Albistea entzun

Desberdintasun sozialak «eraikiak» direla dio Ikuspegiren txosten batek

Aniztasunaren inguruko monografiko sorta bat argitaratuko du Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak, eta lehen alea kaleratu dute
Txostenaren aurkezpena egin zuten egileek atzo goizean, <em>Dimentsioak desberdintasunetik</em> jardunaldietan.
Txostenaren aurkezpena egin zuten egileek atzo goizean, Dimentsioak desberdintasunetik jardunaldietan. IKUSPEGI Tamaina handiagoan ikusi

Jone Arruabarrena -

2023ko martxoak 15

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «aniztasunari buruzko hausnarketa soziologikoa egitea». Hori izan du helburutzat Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak azken ikerketan. Azterlanaren emaitza argitaratu zuen atzo behatokiak Zabaldu #1 monografikoaren bidez, Bilboko Bizkaia aretoan antolatu zuen Dimentsioak desberdintasunetik jardunaldian. Monografiko sorta baten lehen atala da, eta «berdintasunik eza» landuko dute ale horretan. Aniztasuna aztertzeko, «kolektibo, gizarte talde eta pertsona jakin batzuei eragiten dieten desberdintasun ardatzak» hartu dituzte mintzagai Ikuspegiko ikertzaileek.

Desberdintasunak, aniztasunak eta diskriminazioak gorroto delituekin daukaten loturan sakondu dute, hain zuzen, ikuspegi ezberdinetatik: «Generoa, LGTBI, desberdintasun ekonomikoa, immigrazioa, ijitoak, erlijio aniztasuna, ezgaitasuna edo adina». Luis Sanzo Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Saileko Estatistika Organo Bereziaren arduradun ohiak ekarri du «desberdintasun ekonomikoa», edo pobreziak eragindako bereizkeria txostenera. Azaldu duenez, 2008-2012 aldiaz geroztik gora egin dute nabarmen desberdinkeria adierazleek arlo horretan. Aberatsenen eta pobreenen arteko aldea ere handitu dela dio txostenak, eta hori, era berean, parte hartzearekin lotu du. «Desberdintasunaren hazkundea partaidetzaren beherakadarekin lotzen duen adierazleari dagokionez, emaitzak argigarriak dira: guztira eskuragarri dauden diru sarrerei dagokienez, %10 behartsuenaren parte hartzea biztanleriaren %3,88koa zen 2008an, eta 2020an, % 3,18koa baino ez».Txostenaren arabera, desberdinkeria adierazleak geroz eta handiagoak dira, gehiago direlako «atzerritar jatorriko pertsonak, seme-alabak dituzten emakume bakarrak edo nukleorik gabeko pertsona anitzeko etxeak».

Askotarikoak edo ezberdinak

Imanol Zubero soziologoak izan du aniztasunaren kontzeptuaren inguruan idazteko ardura. «Aniztasunak ez du per se desberdintasuna adierazten. Edozein desberdintasun sozialki eraikia da», azaldu du txostenean. Izan ere, erantsi duenez, denborak aurrera egin ahala desberdintasuna gauza «natural» edo «normaltzat» hartzen da, «gizartea sortu aurreko egitatetzat».

Andrea Ruiz de Balzola Begirune fundazioko kideak osatu ditu ondorioak txostenaren azken kapituluan: «Zer esan nahi dute, berez, orinek edo azalaren koloreak? Ezer ez. Baina, espezie gisa forma ematen diguten eta garena bihurtzen gaituzten gizarte prozesuen bidez, halabeharrez, esanahi bat hartuko dute, eta sailkatzeko erabiliko ditugu». Era berean, azaldu du desberdintasun horietako batzuek azkenean desberdinkeria justifikatuko dutela.

Hain zuzen, desberdinkeria hori arlo juridikotik aztertu du txostenean Jon Mirena Landak, «berdintasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako araudia» aztertu eta berrikusita. Ondorioztatu duenez, legeak jokabide jakin batzuk zigortzeko ez ezik, «prebenitzeko» ere erabiltzen dira, eta horrek diskriminazioaren aurkako araudi osoa «arriskuan» jar dezake, justifikatu gabe aplikatuz gero.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Abenduaren 15ean ere elkarretaratze bat egin zuen EHEk, euskararen ofizialtasuna eskatzeko. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Euskal Herrian Euskaraz: «Datorren legealdia ofizialtasunarena izan behar da»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Nafarroan euskararen ofizialtasuna onartuko duen euskararen lege berri bat aldarrikatzeko, hainbat mobilizazio egingo ditu EHEk. Nagusia maiatzaren 13an egingo dute, Iruñean.

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat Donostian, artxiboko irudian ©Gorka Rubio/ Foku

Gizonezko bat atxilotu dute Donostian, sexu eraso bat egitea egotzita

Berria

Emakume bati ukituak egitea leporatuta atzeman du Ertzaintzak.

Ganaltoko gurutzea, iazko ekanean eraitsi baino lehen ©Basotxerri (Wikipedia)

Ganaltoko gurutzearen eraisketari buruzko ikerketa berriz irekitzeko agindu du Arabako Auzitegiak

Berria

Auzitegiak aintzat hartu du Abogados Cristianos elkarteak auzia artxibatzeari jarritako helegitea. Ezezagun batzuek eraitsi zuten gurutzea, iazko ekainean.

Gaur goizean egin dute aurkezpena Bilbon ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Ikastetxean ezkaratza eraikitzeko eskatu diote hamazazpi eskolak Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari

Javi West Larrañaga

Sare publikoko eskolen herenek bakarrik daukate sukaldea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...