Euskararen erabilera. Tania Fidalgo eta Josu Martin. Barakaldoko euskara ikasleak

«Orain gehiago erabiltzen da, baina zeuk bilatu behar dituzu aukerak»

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Euskara ikasi, eta ikasitakoa euskaltegitik kanpo ezin erabili. Barakaldon, eta Bizkaiko Ezkerralde osoan orobat, euskara ikasitako askok arazo horrekin tupust egin dute. Zorionez, egoera aldatzen ari da, baina euskara ikasleek argiro ohartarazten dute: mintzodromo, Berbalagun, Gurasolagun eta antzeko programengatik ez balitz, egoera askoz okerragoa litzateke, eta horrelako proposamenak guztiz beharrezkoak dira oraindik ere.

Tania Fidalgok (Barakaldo, 1982) duela lau urte ekin zion euskara ikasteari; adinekoen talde batean egokitu zitzaion lehen urratsak egitea, eta orain C1 maila lortzeko ikasten ari da AEKn: «Nik jantoki batean egiten dut lan, ikastola publiko batean, eta han badut aukera euskaraz aritzeko. Euskara ikasteko arrazoia hori izan ez bazen ere, baliagarria izan zait lana topatzeko». Izan ere, bi ume ditu Fidalgok, eta hori izan zen ikasten hasteko arrazoi nagusia: haiekin euskaraz egiten saiatzen da. Eta bizpahiru adiskiderekin ere harremana euskaraz izaten du.

Josu Martin (Bilbo, 1980) hezkuntza psikologoa da, eta denbora luzea eman zuen euskara ikasten, 2017an EGA titulua lortu arte. Gogoratzen duenez, euskara ikasten zuen garaian hitz egiteko aukerak topatzea zen zailtasunik handiena: «Askotan, ikastaro trinkoa egiten nuen, maila lortzen nuen, eta gero galdu egiten nuen, ikasitakoa norekin praktikatu ez nuelako».

Martinen familian inork ez zekien euskaraz, Barakaldotik kanpo bizi den lehengusina batek izan ezik; bere lagun euskaldunak ere Barakaldotik kanpokoak dira, eta lanean, berriz, kasu batzuetan baino ez du euskaraz egiteko aukera: «Nire bikotekidea britaniarra da, eta duela gutxi hasi da euskara ikasten, hutsetik. Harentzat unibertso berri bat izan da; poliki-poliki ari da gero eta gehiago ikasten, eta, adibidez, ostatu batean kafesne bat euskaraz eskatu zuen lehenengo aldia sekulako gertaera izan zen».

Eta Barakaldon euskaraz aritzea batzuek dioten bezain arraroa al da? «Ez da arrunta, hori egia da», azaldu du Fidalgok. «Baina, bilatuz gero, aukerak topa daitezke. Adibidez, baldin badakit denda batean zerbitzua euskaraz ematen dutela, hara joaten naiz beti. Ikasten ari naizela esaten diet, eta poliki egiten dugu, baina ez da problemarik izaten».

Antzeko zerbait pentsatzen du Martinek: «Kalean zaila da euskara entzutea. Egia da gero eta ohikoagoa dela; nire aitona-amonen garaian, Barakaldon euskara ez zen inon entzuten, eta hori aldatu egin da. Baina altxor pirataren jokoaren moduko zerbait da: zeuk joan behar duzu aukeren bila».

Diotenez, inoiz ez dute aparteko arazorik izan udaletxean, kultur etxean eta abarretan euskaraz egiteagatik. Eta jendearen jarrera ere oro har positiboa dela uste dute; ez dute esperientzia txarrik izan. Alderantziz: inoiz adinekoren bat hurbildu egin zaie, euskaraz egiteagatik zoriontzera.

Bi-biek uste dute guztiz beharrezkoak direla euskararen erabilpena sustatzea xede duten egitasmoak. Martinek duela zazpi bat urte eman zuen izena Berbalagun proiektuan, eta, geroztik, ia urtero parte hartu du: «Sekulako aurkikuntza izan zen». Fidalgo ere berbalaguna da, eta gurasoen eta umeen arteko harremanak euskalduntzeko Gurasolagun programan ere parte hartzen du.

Martinek gogoratzen duenez, programa horiek bilakaera handia izan dute: «Eskaintza asko zabaldu da. Gogoan dut hasieran berbalagun taldeak baino ez zeudela, baina gero hasi ziren mota guztietako ikastaroak, gurasoentzat umeekin egiteko moduko jarduera bereziak, mendi irteerak, irakurle klubak, zientzia arloko kontuak... Astero bidaltzen digute jardueren zerrenda, eta eskaintza izugarria da. Nik mendi irteeretan eman dut izena, eta giroa oso ona da».

Dioenez, inoiz Arrasaten (Gipuzkoa) lan egitea egokitu zaio, «eta han errealitate soziolinguistikoa desberdina da, baina hemen beste fase batean gaude, eta horrelako jarduerak behar-beharrezkoak dira».

Ikusi gehiago:Berta Lalaguna (Gasteiz): «Aukera bat da euskara lanorduetan ikasi ahal izatea, opari bat»

Ikusi gehiago:Cedric Touzaa (Angelu): «Euskaldun zaharrek ere egin behar dute ahalegina»

Ikusi gehiago:Etxarri Aranazko ikasle taldea: «Sakanan, belaunaldi oso batek galdu zuen euskara; horregatik ari gara ikasten»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.