Udalen osaketa Hego Euskal Herrian

Gehiengoak maximizatzen

EAJk eta PSEk alkatetza lortu dute zenbakiek aukera eman dieten leku ia denetan. Araban, askotarikoagoak izan dira aliantzak; Bizkaian, EH Bilduk lagun izan ditu herri plataformak.

jon olano
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
EAJk eta PSEk joan den astelehenean lortu zuten tokiko erakundeetarako aurreakordio bat, herrietako militante taldeei eta herrialdeetako zuzendaritzei ate bat zabalik utzita; horiei zegokien erabakitzea nola jokatu bi alderdiak lehen indarra izan ez ziren plazetan. Astean zehar joan dira zalantza batzuk argituz, baina atzoko udalbatzarrek egin dute behin betiko argazkia: EAJ-PSE hitzarmena zenbakiek ematen zuten ia udal guztietara hedatu da.

Izan ere, lehen indarra gainditu eta gehiengo absolutura heltzeko, elkarren beharra zuten Zigoitian (Araba), Soraluzen, Lezon, Mendaron, Pasaian, Andoainen (Gipuzkoa), Abadiñon, Zaldibarren eta Alonsotegin (Bizkaia), besteak beste, eta guztietan egin dute hitzarmena; Pasaian eta Andoainen, PSE-EEk eskuratu du alkatetza, eta besteetan, EAJk. Datuek erakusten dute nolako nagusitasuna izango duten bi indarrek udaletan, batez ere EAJk: 132tan aginduko dute; 11tan sozialistek, eta 121etan jeltzaleek. Atzo, 11 alkatetza horiekin pozik agertu zen Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia, eta nabarmendu zuen «politika sozialak erakundeetara eramatea» dela sozialisten nahia. Bestela mintzatu da Juan Karlos Izagirre EH Bilduko Gipuzkoako ahaldungai nagusia: esan du EAJ-PSE itunak ez diela «herritarrei interesei erantzuten».

Samaniego (Araba) izan da EAJ-PSE akordioaren salbuespen bakarra, Eduardo Pascual PSEko zinegotziari esker lortu baitu EH Bilduk alkatetza. PSEk zinegotzi akta itzultzeko eskatu dio, baina alderdiko iturriek azaldu dute ezin dutela haren aurka neurririk hartu, ez delako PSEko kide.

Samaniegokoa gorabehera, Araban zabalago dago joko zelaia, inbestidura saioetan azaleratutako aliantzek erakutsi dutenez.EAJk eta EH Bilduk sintonia handiagoa erakutsi dute; Guardian eta Bastidan, EH Bilduren babesak eraman du EAJ bi herrietako aginte makila hartzera, eta, Argantzonen, jeltzaleek babestu zuten EH Bilduko alkategaiaren hautagaitza. Askotariko akordioak egiteko erraztasun handiagoa erakutsi dute jeltzaleek, EH Bildurenez eta PSErenez gain PPren botoak ere jasotzeko gai izan baita Kuartangon, EH Bilduri aurrea hartu eta alkatetza lortzeko.

Atzo errepikatu zen beste formuletako bat izan zen EH Bildu-Elkarrekin Podemos batura. Bi indarrak bat etorrita, EH Bilduk alkatetza erdietsi zuen Ordizian, Errenterian (Gipuzkoa), Elorrion eta Durangon (Bizkaia).

EH Bildu, plataformekin

Bizkaian, agerikoa da EAJren nagusitasuna: 112 herritatik 73tan gobernatuko du, eta horietatik 52tan, gehiengo absolutuarekin. Hala ere, udal esanguratsuak galdu zituen atzo; Galdakao, Bakio, Arrigorriaga, Zaratamo eta Balmaseda, esaterako. Azken horretan, jeltzaleen esku egon da alkatetza azken lau hamarkadetan, baina independenteen plataforma batek eskuratu zuen atzo, EH Bilduk babestuta.

Hain justu, EH Bilduk hainbat herri plataformarekin izandako sintonia izan da inbestidura saioen ondorioetako bat, horiekin ados jarrita lortu baitu indar subiranistak aginte makila Bakion, Galdakaon, Arrigorriagan eta Zaratamon. Orion (Gipuzkoa), lehen indarra izan zen EH Bildu, baina Orain Orio herri plataformaren abstentzioak ahalbidetu du Anuska Esnal alkate izatea. Gipuzkoan bertan, bestelakoa izan da egoera Deban: Gilen Garcia EH Bildukoak lortu du alkatetza, baina Debarren Ahotsa plataformak ez dituelako jaso hiru zinegotzi jeltzaleen botoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.