Ana Ramirez de Okariz Sorolla. Sexologoa

«Eskuragarri egon behar dira preserbatiboak, eta doan»

NAHIKARI MORA.
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Emaize sexologia zentroko sexologoa da Ana Ramirez de Okariz Sorolla (Gorrebusto, Araba, 1967). Aholkularitza, hezkuntza, formakuntza eta terapia eskaintzen dute, «sexologiaren ikuspuntutik, beti». Emaizek, gainera, Asexoria Gasteizko sexu aholkularitza kudeatzen du, gazteentzat.

Ikusi gehiago:Abortuen %90 sare pribatuan

Hurbildu egiten dira zuengana abortatu nahi duten gazteak?

Asexoriara neska gazteak etorri ohi dira; kezkatuta eta beldurtuta. Arrazoietako bat hilekoaren atzerapena izaten da. Sexu hezkuntzarik ez dagoenez, batez ere emakumeok, ez dugu gure gorputza ezagutzen; hala nola ez dakigu zer motatako zikloak ditugun. Informazio gehiago eta hobea izango bagenu, beldur horiek txikituko genituzke. Sexu hezkuntzaren bitartez, erotika desheterosexualizatzen eta deskoitalizatzen saiatzen gara. Sexu harremanak ez dira bakarrik koitoa. Gazte guztiek bere burua ezagutu dezaten da gure asmoa. Autoezagutza hori izanda, koitoaz gain, sexu harremanetan agian beste gauzaren bat nahiago izango dute, eta jakingo dute euren burua nola zaindu. Haurdunaldiaren etenaldiaz gain, sexu bidezko gaixotasunak daude.

Hego Euskal Herrian, 2021ean abortatu zuten %51k 15 eta 29 urte bitartean zituen. Zergatik abortatzen dute gazteek?

Ez dute euren burua ezagutzen. Eta ez dago hezkuntzarik. Familietan ez da honi buruz hitz egiten. Gazteek hedabideetatik eta sare sozialetatik jasotzen dute sexu harremanen eredua: koitozentrikoa. Agian badakite euren burua nola zaindu, baina ez dute gaitasun sozialik euren desioak esateko, koitoa nahi duten edo ez esateko edota preserbatiboa proposatzeko.

Emakumeen erdiek baino gehiagok, gainera, ez zuten antisorgailurik erabiltzen.

Segurtasuna behar dute antisorgailuak erabiltzeko, eta abileziak negoziatzeko. Sexu harremanak dituzten momentuan, preserbatiboa erabili nahi dutela esatera ausartu behar dira. Ardura ez da bakarrik emakumeena. Izan ere, ernalketak agian ez, baina sexu bidezko gaixotasunek guztioi eragiten digute. Horregatik, sexu hezkuntza derrigorrezkoa da guztiontzat. Aholkularitzara etortzen direnean, hausnarketa egiten dugu haiekin: zer gertatu da? Preserbatiborik al zenuten? Ez zineten ausartu preserbatiboa erabili nahi zenuela esatera? Landu beharreko gaia da.

Gazteek, zehazki, zer harreman dute antisorgailuekin?

Askotan antisorgailuak ez daude eskuragarri. Frantzian bezala egin beharko litzateke, institutu guztietan preserbatiboak jarri, dohainik. Gero ausarta izan behar zara hara joateko, hartzeko, eta erabiltzeko. Jende askok preserbatiboa du poltsikoan, eta behar denean ez du ateratzen. Eskuragarri egon behar dira preserbatiboak, eta doan. Eta koito ondorengo pilulak ere bai. Logikoagoa iruditzen zait hori, haurdunaldiak osasun publikoaren bidez etetea baino. Zergatik haurdunaldiak bai, eta antisorgailuak ez? Paradoxa bat da.

Nola eragin daiteke gazteen kontzientzian?

Kalitatezko sexu hezkuntza jaso behar dute.

Zein leku dauka sexu hezkuntzak egun?

Sexu hezkuntza osasunari buruzko legeetan egon behar da, baita hezkuntzari buruzko legeetan ere. Espainiako legeak dio garrantzitsua dela eta egin behar dela, baina hori gure errealitatera hurbildu behar dugu. Giza baliabideak zein ekonomikoak behar dira. Gorputz heziketako irakasleak sexu hezkuntza irakatsiko badu, kalitatezko formakuntza jaso beharko du. Eta marko bat ere egon behar da. Opuseko eskoletan, sexu hezkuntza derrigortzen bada, emango dute, noski, baina zein motatakoa? Markoa derrigorrezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.