Albistea entzun

Eolikoak bai, baina nolako eredua ezbaian

Aitziber Sarobe biologia doktoreak eta Marisa Castro Ekologistak Martxan-eko kideak ontzat jotzen dute energia eolikoa, baina haren «dimentsioak» eta ingurumenean duen eraginak kezkatzen ditu.

Arabako Mendiak Aske plataforma, joan den otsailean.
Arabako Mendiak Aske plataforma, joan den otsailean. ARABAKO MENDIAK ASKE Tamaina handiagoan ikusi

Isabel Jaurena -

2022ko irailak 21

«Energia eolikoa bai, baina horrelako zentral intentsiboen bidetik ez», adierazi du Aitziber Sarobe biologia doktoreak. Statkraft enpresa norvegiarrak Euskal Herrian egin nahi dituen parke eolikoen berri du Sarobek, baita alderdi politikoek proiektuaren inguruan erakutsi duten jarreraren berri ere. Doktorearen erranetan, gisa honetako proiektuez mintzatzean, bi auzi ez dira lotzen: «Energiaren ekoizpenarena eta horrek ingurumenean eragiten dituen kalteena». Hortaz, Sarobek adierazi du ez dituela kritikatzen alderdi politikoen ideiak, baina bai «berrikuntzaren izenean eman dituzten argudioen justifikazioa». Jarrera horrek energia berriztagarrien inguruan dagoen «arazoaren dimentsioa ezkutatzen» baitu.

Ikusi gehiago: Haize errotak, gainerakoen «traktore»

Izan ere, proiektua aztertzeko prest agertu diren zenbait eragilek enpresa bultzatzailearen publikotasuna eta proiektuaren ardatzetako batzuk erabili dituzte argudio gisa. Sarobek, ordea, argi du: gaia «dimentsionatu» behar da. Hala, doktoreak dio Statkraft enpresa publikoa izatea ez dela «bermea jasangarritasunaren aldetik». Hau da, enpresa bat publikoa izateak ez duela erran nahi jasangarria izanen denik. Ez, behintzat, enpresa horren jarduerak «natura etengabe ustiatzea» ekartzen badu. Ekologistak Martxan taldeko Marisa Castro Delgado kidea, berriz, zalantzati agertu da. «Badirudi desberdina izango dela, baina ez dago argi», adierazi du.

Horrekin lotuta, Sarobek nabarmendu du energia eolikoa berriztagarria dela, baina hori lortzeko eraiki behar diren azpiegiturak eta ustiatzen diren baliabideak ez. «Pentsa dezagun zer tamaina duten obrak hauek», nabarmendu du Sarobek. Azpiegiturak eraikitzeak ez ezik, eraikinok mantentzeak ere badu kostua: «Horiek aldatu, garbitu eta berriztatu egin behar dira, eta inork ez du hitz egiten ziklo horretaz», azpimarratu du Sarobek. Beraz, ekoizten den energia berriztagarria den arren, mantentze lan horiek naturan eragina izanen dute, modu batean ala bertzean.

Kaltea bioaniztasunari

Sarobek azaldu duenez, halako proiektuak egiteko, ingurumen txostenak aurkezten dira. Adierazi du proiektu honetakoak «ia inoiz aipatzen ez den kalte bat» duela: bioaniztasunari egiten zaiona. Izan ere, azpiegiturak eraikitzeko prozesuak eta mantentze lanak ez ezik, haize errotek berek ere «sekulako eragina» dute biodibertsitatean. Doktorearen erranetan, Gipuzkoan hegaztiei eta saguzarrei egiten zaie kalterik handiena. Gainera, nabarmendu du ez dagoela bi espezie horiek babesteko plan zehatzik. Horrenbestez, ingurumen txostena egiteko ez da kontuan hartu bi espezie horiei egiten zaien kaltea.

Parke eolikoaren babesleen gainerako argudioak ere ez ditu begi onez ikusten Sarobek. Zero kilometro kontzeptua, adibidez. Teorian, termino horren erranahia sinplea da: bertan ekoizten den produktua bertan kontsumitzea. Sarobek dio energia eolikoan ezin dela aplikatu kontzeptu hori: «Mendian sortu eta gero ia erabat hirian kontsumitzen den energia ezin da jo zero kilometrokotzat».

Energiaren sozializazioaz ere badu zer erran: «Energiaren beraren kontrolaz ari bagara, ez gara ari bakarrik ekoizpenaz: sistema osoaz ari gara». Doktoreak nabarmendu du, gainera, sozializazio prozesua «konplexua» dela, baina zera dela garrantzitsuena «erronkari erantzuteko»: herritarrengan eta, batez ere, haien energia kontsumoan eta haien jakintzan jartzea arreta. Lehenbiziko pausoa energia gutxiago kontsumitzea da. Hori lortzeko herritarrek sistemaren funtzionamenduaz jabetu behar dutela dio Sarobek. «Ez bagara jabetzen zer ondorio dituen gure energia kontsumo horrek, ez gara iritsiko energia kontsumoa murrizteko hautuetara», azpimarratu du.

Castro ados agertu da. «Badakigu bizi kalitatea izateko ez dela beharrezkoa kontsumitzen dugun energia kantitatea kontsumitzea», nabarmendu du Castrok.

Duela hogei urteko plana

Sarobe eta Castro ez daude ados gisa honetako proiektuak aurrera eramateko egiten den planifikazioarekin, enpresek erabakitzen baitute non egin parkeak. Izan ere, Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektoriala orain dela hogei urtekoa da: Jaurlaritzak ez du berritzen. Dokumentu horrek zehazten du zer eremutan egin daitezkeen horrelako proiektuak eta zeinetan ez.

Arabako Mendiak taldeak ere ez du begi onez ikusi Araban beste parke eoliko bat egiteko proposamena: «Ez dira berriztagarriak baztertzen, baizik eta legez kanpo ezarritako oinarriak, estrategia eta hedapena».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elantxobeko portua, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

Urpekari bat hilda atera dute uretatik Elantxoben

Berria

10:00ak aldera atera dute gorpua, herritar batek abisua eman ostean. Ikerketa zabaldu du Ertzaintzak.

Suhiltzaile bat lanean, artxiboko irudi batean. ©Juan Carlos Ruiz / Foku

95 urteko gizon bat hil da Bilbon, bere etxeak su hartu eta gero

Berria

02:00ak aldera gertatu da ezbeharra. Gizona bizirik atera dute suhiltzaileek, baina ospitalean hil da.

Ihintz Oliden, AEK-ko Ipar Euskal Herriko koordinatzailea. ©Guillaume Fauveau

«Zaila da irakasleak atzematea eta atxikitzea»

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Urrian, AEK-k erakundeei galdegin zien laguntzak emenda ditzatela bere irakasleek hilabete sari duinak ukan ditzaten. Ez da deus aitzinatu geroztik, baina ikasleen galdea beti berdin azkarra da.

Erdiz Bizirik-ek manifestazio bat eginen du Iruñean

Erdiz Bizirik-ek manifestazio bat eginen du Iruñean

Iker Tubia

Apirilaren 22an izango da, Landa Eremuaren Nazioarteko Egunean. Erdizen egin asmo duten meategiaren kontrako protestetan ari dira

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.