Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

Krisiari erantzuteko, neurri aurrerakoiak agindu ditu Gorrotxategik

Podemoseko lehendakarigaiaren ustez, 2008ko krisiari emandako erantzunaren kontrakoa behar da. Garridok feminismoa goretsi du

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaia Barakaldon (Bizkaia) eta Arrasaten (Gipuzkoan) izan zen atzo. Bietan berretsi zuen ezkerreko indarren batasunaren beharra. Barakaldon eginiko ekitaldi politikoan COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko «errezeta aurrerakoiak» behar direla esan zuen, eta «2008ko krisiari erantzuteko erabilitako errezeten kontrako norabidean doazenak, hain zuzen». Los Hermanos parkean emandako mitinean egin zituen adierazpenok, hainbat alderdikidez inguratuta. Besteak beste, Rafa Mayoral Unidas Podemoseko diputatua Madrilgo kongresuan, Isabel Gonzalez, Elkarrekin Podemos-IUko hautagaia eta IUko arlo ekonomikoko arduraduna, Carlos Sanchez Matoere alboan zituen.

Gorrotxategik berretsi egin zuen alderdi ezkertiarren batasunaren eskaera: «Indar ezkertiarren arteko gobernua osatu behar da. Beharrezkoa da, eta une hauetan hori da egin behar dena». «Ezkerrak bere diferentziak gainditu beharko ditu», gaineratu zuen Gorrotxategik. Ildo horretan, PSE-EEren jokabidea kritikatu zuen, uste duelako «EAJren nazionalismoa estaltzea» duela xede nagusia, «eta, aldiz, EH Bildu jeltzaleen nazionalismoa indartzeko ahaleginetan dabil», Gorrotxategiren iritziz.

Rafa Mayoral Unidas Podemoseko diputatuak ere hartu zuen hitza, Barakaldon. Uste du ez dela posible 2008an hartu zen bide bera hartzea gaur egun, baizik eta justu kontrakoa egin behar dela. «Gorrotxategirena da balio duen botoa, ezin delako neutrala izan: edo krisia kudeatzen dute gehiengo sozialaren alboan daudenek, edo Confebaskekin daudenek», esan zuen Mayoralek.

«%100 feminista»

Gorrotxategi Arrasaten izan zen goizean, Pilar Garrido Elkarrekin Podemosen alderdiko buruarekin. Lehendakarigaiak ezkerreko indarren batasunaren alde egin zuen Arrasaten ere, eta Garridok, berriz, feminismoa goretsi zuen: «Benetako berdintasuna ezartzeko» neurriak eskatu zituen. Esan zuen Euskal Herrian eredugarria dela mugimendu feminista, eta mugimendu horren alboan izango direla, «herrialde %100 feminista lortzeko». Sektore feminizatuak izan zituen gogoan, eta ez dituztela bazterrean utziko berretsi zuen, lagundu eta duindu egin dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.