Garikoitz Goikoetxea.
ANALISIA

Bi aldeak

2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Bost orrialde eta lau sinadurako dokumentu batekin amaitu da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe erlijiosoetako gatazka: Kristau Eskola patronalak izenpetu du, eta ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek. Bitartekaritzara jo eta egun gutxira lortu dute adostasuna, eta hilabeteko greba hasi eta laster. Nabarmena da bi faktore horiek zuzeneko eragina izan dutela. Hirugarren faktore bat ere aipatu du LAB sindikatuak, akordioa zergatik ez duen sinatu azaltzeko oharrean: gaurko hauteskundeak. Eusko Jaurlaritza orain hasi dela mugitzen, hauteskundeak iritsi direnean. Arrazoi bat edo beste, argia da kontu bat: bi aldek sinatu dute gatazka ixteko akordioa, baina aktore gehiagok izan dute zeresana.

Luze, oso luze joan da auzia:29 greba egun, eragin sozial handiko eremu batean, hezkuntzan. Hiru erpineko triangelu baten gisan, jokabideak irmo egon dira denbora luzean. Batetik, sindikatuak, elkar hartuta, lan baldintzak hobetzeko eskariarekin, aintzat hartuta hamar urte daramatzatela azken hitzarmenarekin. Bestetik, patronala: baliabiderik ez daukala lan egoera hobetzeko, eta Eusko Jaurlaritzak diru gehiago jarri beharko lukeela. Eta hirugarrenik Jaurlaritza bera: bi aldeen arteko gatazka dela, eta ez dagokiola negoziazioan sartzea.

Jokabide horiek aldatzeak ekarri du auzia desblokeatzea. Mobilizazioak gogortu dituzte sindikatuek —UGT kanpoan geratu da—, Jaurlaritzak adierazi du prest legokeela esertzeko, eta Kristau Eskolak ofizialki eskatu du Lan Harremanen Kontseiluaren laguntza. Sindikatuak indartuta atera dira, batik bat ELA, hark izan baitu prozesuaren gidaritza: lan baldintzak hobetzea lortu dute, finantzaketa publikoa handitzea jaso gabe, eta agerian utzi dute mobilizazioek eragina daukatela.

Beste bi aktoreen posizioa ez da indartuta atera. Uriarte Hezkuntza sailburuak orain adierazi du «Jaurlaritzak bultzatutako bitartekaritzak» eman duela fruitua. Hezkuntza Sailari aspaldi eskatu zioten rol hori hartzeko, bitartekaritza ahalbidetzeko, baina hilabeteotan guztietan ezetzari eutsi dio, «bi alderen arteko gatazka» zela eta. Agerian geratu da Jaurlaritza mahaian esertzeak erraztu duela gatazka bideratzea. Antzeko beste auzi batzuetarako ikasgaia izan daiteke hori; esaterako, Gipuzkoako zahar etxeetarako—aldundiak ez du esku hartu nahi itunpeko zentroen lan gatazkan—.

Kristau Eskola ere ez da indartuta atera gatazkatik: denbora luzez egon da hedabideetan gatazkari lotuta eta familiak tentsioan direla, noiz eta garai esanguratsu batean, ikasle kopurua jaisten ari denean eta ikastetxe batzuen bideragarritasuna airean dagoela.

Epeak betez gero, aste batzuk barru aurkeztuko du Jaurlaritzak hezkuntza legerako proposamena. Gatazka itxi izanak abagune egokia jarriko du eztabaidarako—sare publikoan eta ikastoletan sinatuta daude itunak—. Negoziazioa beharrezko izango da hor ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.