Ongietorriek «birbiktimizazioa» eragiten dutela salatu du Itxasok

jon olano
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Azaroaren 10ean gogoratu ohi da indarkeriaren biktimen aldeko Memoriaren Eguna, eta Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaritzak bezperan egin ohi du ekitaldi bat. Hala egin zuten atzo eguerdian, Terrorismoaren Biktimen Memorialarekin batera, eta bertan izan ziren Denis Itxaso Espainiako Gobernuko ordezkaria eta Florencio Dominguez memorialeko zuzendaria. Ekitaldian, nabarmendu zuten euskal presoei espetxetik irtetean egiten zaizkien harrerek «birbiktimizatu» egiten dituztela biktimak, eta gisa horretako ekitaldiek ez dutela erakusten biktimenganako «inolako enpatiarik», «elkarbizitzaren bidean atzera eginda».

Itxasok hitza hartuta amaitu zuten ekitaldia. Gogorarazi zuen 11 urte igaro direla gaurko eguna oroitzen hasi zirenetik eta, harrezkero, ez dela ekitaldi bateraturik egin. Hortaz, gaineratu zuen badela garaia Memoriaren Eguneko ekitaldietan «desadostasunerako aitzakiak» gainditzeko eta «historia berrinterpretatzeko tentazioak» atzean uzteko, eta dei egin du ETAren, GALen, Batallon Vasco Españolen eta beste indarkeria batzuen biktimei «justizia, memoria eta erreparazioa» emateko.

Hiru biktimak hartu zuten parte; Ivan Ramos Torranok, Lorena Diez Elorzak eta Francisco Javier Saenz Martinezek. Ramosen ama Maite Torrano 1987ko apirilean hil zuten, Portugaleten (Bizkaia), PSEren egoitza baten aurkako erasoan; Diez Elorzaren anaia Jorge Fernando Buesa PSEko legebiltzarkidearen bizkartzaina zen, eta 2000ko otsailean hil zuen ETAk; eta Saenz Martinezen aita Alejandro 1985ean hil zuen ETAk.

Atzoko aitortzarekin, gobernuko ordezkaritzak eta memorialak «intolerantzia terroristak eragindako sufrimenduaren egia aldarrikatu» nahi dute, «Euskadin biktimen senideen borroka isila eta sarri baztertua» gogoratzearekin batera.

Gaurko ekitaldiak

Gaurko, berriz, Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak prestatu dituzte Memoria Eguneko saioak. Legebiltzarrak ekitaldi instituzional bat antolatu du 09:30erako;Jaurlaritzak, berriz, 17:00etan egingo du bilkura bat Gogora institutuaren egoitzan, Bilbon, Atzera begiratu aurrera jarraitzeko lelopean. Han izango dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Aintzane Ezenarro institutuko zuzendaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.