Preso eriak, adinekoak eta haurdun daudenak askatzeko eskatu dute

COVID-19a dela-eta, txosten bat osatu dute hiru euskal elkartek eta Espainiako Estatuko 11k

enekoitz esnaola
2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Sarek, Etxerat-ek, Salhaketak eta Espainiako Estatuko 11 elkartek Espainiako Barne Ministerioari eta auzitegiei eskatu diete koronabirusa dela-eta aska ditzatela larri gaixorik dauden presoak, 70 urtetik gorakoak eta haurdun daudenak, gaitzaren aurrean arriskurik handiena haiek dutelako, eta, halaber, aintzat hartzeko behin-behinean espetxean daudenak, hirugarren gradukoak eta zigor laburrak dituztenak ere. Txosten bat osatu, eta Kongresuko taldeei helarazi diete, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak atzo bere saileko batzordean agerraldi bat egin zuela baliatuta. Presoen «duintasuna eta eskubideak errespetatzea» dute helburu elkarteek.

Joan den martxoaren 23an, Barne Ministerioko batzordeko talde parlamentarioei eskaera horiek egin zizkieten elkarteek, baina ez dute erantzunik jaso, atzo prentsa ohar batean azaldu zutenez. Haien arabera, mundu osoko hainbat instituziok eta osasun erakundek ohartarazi dute Espainiako Estatuan dauden presoek «zaurgarritasun berezia» dutela COVID-19arekin, eta jakinarazi dute Espainiako arartekoa «erabat» ados azaldu dela askapen eskakizun horiekin.

Espainiako Estatuan, euskal gatazkarekin lotutako hamabost preso daude larri gaixorik, 70urtetik gorakoak bi dira, haurdun bat dago, eta, berriki Gorka Fraile libre atera denetik, inor ez dago hirugarren graduko egoeran.

Kartzelan behin-behinean diren presoak askatzeko, auzitegiek haien egoera berrazter dezaketela aipatu dute Sarek, Etxerat-ek, Salhaketak eta txostena egin duten gainerako elkarteek; edota badaezpadako neurriren bat hartu ahal dutela. Estatuan dauden presoen artean, %16 dira behin-behinean daudenak, txostenak dakarrenez.

Kondena daukaten presoen kasuan, berriz, Espetxe Zaintzako epaileari eta kartzeletako tratamendu batzordeei eskatu diete «arrazoi humanitarioengatik» preso eriei eta adin handia dutenei errazteko erregimen erdi irekia, hirugarren gradurako progresioa edota baldintzapeko askatasuna. Elkarteek diotenez, espetxe araudiak eta zigor kodeak ematen dute aukera hori, eta baliatu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.