EAko primarioak egiteko agindu du Gasteizko epaitegiak

Maiorga Ramirezen ustez , «boto bat, afiliatu bat» formula da irtenbidea. Zuzendaritzak erantzun du azken kongresuko emaitza indarrean dela

Maiorga Ramirez, Nafarroako Parlamentuan. VILLAR LOPEZ / FOKU.
joxerra senar
Eltso
2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
«EAko krisiaren amaieraren hasiera izan daiteke». Atzo eguerdian, Maiorga Ramirezek komunikabideak deitu zituen Nafarroako Parlamentura, eta, han, Gasteizko Lehen Auzialdiko 7. aretoak atera berri duen dekretu baten berri eman zuen. Iazko uztailean Gasteizko Probintzia Auzitegiak 2019ko primarioak baliogabetu ostean, zuzendaritzak kasazio helegitea aurkeztu zuen Gorenean, eta epaiaren zain daude bi aldeak. Haatik, Ramirezek erregu eskaera egin zion Gasteizko auzitegiari EAko sektore ofizialak «primarioak debekatu» zituela salatuz, eta hautagai gisa bere eskubideak urratu direla aipatuz. Autoan, «hamabost egunen buruan primarioen prozedura berriz egitera» behartzen du.

Auzitegiak gaineratu du EAko egungo zuzendaritzak berrikusteko helegite bat aurkez dezakeela bost egunen buruan, baina, edozein modutan, ezarritako betebeharra ez dela etengo. Agindua bete ezean «beste bati enkargu hori emateko edo kalte ordainak eskatzeko aukera» egon daitekeela adierazi du.

Autoa kontuan hartuta, Maiorga Ramirezek egungo zuzendaritzari eskatu dio irtenbide bat eman diezaiola egungo gatazkari. «Boto bat, afiliatu bat. Jar ditzatela alkartetxe guztietan hautetsontziak; hautagai bakoitzaren ordezkariekin berma daiteke prozesua gardena izatea».

2019ko primarioetan, berme batzordeak atzera bota zuen Ramirezen hautagaitza, argudiatuz aurkeztutako abal batzuk irregularrak izan zirela, eta Eba Blanco izendatu zuen idazkari nagusi. Haatik, 2019ko azaroan Gasteizko Auzitegiak behin-behinean baliogabetu zuen erabaki hura, eta, ondoren, iazko uztailaren 23an, hautagai gisa haren eskubideak urratu zirela ebatzi zuen probintzia auzitegiak. Auzi hori Espainiako Auzitegi Gorenean dago orain, baina Ramirezek salatu du zuzendaritzak primarioak «debekatu» dituela, eta bera eta beste lau militante «kanporatu».

Zuzendaritzak erantzun dio otsailaren 19ko kongresuaren harira estatutu berriak landu direla. «Alderdiko afiliazioak estatutu berriak egitea onartu zuen, eta ez da primarioen aukera jasotzen». Kongresua otsailaren 19an eta 20an egin zen, eta, zuzendaritzaren arabera, Ramirezek aukera izan zuen estatutuak aldatzeko. Halaber, kongresurako hautagaitza aurkeztu ez izana aurpegiratu dio —alderdiak berak kongresuaren biharamunetik aurrera lau urterako militantzia etetea erabaki zuen—.

Zuzendaritza berria

EAk kongresua egin zuen otsailaren 19an eta 20an, eta konpromisario gehienek egungo zuzendaritza aukeratu zuten. Horregatik, egungo zuzendaritzak Ramirezi erantzun dio emaitza hori indarrean dela oraindik ere. Azaldu du Ramirezek eta militantzia eten zaien beste lau kideek epaitegietan badaezpadako neurriak eskatu zituztela EAko Kongresua bertan behera uzteko, eta epaitegiek atzera bota zituztela.

Ramirezen arabera, kongresuaren bezperan «korrika eta presaka» aurkeztu behar izan zuten eskaera, eta epaitegiak kongresuaren ondoren erantzun zien. Argi utzi nahi izan du forma akatsak zuzentzea galdegin ostean oraindik ez dagoela erabaki irmorik horri buruz. Haren ikuspegitik, baina, atzo Gasteizko Lehen Auzialdiko epaitegiak ebatzitakoak ez du zerikusirik horrekin, eta zuzendaritza derrigortuta dago hura betetzera. Esan du epai bat ez betetzea «larria» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.