Euskararen erabilera. Berta Lalaguna. Gasteizko IKA euskaltegiko ikaslea

«Aukera bat da euskara lanorduetan ikasi ahal izatea, opari bat»

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Joan den urteko irailean hasi zen euskara ikasten Berta Lalaguna (Gasteiz, 1971), IKA euskaltegian. Ez zen hutsetik hasi, ordea: txikitan Gasteizko Luis Dorado ikastetxe publikoan ikasi zuen, «ikasgai» gisa, eta bazekien apur bat. Baina unibertsitate ikasketak gaztelera hutsean egin zituen, eta ia «ahaztuta» zeukan hizkuntza. Semeak izan zituenean erabaki zuen euskarak bere bizitzaren parte izan behar zuela, haiekin euskaraz komunikatu nahi zuela, etxeko lanak egiten lagundu nahi ziela, eta, funtsean, euskaraz bizi nahi zuela. Pentsatu eta egin. «Neure buruari erronka bat jarri nion: nire bi semeekin euskaraz hitz egin behar nuen». Semeen ikastolan ikusgai dagoen leloa bere egin du ordutik: Pixka bat asko da. «Hori da nire leloa ere».

Osakidetzak eskaini zion euskara ikasteko parada: lanposturako euskara maila eskuratzeko izena eman zuen euskaltegian, eta buru-belarri ekin zion ikasteari. Ordutik, B1 euskara maila lortzeko taldean ari da euskaltegian, egunero bi orduz. Goizez doa, 08:00etatik 10:00etara, eta «oso gustura» dago, «motibatuta». «Irakasle bikaina dugu, eta horrek asko laguntzen du».

B1 maila egiaztatzeko azterketa gainditzea jarri du aurreneko helburua, eta hura lortzean, B2 maila lortzen saiatuko da. Baina ez du «presarik», haren asmoa ez baita euskara maila bakarrik erdiestea, euskaraz jakitea baizik. «Aukera bat da euskara ikasi ahal izatea lanorduetan, opari bat». Beste edozein hizkuntza legez, euskara ikastea ere «abantaila» dela iritzi dio Lalagunak, «burmuina aktibo izateko» era ematen duelako. Gustuko du euskara: «Oso polita da, baina, horrez gain, hemengo hizkuntza da».

Lanean eta lanetik at

Erretanan (Araba) bizi da, Gasteiztik zortzi kilometrora dagoen herri txiki batean. Hiriburuan egiten du lan, Gasteizko Santiago ospitalean, psikiatria unitatean. Ikasten ari denetik, euskara egunero erabiltzen du, lanean zein lanetik kanpo. Lanean, euskaraz dakiten pazienteekin eta zenbait lankiderekin saiatzen da euskaraz egiten. Santiago ospitalean, haurrekin lan egiten du psikologo gisa, eta ahalegina egiten du haiekin euskara erabiltzeko. Arabatik doazen pazienteak ez ezik, Debagoiena eskualdeko asko ere artatzen ditu ospitalean, eta haiekin ere euskara praktikatzeko ohitura hartu du. «Egia da Arrasateko euskara ulertzea kosta egiten zaidala apur bat, baina saiatu saiatzen naiz haiekin ere».

Lanetik at ere komunikatzeko tresna bilakatu du euskara Lalagunak. «Ohiturak aldatu ditut, eta orain, edonora noala, nire lehen hitza beti da 'Kaixo, egun on'...». Kontatu duenez, tabernetan euskaraz eskatzen ditu beti tragoak: «Gasteizen ez da hain zaila euskaraz dakiten tabernariak topatzea; asko gazteak dira, eta euskaraz dakite». Beste eremu batzuetan, baina, nekezagoa izaten dela aitortu du: «Erosketak egiteko orduan, beharbada, supermerkatuetan-eta, zailagoa izaten da». Hiriburuan ez bezala, Erretanan nekez mintzo daiteke euskaraz inorekin, «ez baitago euskaldunik».

Euskara ikasten ari denetik, aldatu egin ditu zenbait ohitura. Semeekin hitz egiteaz gainera, euskarazko ikus-entzunezko produktuak kontsumitzen ditu. Dioenez, telebista gutxi ikusten du, baina denbora izanez gero ETB1 katea aukeratzen du, eta autoan beti darama euskarazko kate bat jarrita. «Lehen ez nuen ohitura hori, baina orain bai». Eta irakurri ere, euskaraz: «Miñan liburua ari naiz irakurtzen, euskaltegian eskatu digutelako. Oso ongi idatzita dago, eta erraz ulertzen dut». Euskarazko produktuak kontsumitzen jarraitu nahi du, gainera: «Neftlixek euskarazko telesailak emango dituela irakurri dut; ideia bikaina da».

Ikusi gehiago:Tania Fidalgo eta Josu Martin (Barakaldo): «Orain gehiago erabiltzen da, baina zeuk bilatu behar dituzu aukerak»

Ikusi gehiago:Cedric Touzaa (Angelu): «Euskaldun zaharrek ere egin behar dute ahalegina»

Ikusi gehiago:Etxarri Aranazko ikasle taldea: «Sakanan, belaunaldi oso batek galdu zuen euskara; horregatik ari gara ikasten»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.