Publifikazioaren bidean galduta

Donostiako Onkologikoko langile batzordeak salatu du Eusko Jaurlaritza jarduera mugatzen ari dela, sektore pribatuaren mesedetan. Langileak sistema publikoan sartzeko eskatu dute.

Onkologikoko langile batzordeko kideak, bizkarrez. IDOIA ZABALETA /FOKU.
Maria Ortega Zubiate
Donostia
2021eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Eskaintzen diren 32 oheetatik 11 bakarrik daude beteta, eta, gainera, ez dira epe luzekoak. Hori gaur, baina asko jota hamahiru izan ditugu; okupazioa ez da iristen %40ra ere. Jarduera kirurgikoa ere berdin, ebakuntza txikiak egiten dira. Oraintxe bertan, zazpi ebakuntza baino ez ditugu, operazio gela bakarrean. Beste hirurak hutsik daude». Horixe Donostiako Onkologikoaren egoera 2021eko abuztuaren hasierako egun batean, langile batzordeko kide baten ahotik. Batzordeko bi kide bildu dira BERRIArekin, egoera salatzeko, baina izenik ez emateko eskea egin dute, pribatutasunari eusteko helburuarekin.

Duela hiru urte, Onkologikoa osasun sare publikoan sartzeko prozesua hasi zutenean, egungo oheen bikoitza zuten erabilgarri: 80 inguru ziren. Ordutik hona, ospitaleak izan du aldaketarik: laborategiak eta anatomia klinikoa kendu dituzte; falta diren oheak zeuden lekuan, onkologia medikuko kontsultak jarri dituzte, eta erradioterapiako azeleragailu berri bat dute. Ohe gutxiago izanda ere, ez dituzte betetzen; langile batzordearen hitzetan, Osakidetzak ez dituelako hara bideratzen Onkologikoari dagozkion gaixoak. Horren ordez osasungintza pribatura bideratu dituztela salatu dute. Eta hori «arduragabekeria» dela adierazi dute biek: «Ospitaleak dituen baliabide guztiak ez baitira optimizatzen».

Dena da espekulazio, langileei ez dietelako eman azalpenik, baina uste dute erabaki horiek lotuta daudela osasungintza publikoaren pribatizazioarekin. «Ikusten dugu osasungintza publikoa pribatizatzen ari direla, pixkanaka-pixkanaka: horretan ari da administrazioa itunpeko zentro pribatuekin hitzarmenak sinatuta». Eta argi dute horrek Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko aurrekontuak areagotuko dituela ezinbestean, zentro pribatuetako zerbitzuak ordaindu beharko baitira. Zentzugabea deritzote, zerbitzu hori Onkologikoan eman daitekeelako: «Eta Onkologikoa haiena da jada». Aurrekontu publikoen zati bat hartara bideratzen da, eta ez luke eragingo gastu gehigarririk.

«Latza» hitza dute etengabe ahotan, eta «espekulazioa», Osasun Sailak eta Onkologikoa fundazioak ez dietelako ematen informaziorik: BERRIAk ere jo du Osasun Sailera langileen salaketa horien inguruko informazio eske, baina oraingoz ez du jaso erantzunik.

Langileek diote egoera horretan eraikina «hustea» besterik ez dela geratzen. Mobilizazioak antolatu dituzte behin baino gehiagotan, Langileak? lemapean, langileen etorkizuna inguratzen duen galdera marka argitu dezaten eskatzeko. Eusko Legebiltzarrean ere izan ziren; oroitarazi zuten administrazioak usu esan diela auzi «politikoa» dela Onkologikoarena, eta, ondorioz, «konponbide politiko bat» eskatu zuten han. Gatazka ez da kontu berria; istorio luzea da, eta gaurkoak ulertzeko pistak dituzte atzokoek.

Publifikazioaren itzala luzea izan da Onkologikoan. 2009an eraiki zuten, Kutxa fundazioaren gizarte ekintzaren barruan; Donostiako Institutu Onkologikoaren ondorengoa da. Biak ala biak, banketxearenak izanik, entitate pribatuak ziren, baina jarduera ia osoa osasungintza publikotik bideratutako pazienteei zegokien; ia %85ekoa izan da beti. «Onkologikoak lan osagarria egin du beti: Osakidetzak bere gain hartu ezin zuen jarduna Onkologikoak egin izan du. Beti egon gara Osakidetzarentzat lanean», azaldu dute langileek. Are gehiago, ia ehun urteko historian, Kutxak behin baino gehiagotan proposatu du administrazio publikoaren zaintzapean gera dadin, finantzaketa arazoak tarteko; gainera, erakundea sarri egon da ixteko arriskuan ere.

Baina eutsi zion, eta 2009an eraikina estreinatu ere egin zuen. Gainera, ospitale berriko lurrek badute berezitasun bat. Espainiako Defentsa Ministerioarenak ziren, eta, Eusko Jaurlaritzari transferitu zizkionean, baldintza bat bete beharra zegoen: irabazi asmorik gabeko osasun erabilera izatea. Kokalekuz aldatzean, fundazio batetik bestera igaro zen egungo ospitalea: Onkologikoa fundazioa sortu zen, eta langileen ordezkaritza eta administrazio publikoa biltzen dituen patronatu batek hartu zuen zuzendaritza. Baina, orduan ere, Kutxa zen ugazaba.

Eta errentagarritasun arazoak ere hor zeuden oraindik. Hori dela eta, Logik programa jarri zuten martxan, eta langile batzordeak gogor kritikatu zuen hori: izan ere, onkologiarekin zerikusirik ez zuten jarduerak —haginak erauztea, liposukzioak— egiten hasi ziren ospitalean, osasungintza pribatuko zenbait profesionalek ospitaleko eremu batzuk alokatuta. Langileek gogor gaitzetsi zuten hori, ospitaleak zituen onkologiako baliabide guztiak ez zirela erabiltzen argudiatuta. Izan ere, «Onkologikoaren estiloa» galtzen ari zela sumatu zuten profesionalek: «Herritarren ikuspegitik, paziente onkologikoei ematen zitzaien tratu ona zen ospitalearen balioetako bat».

Publikoa, baina ez guztiz

Gorabehera horien guztien artean heldu zen ia ehun urteko historia aldaraziko zuen hitzarmena: 2019an, Onkologikoa Osakidetzako sarean sartzeko lotura plana sinatu zuten, hiru urteko epearekin. Aurten, beraz, ospitaleak osoki sartu beharko luke osasun sare publikoan. «Baina ez dira adostutakoa betetzen ari», salatu dute langileen ordezkariek. «Hasieratik esan dute integrazio funtzionala, asistentziala eta praktika klinikokoa dela. Baina ahaztu zaie esatea integrazio organikoa eta estrukturala falta direla; langileak eta eraikina, alegia». Onkologikoko langile gehienak Osakidetzakoak badira ere, oraindik badaude Onkologikoa fundaziokoak ere.

Langileek lan bera egiten dute, baina hitzarmen ezberdinak dituzte; administrazio publiko beretik kobratzen dute, baina egoera desberdina dute. Langileen arteko elkarlanari esker egoera eramangarriagoa dela diote, baina, hala ere, dudak eta ziurgabetasuna nabariak dira Onkologikoko langileen artean, ikusten baitute ospitaleko jarduera gero eta murritzagoa dela, eta hori jendea kaleratzeko aitzakia izan daitekeela uste dute, gainera. «Desartikulatzea erreala da jada», salatu dute. «Errealitatea da Onkologikoaren eraikina ez dela itxiko; obrak egiten ari dira. Baina zer gertatzen da langileekin? Postu berri guztiak Osakidetzako zerrendetatik datoz; Onkologikoko langile gutxi geratuko gara», salatu du langileetako batek. Eta besteak erantzun: «Hitzarmenaren dekretuak berak esaten du hori, hustu egin behar direla Onkologikoko langileen postuak, erretiroak tarteko; apurka-apurka Osakidetzako langileak bakarrik gelditu arte. Baina hemen badaude Onkologikoko langile gazteak. Horiekin zer gertatuko da?», horixe langileen galdera. Erantzunik ez, oraingoz. Baina geroak dakarren galdera marka argitzeko lanean jarraituko dute: hori argi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.