Burujabetzaren gogoetarako plaza

Euskal Herriko Unibertsitateak Subiranotasuna Europako Herrietan masterra abiatuko du datorren ikasturtean. Onintza Odriozola eta Iker Iraola irakasleen arabera, garrantzitsua da Euskal Herria eztabaida global horretan kokatuta egotea.
JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU

Jon O. Urain -

2019ko ekainak 12
Ez da kontzeptu berria, baina boladan dago; burujabetzaren forma eta adierazpide ezberdinek, goitik behera, behetik gora nahiz arloka erabakiak hartzeko gaitasunak, presentzia esanguratsua du hedabideetan, Euskal Herrian nahiz nazioartean. Orain, gaia akademikoki jorratzeko aukera emango du Euskal Herriko Unibertsitateak datorren ikasturtean, martxan jarri baitu Subiranotasuna Europako Herrietan izeneko masterra. Parte Hartuz eta NOR ikerketa taldeak dira sustatzaile nagusiak. 60 kreditu izango ditu, eta euskaraz izango dira eskolak; horietatik erdiak, online.

Graduondokoan irakasle ariko direnetako bi dira Onintza Odriozola Irizar (Donostia, 1980) eta Iker Iraola Arretxe (Errenteria, Gipuzkoa, 1982) soziologian doktoreak. EHUko Gizarte Zientzien Didaktika Saileko irakaslea da Odriozola, eta Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean dihardu Iraolak. Zergatik subiranotasunari buruzko master bat? «Planteatu da subiranotasunari buruzko master bat Euskal Herritik abiatuta, ikusten delako subiranotasunaren inguruan esperientzia, praktika eta teoria berriak daudela».

Aldi berean, gai horiek «Euskal Herritik» jorratu nahi dituzte, «baina Europako testuinguruari lotuta». Teoria eta praktika horiek zenbait eskalatan garatzen dira: egituraketa instituzionalari buruzkoak dira batzuk —«Europako Batasuna, nazio estatuen egokitzapena...»— baina «behetik» lantzen dira beste batzuk: «Elikadura burujabetza, gorputzarena... Hor, teorian planteamendu oso interesgarriak daude, eta iruditzen zaigu beharrezkoa dela Euskal Herria eztabaida horietan kokatzea».

Horiek horrela, eskalak uztartu nahi dituzte graduondokoan, Odriozolaren esanetan: «Askotan, subiranotasuna nahiko modu murritzean ulertzen dugu, baina burujabetza kulturalaz, ekonomikoaz aritu nahi dugu, mikro eta makro mailak txirikordatuta».

Irakasleek ez dute zalantzarik; gaia agendan dago. «Europan, azken urteetan, aldaketa erabakigarriak gertatu dira. Askotan, perspektiba izan behar da: subiranotasuna boladan dago gaur egun; aldaketak gertatu dira Kataluniako prozesuan, baita Eskozian ere...» Eztabaida hori, ordea, ez da soilik gertatzen estaturik gabeko nazioetan: «Ikusten dugu subiranotasuna ez dutela soilik mahai gainean jartzen estatu berri bat sortu nahi duten mugimenduek, baizik eta Europan, oro har, ezker-eskuin, erdigunean dagoen gai bat dela. Eztabaida horri lotu behar gatzaizkio». Are, Odriozolak uste du Euskal Herriak, «estaturik gabeko nazio bat izanik, eztabaida hori landuta» eduki beharko lukeela: «Herri gisa, inportantea da diskurtso hori landuta edukitzea».

Gaia agendan egonik, beraz, burujabetzaren esanguraz iritzi kontrajarriak irakur daitezke sarri: herrialde batek ezin duela burujabe izan estaturik ez badauka, eta, kontrara, estatuek ere ez dutela erabateko subiranotasunik gaur egun, horiek partekatuak direla, eta interdependentzia nagusi dela. Horixe da, Iraolaren iritziz, egungo «eztabaida zentrala»: «Lehen esaten zen: 'Estatua lortu arte, ezer ez'. Orain, berriz, estatu egiturez hitz egiten da. Egia da estatuen subiranotasun maila eraldatzen ari dela azken hamarkadetan, baina egia da estatuak egon badaudela, eta boterea eta subiranotasuna dauzkatela». Bat dator Odriozola: «Egia da estatuak botere ahalmena galduz edo aldatuz joan direla, maila askotan beste botere batzuen menpe daudela, baina gaur egungo ordena estatutan dago antolatuta; estatuak dira beren buruaren jabe diren unitateak, eta nazio txikiok, oraindik ere, estatu horren beharra ikusten dugu gure burua antolatzeko». Estatua «dinamikoa» den eta «aldatzen» ari den arren, Odriozolak uste du «oraindik ere» estatuek ez diotela «elkarri auzitan jartzen daukaten boterea».

Estatuen ahalmenaren aldaketa horrekin lotuta, «subiranotasunaren desplazamendu bat» antzematen du Iraolak: «Subiranotasuna, neurri batean, zabaltzen ari da, baina betiko egiturak desagertu gabe. Hori izango litzateke masterraren ekarpen bat: hori guztia pentsatzen eta ordena ematen saiatzea». Izan ere, estatuek «funtsezko egiturak» izaten jarraitzen dute, baina «eraldaketa prozesu bat» gertatu da: «Euskal Herrian pentsatu behar dugu nola eragiten diguten aldaketa horiek».

Egituraketa administratiboaz harago doa, ordea, burujabetzaren auzia, eta hala lantzeko asmoa daukate; diziplina eta alor ugaritako irakasleak ariko dira graduondokoan, Odriozolaren arabera: «Masterrak ikuspegi poliedriko bat izan nahi dugu, irakasle bakoitzaren ekarpenetik gai ezberdinak landuz, argi edukita nazionalismoari buruzko masterraren jarraipen gisa ere proposatzen dela: estaturik gabeko nazio batek zer egin beharko lukeen subiranotasuna lortzeko, jakinik estatu batek ez dizula burujabetza kulturala bermatzen, baina horretarako beharrezkoa dela burujabetza politikoa». Horregatik, ikuspegi soziologikoaz eta politologikoaz gain, kulturala, ekonomikoa, komunikatiboa eta diplomatikoa ere jorratuko dituzte ikasturtean zehar: «Saiatu gara ikuspegi berriak sartzen».

Nazionalismoaren haria

EHUk 2010. urtean ekin zion Euskal Nazionalismoa XXI. mendean izeneko masterra eskaintzeari, eta zazpi urteko ibilbidea egin zuen graduondokoak. Hura desagertu eta gero abiatu dute burujabetzari buruzkoa, eta hari «argi» bat dago bien artean, Odriozolaren hitzetan: «Oraingoa osatuagoa eta gaurkotuagoa da: eztabaidak aldatzen ari dira, eta gaurko eztabaidetara gaurko kontzeptuak ekarri behar dira». Iraolak ere aitortu du aurreko masterraren «egokitzapen bat» dela: «Gaiei dagokienez, askotariko diziplinak biltzen ditu, eta forma aldaketak dauzka». Horietako bat: irakaskuntzaren zati bat Internet bidezkoa izatea, lanean ari diren ikasleei ateak ireki ahal izateko.

Ez dute masterra ikasle tipologia bakar batera mugatu nahi, Iraolak adierazi duenez: «Oro har, gai hauetan master ofizial baten bidez sakontzeko gogoa daukan edonorentzako da; ikerketa bidean gogoan daukan orori; graduondokoak tesia egiteko aukera ere ematen du». Jakintza arlo horretan «espezializatzeko gogoa» daukatenentzat ere pentsatuta dago, horiek ikerkuntzaz kanpoko beste eremu batzuetan lan egiteko asmoa badaukate ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna