabeko langileak: kasu ezagunak

Egoera administratibo ez-erregularrean dauden migratzaile gehienak turista baimen batekin iristen dira, eta baimena amaitzean bertan gelditzen dira. Muga legez kanpo gurutzaturikoak ere badaude, baina gutxiago dira. «Profil ezberdinak daude, baina ia guztiek sektore prekarioenetan egiten dute lan. Gizonek eraikuntzan, ostalaritzan... Eta emakumeek, zaintzan. Emakume gehienak Hego Amerikatik datoz, eta etxeko langile hasten dira. Baina artatu izan dugu eguneko zentro batean lanean ziharduen paperik gabeko langileren bat». Azalpena Leire Gallegorena da, ELA sindikatuko ekintza sozialeko arduradunarena.

Ikusi gehiago:Paperik gabeko langileak. Testigantzak. Johanna Flores: «Instrumentu gisa ikusten gaituzte, ez pertsona gisa»

ATH-ELE elkarteak arreta zerbitzua eskaintzen die Bizkaiko etxeko langileei, eta haren azken txostenak Gallegoren ustea berretsi du: Bizkaian diharduten etxeko langileen %38 egoera ez-erregularrean daude. «Paperik gabe, merkatu beltzera jo beharra dago, eta han ez dago ezer onik», gehitu du Virginia Eraso Karibu harrera zerbitzuko buruak. Karibu Nafarroako Gobernuko migrazio zuzendaritza barruan dagoen etorkinentzako harrera zerbitzua da: «Inork nahi ez dituen lanak dira. Ohikoena, etxeko lanak; eta Erriberan, nekazaritza»

Baimenik ez, eskubideak bai

Gallegok, baina, nabarmendu du ez dela erraza paperik gabekoek salaketa jartzea: «Oztopo nagusia haien beldurra da, eta sistemak ez duela konponbiderik bermatzen. Kasu asko iristen zaizkigu, baina zaila da. Asko jartzen dute jokoan, gai delikatua da, eta Lan Ikuskaritzaren gabeziak handiak dira». Lan egiteko baimenik ez duenak ba al du lan eskubiderik? «Bai», erantzun du Quintanak. Hark Trabajadoras No Domesticadas eta Bizkaiko SOS Arrazakeria elkarteei ematen die aholku. «Absurdoaren beste eredu bat da. Paperik gabeko langileak eskubide guztiak ditu: lanaldia, orduak, oporrak... Ezin duzu Gizarte Segurantzan kotizatu, baina baldintza txarrak sala ditzakezu epaitegi batean. Kasu asko irabazi ditugu». Paperik gabeko langile bat izatearen isuna 10.000 euro ingurukoa da, eta horri gehitu beharko litzaizkioke langileak jaso gabeko ordainketa eta kotizazioak.

Ikusi gehiago:Maria Teresa 'Maite' Guzman Cortes: «Bizimodua zail dago egun: esplotazioa inoiz baino handiagoa da»

Are gehiago: legez kanpoko jarduna salatzeak bizileku eta lan baimena lortzeko beste bide bat ireki dezake. Lan errotzea frogatzearen prozesu administratiboa da. Kasu horretan, bi urteko errolda antzinatasuna behar da, eta sei hilabetez lanean egon dela frogatu. Dena den, Quintanak dio bide hori ez dela ohikoa, «ez behintzat langilearen eta enplegatzailearen artean oso harreman txarra egon ez bada».

Ikusi gehiago:Marta Veronica Alegria: «Nire lehen lana: 09:00etan hasi eta 22:00etan bukatu, astelehenetik igandera, 650 euroren truke»

Bide hori iaz aldatu zuen Espainiako Gobernuak, eta, Mazkiaranen ustez, atzerapausoa izan zen. Zergatik? Tramitearengatik: «Lehen, sei hilabeteko lana erakusteko, nahikoa zen ebazpen bat edo adiskidetze ekitaldi bateko akta. Orain, lan ikuskari baten akta behar da, eta haiek lanez lepo dabiltza. Zortea edukita, hiru hilabeteko epean hartuko zaitu». Era berean, gehitu du ezagutzen dituela kasuak non salaketa jarritako langileek gero arazoak izaten dituzten lana aurkitzeko: «Erreferentziak eskatzen badizkidate, eta negozio bat salatzetik natorrela esaten badiet, agian kosta dakidake baiezkoa jasotzea».

Ikusi gehiago:Kona Marley: «Legez kanpo nengoen, ezkutuan bizi behar nuen»

Lan ikuskarien rolak adituak sutzen ditu, haiei baitagokie abusuak ikertzea. «Ofiziozko esku hartzeak ez dira ohikoak. Normalean, salaketa egoten da aurretik. Begira, inoiz ez dut ikusi etxe bateko atea jo duen lan ikuskaririk», esan du Mazkiaranek. Quintanak hariari eutsi dio: «Pila bat kostatzen da etxe edo lantoki batera joan daitezela lortzea. Etxea eremu pribatua dela diote, eta horregatik ezin dela ikertu. Txirrina jo eta atea zeinek irekitzen duen ikustearekin aski lukete. Arazoa borondate falta da». Gallegok itxi du kritika: «Lan ikuskariaren erantzukizuna da, eta denok dakigu oso gutxi daudela. Sindikatuan askotan salatu dugu Hego Euskal Herrian dauden lan ikuskarien kopurua hirukoiztu beharko litzakeela Europako batezbestekora iristeko».

Bulegoetako labirintoa

Nafarroako erakunde publiko baten menpe dagoen elkarte batean lan egiten du Erasok. Atzerritarrekin lan egiten duten elkarteek erakundeei egiten diete dei etengabe, baina, dioenez, haiek ere «oso mugatuta» daude, ez baita haien eskuduntza. «Atzerritarren Legea hor dago, eta ezin dugu aurka jo. Egiten ditugu ekarpenak gauzak aldatzeko, baina Madrilgo gobernuak ez du nahi». Etsipenetik mintzo da, harrera zerbitzuko egunerokoa ez baita erraza, eta aholkularitza zerbitzu guztiak gainezka baitaude. «Oso latza da jendeari esatea hiru urte itxaron behar dituela».

Ikusi gehiago:Marisol: «Paperak lortu eta oporrak eskatzean, kaleratu egin ninduten»

Oztopoei bulego bide katramilatu eta motela gehitu behar zaiela nabarmendu dute guztiek. Legeak hiru urte aipatzen ditu, baina lan ikuskaritza, atzerritar bulegoa edo Gizarte Segurantza bezalako erakundeen baimenak eta orduak behar direnean, epeak asko luzatu daitezke. Horrek abokatu eta bulego berezituen eskuetara eramaten dituzte paperik gabekoak, eta kostuak handitu egiten dira. «Hiru, lau edo bost urteko kasuak ezagutu ditut, eta horri lan eskaintzaren beharra gehitu behar zaio. Etxeko langileei dagokienez, gainera, eskaintza hori egun batetik bestera desagertu daiteke zaintzen duten pertsona hil edo senideek zentro batera eramaten dutelako. Eta orduan, zer?», salatu du Quintanak.

Esan bezala, hiru urteko errolda antzinatasunaz gain, aurrekontratu bat behar du papergabeak. «Horrek erakusten du Atzerritarren Legea fikzio juridiko bat dela», kritikatu du Mazkiaranek: «Norbaitek uste al du paperik gabeko langileak justu orduan lortzen duela lan eskaintza? Harremanak aurretik daude eginak; langilea normalean lan horretan hasia dago, eta hiru urte egitean paperak lortzen ditu». Izan ere, enplegatzailea ere itxarotera behartuta dago. Quintanak azaldu du: «Enplegatzaile bat paperik gabeko langile batekin gustura badago, eta bere etxean, edo negozioan, legalki izan nahi badu, ezin du. Ez behintzat hiru urtez erroldatuta egon arte. Gauzak ondo egin nahi dituenak ere ezin du. Jendea harrituta gelditzen da azaltzen diogunean».

Konponbideak? Badaude

Kritika zilegi da, baina konponbideak ere behar dira. Hainbat iradoki dituzte, eta bat datoz aldaketa beharrezkoa dela. Quintana: «Gure iritziz, bizirik irautea bermatzen duen lan eskaintza bat izateak nahikoa izan beharko luke pertsona hori kontratatu ahal izateko. Pertsona horiek eta Gizarte Segurantza kotizazio urteak galtzen ari da». Bere garaian Italian indarrean jartzen saiatu ziren beste sistema bat ekarri du gogora Mazkiaranek: lana bilatzeko bisak. «Sei hilabetekoa izan daiteke, edo urte batekoa. Migratzaileak lan bila ibiltzeko tarte bat izango luke, eta, lortuko balu, kito. Ez luke bere herrialdera itzuli beharko. Eta lanik ez balu lortuko, egoera erregularrean geldituko litzateke. Horrela ez lioke enplegatzaileari esan beharko ez duela paperik».

Ikusi gehiago:Oumar: «Paperik gabe, ezin dut lanik egin, arriskutsua baita»

Gallegok, baina, urrunago eraman du hausnarketa. «Gizarte gisa egoera hori baliatzean dugu», salatu du, eta etxeko langileengan jarri du arreta: «Familiek hori baliatu behar dute ez dagoelako zaintza sistema publikorik. Familia askoren aukera bakarra pertsona bat modu oso prekarioan kontratatzea da». Erasok etorkizunera begiratu nahi du, kontuan hartuta paperik gabeko asko, batez ere gizonak, oso gazteak direla. «Formakuntza da izan daiteke bidea. Orain arte ezin zuten formakuntzarik egin egoera erregularrean ez bazeuden, eta hori iaz aldatu genuen Nafarroan. Prestakuntzarik ez baduzu, ezingo duzu lanik egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.