Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Zer erakusten duen 'Catalangate auziak'

2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Catalangateauziak, independentismo katalanari Pegasusen bitartez egindako espioitza masiboak, hainbat gauza erakutsi dizkigu. Espainiak hainbeste urtez Kataluniako mugimendu independentista zelatatzeko horrenbesteko dirutza gastatu izana ez da inola ere anekdota hutsa, are gutxiago kontuan izanda etengabe aritu dela eta ez diela batere kasurik egin legeei eta arau demokratikoei.

Aurrez Euskadin gertatu zen bezala eta orain nolabait Galizian ere gertatzen ari den bezala, estatuak etsai logikarekin segitzeko duen beste modu bat baino ez da Catalangate auzia, teorian denona den estatu horrek disimulatu ezin duena. Herrialde Katalanak, Euskal Herria, Galizia, Kanaria uharteak eta beti-bateko espainola ez den beste edozein lurralde beti izango dira susmagarri nazionalismo espainolarentzat, erregimenaren eta estatuaren iturri eta bihotz denarentzat. Egiten duguna egiten dugula, eta gobernatzen duenak gobernatzen duela.

Izan ere, Mariano Rajoyk erabilia zuen Pegasus, eta gero Pedro Sanchezek ere erabili du. Erabili zen Katalunia independentziarako bidean irmo zihoanean, eta erabili da Kataluniako klase politikoa kaletik aldendu denean eta zapalkuntzari amore eman dionean ere. Kataluniako, Espainiako eta Europako legediak urratuta erabili da, PPren gobernuan eta PSOE eta Podemosenean.

Oraingoan, ordea, badirudi kontuak esku artetik ihes egin diela. Gehiegizkoa da. Izan ere, Citizen Labek esan du buruzagi politikoen kontra inoiz izan den espioitza kasu eta eraso handiena dela, eta Pulitzer saridun batek The New Yorker-en dokumentatu du, ukatu ezinezko moduan, eta Madrilen ez daude halakoetara ohituta. Europako Parlamentua horren mehatxatuta sentitu da, ezen ostegunean eskatu baitzuen europarlamentari guztien sakelakoak aztertzeko. Eta Batasuneko hainbat estatutan abiatuko den ikerketa judizialak estualdi batean jarriko du Espainia.

Izan ere, haiek inola ere ulertuko ez duten arren, demokrazia batean ezin da herri oso bat etsaitzat hartu, ezta bereizi gabe erreprimitu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.