Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa

EAJk 200 milioi bideratu nahi ditu «kalitatezko» enplegua sustatzeko

Olanok hiru ardatzetan bildu ditu jeltzaleen asmo ekomikoak: «enpresa indartzea», lanen «kalitatea hobetzea» eta «ekonomia berria» bultzatzea

Markel Olano EAJko diputatugai nagusia, atzo, Tolosan. BERRIA.
jon olano
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundian jarraituz gero, EAJk asmoa du 2019-2023 legealdian zehar 200 milioi euro bideratzeko ekonomia alorreko hiru ardatzetara: «Enpresaren indartzea, enpleguaren kalitatearen hobekuntza eta ekonomia berriaren bultzada». Markel Olano EAJren Gipuzkoarako diputatugai nagusiak azaldu duenez, jeltzaleek «enplegua eta ekonomia berria sustatzeko planean» jasoko dituzte xede eta diru sail horiek.

Tolosan eta Usurbilen izan zen atzo Olano, bi udalerrietako Lanbide Heziketako zentroetara bisitan joanda. Horietan aurkeztu zituen jeltzaleek alor ekonomikoan dauzkaten asmoak datorren legealdirako: «Gure helburua Gipuzkoako lehiakortasun ekonomikoa indartzea da». Testuinguru horretan, lurraldeko enpresak sostengatu nahi dituzte «lehiakorrak izaten jarrai dezaten eman behar diren aldaketak gauzatzen», besteak beste «fiskalitatean, azpiegituren sustapenean, politiken berrikuntzan, talentuaren kudeaketan eta ekonomia berriaren eta sektore estrategikoen sustapenean» lagunduta.

Ardatz horietako bakoitzean egin nahi dituztenak xeheago azaldu zituen Olanok; enpresak indartzeari dagokionez, esaterako, nabarmendu zuen planaren xedea dela «pertsonak eta euren ezagutza, garapen teknologikoa, lehiakortasunerako azpiegituren ekosistema eta nazioartekotzea sustatzea, enpresa txiki eta ertainak bultzatzea eta zailtasun egoeretan dauden enpresak laguntzea». Erantsi zuenez, «bere enpresak sendotzen dituen lurraldea lurralde indartsua da».

Enpleguaren kalitateaz, berriz, azpimarratu zuen beharrezkoa dela «garapen pertsonal zein profesionalerako pertsona ororen baldintza duinak bermatzea». Azkenik, jarduera ekonomiko berriak garatzearen alde mintzatu zen: «Egun dugun testuinguru aldakor honetan, funtsezkoa da politika berritzaile eta ausartak martxan jartzea. Horregatik, ekintzailetza, barne ekintzailetza, ekonomia zirkularra eta industria sortzaileak sustatzea proposatzen dugu».

«Bizitoki forma berriak»

Donostian, berriz, etxebizitzaz jardun zuen Eneko Goia EAJko alkategaiak Jolastokietan, eta «bizitoki forma berriak» proposatu zituen, adibide gisa jarrita udalaren lursailetan etxebizitza kooperatibak sortzea eta gazteei bideratutako etxe gehiago eraikitzea. Helburua: «Gazteek hemen [Donostian] garatu ahal izatea beren bizi proiektua». Horretarako, uste du «etxebizitza gehiago eraikitzeaz aparteko estrategia eta begirada berriak» txertatu behar direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.