Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. PP+C's

Vox alderdi ultraeskuindarrak legebiltzarkide bat lortu du

enekoitz telleria sarriegi
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
ESERLEKUAK: 1

BOTOAK: 17.517

LEGEBILTZARKIDEA

Araba: Maria Amaia Martinez.

Ultraeskuineko alderdi batek ordezkaritza izango du Eusko Legebiltzarrean heldu den legegintzaldian. Probokazioan, aurrez aurrekoetan eta iskanbilen peskizan oinarritutako kanpaina egin dute Voxekoek. Haiek nahi bai, baina merezi ez zituzten fokuen distira izan dute, eta haiek nahi bai, baina merezi ez zituzten lerroburuak eta lerroak lortu dituzte. Izan dute horretan haien kontrako protestariek izan duten baino babes gehiago, eta izan dituzte PPk eta Ciudadanosek asebete ez dituzten beste hainbaten boz gehiago. Araban eskuin muturreko alderdiari begira jarri dute jendea inkestek eta bazetozela esanez egindako iragarpenek. Eta balizko etorrera horri begirakoak izan dira alderdi askoren mezuak eta erreguak kanpainako azken txanpan. Baina haien kontrako «horma» eraikitzeko deiak ez du eraginkortasunik izan, eta Santiago Abascal buru duen alderdiak tokia egitea lortu legebiltzarrean. Maria Amaia Martinez ezezagunak jarlekua izango du, horrenbestez, Gasteizko parlamentuan.

Eta egia da azken emaitzei erreparatuta, Voxek bazeukala nahikoa aukera legebiltzarrean toki hori lortzeko. Espainiako Gorteetarako iazko apirilean egindako bozetan, 5.608 boto eskuratu zituen Araban (%3,16) eta hurrena azaroan egindakoetan 6.421 boto (%3,76). Eusko Legebiltzarreko aulkien lehian sartzeko lurralde bakoitzean gutxienez botoen %3 jaso behar dira. Gutxieneko portzentaje hori lortzea ezinbestekoa da ordezkari bat lortzeko, nahiz eta beti ez den nahikoa izaten. Legebiltzarreko atea ireki ohi du botoen %3 erdiesteak, eta hasieratik ikusi zen atzo eserleku hori lortzeko aukera izango zuela Voxek. Halaxe egin zuen:4.722 boto Araban (%3,80), eta 17.517 orotara.

Santiago Abascal Voxeko presidentea pozarren mintzatu zen Madrildik. «Euskadiko espainiarrek» Vox «sendotu» dutela, eta legebiltzarkide bakar hori lortu izana «historikoa» dela esan zuen: «Ilusio berezia egiten dit, Araban izan delako, nire aberri txikian». Euren hautesleei agindu zien, legebiltzarkide bakar horrek ez diela «traiziorik» egingo, «PPkoek eta PSEkoek bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.