Gerra Ukrainan. Suedia NATOn

Erdoganekin adostutakoa salatuz

Suedian gogor kritikatu dute NATOn sartzeko Ankararekin egindako akordioa. Kurdu anitz bizi dira herrialde horretan, eta beldur dira itun horrek ez ote duen eraginen oposizioko dozenaka kide estraditatzea, eta Turkiako presidentearen esku uztea, «terrorismo» akusazio faltsuak baliatuta.

NATOko, Turkiako, Suediako eta Finlandiako agintariak Madrilen, ekainaren 28an, akordioa sinatu osteko agerraldian. KIKO HUESCA / EFE.
Ricard Gonzalez.
Stockholm
2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun

Suediako Gobernuak garaipen handi bat balitz bezala ospatu zuen Madrilgo goi bileran Turkiarekin akordioa egin izana, haren bidez Ankarak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko betoa kendu baitzien Suediari berari eta Finlandiari. Haatik, hala Suediako hedabideek nola ezkerreko alderdiek gogor kritikatu dute akordioa, baita kurduen komunitateak ere; izan ere, kurdu anitz bizi dira Suedian, eta beldur dira itunak ez ote duen eraginen oposizioko dozenaka kide estraditatu eta Recep Tayyip Erdogan presidentearen esku uztea, «terrorismo» akusazio faltsuak baliatuta.

«Izutzekoa da Turkiarekin akordioa egin izana. Izan ere, itun horren ondorioz, armak esportatuko dituzte berriz Turkiara, eta horrek kalte eginen dio Suediaren izen onari, giza eskubideekin eta gutxiengo kurduaren eskubideekin konprometitutako herrialde gisa agertu baita orain arte», adierazi du Hakkan Sevenneling-ek, Ezkerra alderdiko bozeramaileak —alderdi hori Suediako gobernu sozialdemokrata babesten duen koalizioko kide da—. Bai Suediak eta bai Finlandiak arma enbargoa ezarria diote Ankarari 2019an Siria iparraldean militarki esku hartu zuenetik. «Uste dugu erreferendum bat egin behar litzatekeela NATOn sartzeari buruz. Akordioa egin aitzinetik, suediarren %60 zeuden NATOn sartzearen alde, baina orain baliteke gutxiago izatea. Suediako gizarteak espero nuen baino gogorrago egin du akordioaren aurka», gehitu du Svennelingek.

Herrialdea kanpainaurre betean da jada, irailaren 11n egitekoak baitira hauteskunde orokorrak, eta, beraz, Erdoganekin ituna egin izanak ez du krisirik piztuko gobernuan. Hori bai, baliteke funtsezko auzietako bat izatea gobernua osatzeko negoziazioetan.

Iragan astean, Suedia eta Finlandia NATOn sartzeko protokoloak sinatu zituzten NATOko kide diren 30 herrialdeetako ordezkariek, Bruselan; hala, prozesua abiatua da, eta parlamentu guziek akordioa berresten dutelarik bururatuko da.

Erdoganek ohartarazi du Turkiak aukera duela prozesuari trabak jartzeko baldin eta Stockholmek eta Helsinkik ez badituzte betetzen hartutako konpromisoak. Eta ez dago batere argi hiru herrialdeek berdin interpretatzen ote duten akordioa.

Turkiako Gobernuaren erranetan, bermatua diote bide emanen zaiela hark egindako estradizio eskaera guziei. Madrilgo goi bileraren ondotik egin zuen lehenbiziko agerraldian, Suediako lehen ministro Magdalena Andersson sozialdemokratak ez zituen gezurtatu Ankararen adierazpenak, eta horrek handitu egin zuen Turkiatik Suediara babes bila ihes egindakoen ezinegona. Anderssonek hauxe bertzerik ez zuen erran: «Zortzi urtez izan naiz ministro, eta, tarte horretan, ez dut sekula solas egin negoziazio mahaian errandakoei buruz».

Erdoganen eskaerek ataka estuan jarri dute kurduen komunitatea, lotura bat ezarri baitute komunitate horren eskubideen eta Suediaren segurtasunaren artean. Zenbait kalkuluren arabera, 100.000 kurdutik goiti bizi dira Eskandinaviako herrialde horretan: hau da, biztanle guztien %1 baino gehiago dira.

Horietatik gehienak Turkiatik ailegatu baziren ere, azken iheslari oldea Siriatik iritsi zen, eta litekeena da itunak horiei ere eragitea. Erdoganek PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren adartzat dauka PYD Batasun Demokratikoaren Alderdia, gehiengo kurdua duen Siria iparraldeko erakunde autonomoa kudeatzen duena.

«Dirudienez, akordioak barne hartzen du Suediak Rojava eskualdeari babes politiko eta humanitarioa emateari uztea hemendik aitzinera. Zinez bidegabea da hori, guk isuri baitugu odola Estatu Islamikoa garaitzeko», argudiatu du Xiar Alyk, gobernu autonomo horrek Suedian duen ordezkariak.

«Hemen, kurduen komunitatea neutral agertu da NATOn sartzeari dagokionez. Suediarren erabakia errespetatzen dugu, baina ez baldintza hauetan», zehaztu du.

Iritzi aldaketa

NATOn sartzeak herrialdearen kanpo politikaren norabidea erabat aldatzea dakar, amaiera eman baitio 200 urte baino gehiago iraun duen neutraltasun tradizio bati.

John Lapidus Goteborgeko Unibertsitateko irakaslea da, eta gaitzetsi egin du hainbertzeko garrantzia duen erabaki bat hain agudo hartu izana. «Herrialde honetan inoiz ikusi dudan eskandalurik handiena da, demokraziaren ikuspegitik. Erreferendumik ezean, iraileko hauteskundeen ondotik eman behar zen pauso hori, behin hautesleek espresuki onetsita», salatu du.

Errusiak Ukraina inbaditu ondotik, Suediako alderdi handietako bik, Alderdi Sozialdemokratak —hura dago agintean— eta ultraeskuineko Demokrata Suediarrek aldatu egin zuten NATOren harira izandako jarrera, ordura arte erakunde horretan sartzearen aurkakoak baitziren. «Jende anitzek aldatu du iritzia azken hilabeteetan, bai, baina ez da izan egiazko eztabaidarik. Komunikabideetan, NATOren aldekoak ziren iritzi guziak», kritikatu du Lapidusek.

«Neutraltasuna ez zen jarrera ideologikoa, praktikoa baizik. Suediako gobernuen iritziz, horixe zen modurik hoberena herrialdearen segurtasuna bermatzeko. Halarik ere, aspalditik dago elkarlan estua Aliantza Atlantikoarekin», azaldu du Gunilla Herolf Kanpo Gaietako Suediako Institutuko ikertzaileak.

«Finlandiak aliantzarekin bat egin gogo zuela iragartzeak ekarri zuen behin betiko jarrera aldaketa. Gure segurtasuna lotua egon da beti Finlandiarenarekin. Ez zen posible bat NATOn egotea eta bertzea ez», erran du Herolfek.

Edozein modutan, orain Mendebaldearen aliantza militarreko atea irekitzeko giltza ez dago ez Helsinkin eta ez Stockholmen, Ankaran baizik.

Ikusi gehiago:Amineh Kakavabeh: «Ez dut uste Suediak orain NATOn sartzeko beharrik duenik»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.