Euskararen erabilera. Etxarri Aranazko B2 mailako ikasle taldea. AEKren Itsasi euskaltegia

«Sakanan, belaunaldi oso batek galdu zuen euskara; horregatik ari gara ikasten»

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun

Euskarak Nafarroan dituen arnasguneetako bat da Etxarri Aranatz. Karriketan, eskolan eta saltokietan, nonahi aditu daiteke herriko euskara. Egoera, baina, ez da beti halakoa izan. Frankismo garaian, belaunaldi oso bati ukatu zioten etxeko hizkuntza. Gaur egun, 50 urtetik gorakoak dira belaunaldi horretako kideak, eta askok euskaltegira jo dute, familian jaso ez zutena edo eskolan debekatu zietena berreskuratze aldera.

Hain zuzen, Sakana osoan euskara eskolak eskaintzen ditu AEKren Itsasi euskaltegiak. Altsasun du egoitza, baina ikasle taldeak ditu eskualdeko beste hainbat herritan ere. Horietako bat da Etxarri Aranazkoa. Taldean, hamar emakume daude —Eva Maria Palazuelos, Dolo Urkijo, Maite Arruabarrena, Nieves de Esteban, Eufemia Razkin, Mari Carmen Karasatorre, Axun Erdozia, Reme Ulaiar, Ariane Paniagua eta Elena Carretero—, eta gizon bat, Matthias Bergman, herrian bizi den danimarkarra. B2 mailan hasi dira aurten.

«Euskara gure hizkuntza da, baina ez ziguten irakatsi nahi, gaizki ikusia zegoelako», gogoratu du Ulaiarrek: «'Nora zoaz euskararekin?', esaten ziguten». Buruarekin baietz egin dute beste ikasle askok ere. Antzeko oroitzapenak dituzte ia denek. «Amak eta aitak, biek, euskaraz egiten zuten euren artean, eta seme-alabekin, berriz, erdaraz beti», gehitu du Razkinek. «Euskara zer zen? Euskara atrasoa zen: hori sinetsarazi zieten askori».

Pentsamolde hori orokortua zegoela azaldu du Idoia Artieda AEK-ko irakasle eta taldeko arduradunak: «Frankismoan, belaunaldi oso batentzat galdu zen euskara. Familia askotan ez zieten seme-alabei euskara transmititu. Ni pribilegiatua sentitzen naiz, gure familian ez zelako halakorik gertatu. Baina gertatu izan balitz, agian neu ere ikasle izango nintzateke gela honetan, ez irakasle. Hortxe egon zen aldea».

Euskaltegiak, baina, aukera eman die lagun kuadrilla sortzeko. Batzuk berritik hasi ziren euskara ikasten; gehienek, baina, bazuten belarria ohitua herriko euskarara. «Etxarriko euskaran moldatzen naiz, gutxi gorabehera», azaldu du Palazuelosek. «Batuan ez. Zenbat aditz, zenbat hitz berri... Baneki euskaraz gure amak bezain ongi, ez nintzateke hemen egongo. Hori daukat klaro!».

«Gazteek batuaz hitz egiten dute; zaharrek, berriz, bertoko euskaran... eta azkenean nahastu egiten zaigu dena buruan!», barre egin du Arruabarrenak.

Ariane Paniaguak, aldiz, hutsetik egin du euskararako bidea. Altsasuarra da, baina azaldu du Etxarri Aranatzen aukera gehiago dituela hizkuntza praktikatzeko. «Lehen ezin nuen euskara praktikatu, Altsasuko kaleetan gutxiago entzuten delako. Etxarrin askoz gehiago egiten dut. Nire seme-alabak ere bertoko ikastolara doaz. Hasieran ez nuen tutik ere ulertzen, baina orain ni naiz irakasleei eskatzen diena bilerak euskara hutsean izan daitezela».

Nieves de Estebanek, berriz, lanerako erabiltzen du euskara: «Nik denda bat daukat, eta nabari dut gero eta jende gehiagok egiten duela euskaraz; gazteek bai, baina helduok ere bai, e! Dena euskaraz egiten dute, eta nik euskaltegian izena eman nuen, batetik, gure hizkuntza delako, baina batez ere, herriko jendearekin euskaraz hitz egin ahal izateko».

Iloba eta bilobekin ere euskaraz egiten dutela nabarmendu dute askok. «Lehen, lotsa ematen zidan euskaraz egiteak. 'Ai, egizu erdaraz, errazago ulertuko dizut eta!', esaten zidaten batzuetan», gogoratu du Erdoziak. Halako komentarioek min ematen zietela aitortu du: «Orain, aldiz, gehienek ikasi dute euskara ikasten ari garenak errespetu handiagoaz tratatzen. Eta hitz egitean hanka sartzen badugu, ba hanka sartu dugu, aizu! Ez da deus pasatzen».

Ikusi gehiago:Tania Fidalgo eta Josu Martin (Barakaldo): «Orain gehiago erabiltzen da, baina zeuk bilatu behar dituzu aukerak»

Ikusi gehiago:Berta Lalaguna (Gasteiz): «Aukera bat da euskara lanorduetan ikasi ahal izatea, opari bat»

Ikusi gehiago:Cedric Touzaa (Angelu): «Euskaldun zaharrek ere egin behar dute ahalegina»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.