Ziztu bizian sinatu, eta joan

Ciudadanosek eta UPNk hauteskundeetan elkarrekin joateko akordioa izenpetu dute. Esparzaren arabera, bien arteko koalizioa izango da, eta, gero, «UPNko hautagaien artean, PPkoak sartuko dira»

Hogei minutuan, akordioa izenpetu, hitzaldiak egin, eta El Toro hoteletik atera ziren Javier Esparza UPNko presidentea eta Albert Rivera Ciudadanoseko presidentea. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Veni, Vedi, Vici. Ia-ia, Julio Zesarren aipu ezagun horren modura jokatu zuen atzo Albert Riverak: Etorri, ikusi eta... sinatu. Denborak esango du atzo garaipen politikoa ziurtatu ote zuten Jose Javier Esparza UPNko presidenteak eta Riverak, baina Ciudadanoseko presidentea haize zirimola baten pare iragan zen Nafarroatik: sinadura bota, Esparzari eskukoa eman, eta, argazkilari hodei batek inguratuta, presaka eta korrika alde egin zuen ibilgailu batean, kazetariei galderarik erantzun gabe. Tartean, hitzaldi erosoaren txandan, orokorkerien artean «historikotzat» jo zuen akordioa. «Garai zail batean gaude, eta, ibilbide politiko desberdina dugun bi alderdi bagara ere, eskua elkarri eman diogu Nafarroaren eta Espainiaren alde».

Iragan astean Pablo Casado PPko buruzagia izan zen, eta atzo, berriz, Albert Riverarekin akordioa izenpetzea egokitu zitzaion Javier Esparzari.Bi kasuetan, Espainiako eskuinaren bi erreferente nagusiek oso modu diferentean jokatu zuten, eta bietan ez zen ongi gelditu etxekoa, UPNkoa.

PPren akordioa Iruñerri ekialdeko hotel batean sinatu zen; atzokoa, berriz, beste puntan, Berriozar hasieran, errepide alboan den El Toro hotelean. Gertalekuaz gain, eszenografia ere diferentea izan zen. Iragan astean, Pablo Casadok kazetarien galdera guztiak erantzun zituen, alboan zuen Esparza deseroso batek zer egin ez zekiela. Atzo, berriz, Riverak ez zuen galderarik erantzun nahi izan, eta hark alde egin ostean, hoteleko eskaileren artean, kazetarien galderei erantzun zien Esparzak. Casadorekin ez bezala azken hitza berea izatea lortu bazuen ere, Riveraren presak ez zuen toki onean utzi UPNko presidentea.

Formez harago, atzo Esparzak onartu zuen luzaroan egon direla isilean negoziatzen. «Denbora daramagu; ez dut gogoan zenbat hilabete daramatzagun, baina hau ez da bi egunetan egiten».Alderdi barruan oso jende gutxik zeukan bi akordioen berri. Hala, martxoaren 2an, UPNko kontseilu politikoaren %23k PPrekin akordioa egitearen aurka bozkatu zuen; herenegun, berriz, %96k egin zuen Ciudadanosen itunaren alde. Hau da, iragan astean kontseiluko partaideei ezkutatu egin zitzaien zer zetorren, informazio hori komunikabideetara heltzea eragotzi nahirik.

Bai Espainiako bozetan, bai Nafarroako udal eta foru hauteskundeetan, hiru alderdiek osatutako zerrenda bakarra egongo da. Navarra Suma izena hartuko du plataformak, baina formula hori ez da hiru alderdien arteko akordio bat, Esparzaren hitzetan. «Koalizioa UPNren eta Ciudadanosen artekoa da, eta, UPNri dagozkion ordezkarien artean, PPko kideak sartuko dira».

Parlamenturako eta Iruñeko Udalerako zerrendak osatzen direnean, ikusiko da zer jarrera duen indar bakoitzak. Agerkari digital baten arabera, esaterako, Ciudadanoseko Carlos Perez Nievas zerrendako bigarrena izango da —Alberto Bonilla hamargarren eta hamabosgarrenaren artean joango da, eta beste hautagai bat 19. eta 20. postuetan—; baina Esparzak ukatu egin zuen informazio hori. Zerrendak osatzeko lanean ari direla esatera mugatu zen.

Espainiara begira, Ciudadanosen akordioan, Rivera presidentegaia babesteko konpromisoa agertzen du UPNk, eta, PPren akordioan, Pablo Casado presidentegaia. Hala ere, bi kasuetan «bi alderdien artean hitzartutako hautagaia» babesteko aukera ere jasotzen du, eta horregatik ez du kontraesanik ikusten Esparzak. «Hautagaitza honekin zerikusia duen hautagaiari emango dio babesa. Ez dira bi hautagai aurkeztuko inbestidura batera».

Iraganean, hamaika bider errepikatu du Riverak Kontzertu Ekonomikoa eta Hitzarmen Ekonomikoa «pribilegioak» direla eta indargabetu egin behar direla. Alta, atzoko akordioak jasotzen duenez, foru erregimena babesteko konpromisoa du Ciudadanosek, baina akordioa egiterakoan azpimarra berezia egin die «Espainiarekiko leialtasun eta gardentasun printzipioei»; hots, uste du hitzarmenaren eta ekarpenaren kalkuluek gardenak izan behar dutela, lerro artean adierazi nahirik orain artekoa iluna dela.

Eta hori guztia zertarako? «'Aski da' esateko ordua iritsi da. Ez da logikoa Espainia hautsi nahi dutenek erabakitzea nor izango den herrialdeko presidentea, edo aurrekonturik izango ote den. Espainiako Gobernu indartsu bat nahi dugu», esan zuen Esparzak. UPNko buruzagiaren arabera, aldaketaren gobernuak tentsioa sortu du gizartean, «hortik aurrera haustura eragiten saiatzeko. Ez dugu nahi beste Katalunia bat egotea. Kezkatuak diren milaka herritarren nahiei erantzuten die».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.