Lanbide heziketan, euskara paroan

Mikel Basabe Kortabarria
2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
EAEko Hezkuntza Sailak lanbide-heziketan euskara sustatzeko asmorik ez dauka, ez egitasmorik:dagoen-dagoenean laga gura du, euskara eremu sozioekonomikoan euskararik ez dakiten langileekin sustatuko duelakoan edo.

Lanbide-heziketako ikasle euskaldunen penitentzia Patxi Lopezekin hasi zen, 2010 ikasturteko matrikulazioan. Ordura arte, lanbide-heziketako D ereduak, apurka-apurka bada ere, gora egiten zuen urtero-urtero. Alegia, lanbide-heziketan gainerako ikasketetan bezala gertatzen zen:D eredua gora. Hona datuak: 2001-02 ikasturtean, EAEko lanbide-heziketako ikasleen %13,28k ikasten zuen D ereduan. 2009-10ean, %22,78k. Hamarkada horretan, beraz, bederatzi puntu eta erdi irabazi zituen D ereduak. Hamabi urte geroago, D eredua %24,02 da. Hamabi urtean, 2020-21eko ikasturtera doan tarte horretan, D ereduak puntu bat eta laurden egin du gora (eta hori oinarrizko lanbide-heziketako ikasleak kontatu barik, horretan euskara %1,17 baino ez baita).

Datuok garbiago izan ditzagun: lanbide-heziketako D ereduak puntu bat irabazteko behar izan duen denbora berean, DBHn %15,15 egin du gora, eta batxilergoan %13,64. Zergatik? Sinplea: lanbide-heziketan ez bezala, institutuetan eskariari erantzun zaiolako.

Institutuetan inork ez du zalantzan jarri D ereduan ikasi gura duen ikasleak horretarako eskubidea duela. Eskubidea eta aukera. Lanbide-heziketan Hezkuntza Sailak mugatu egin du eskubidea, ikasle asko eta asko aukerarik gabe utzi arte. Nola? Esaldi labur batekin: «Hizkuntza-eredu bat baino planifikatzen ez bada, eredu hori ezarriko da». Horrelako sinplea. Non idatzi du Hezkuntza Sailak esaldi hori? Bada, urtero-urtero «ikastaldeak eratzeko irizpideak» ezarriz argitaratzen duen ebazpenean.

Ebazpen batekin baliogabetzen du legean ezarritako hizkuntza-eskubidea!

Hezkuntza Sailak planifikazioa jartzen du ikasleen hizkuntza-eskubideen gainetik. Bere planifikazioan ez badago aurreikusita ziklo bat D ereduan ematea, ez da emango, nahikoa ikasle izan arren. Horrela ulertzen da azken hamarkadan D ereduko zikloen eskaintza eta ikasleen ehunekoa ia aldaketarik gabe mantendu izana.

Kasu! Taldeak osatzeko ustezko planifikazio hori lanbide-heziketari baino ez zaio aplikatzen, gainerako etapetan ez baita mugatzen D ereduan ikasteko eskubidea: taldea osatzeko nahikoa ikasle badago, taldea osatuko da. Lanbide-heziketan, taldea osatzeko nahikoa ikasle izan arren ez da talderik sortuko, lehenagotik planifikaturik ez badago.

Sozialisten agintalditik aurrera, horrela geratu du Hezkuntza Sailak lanbide-heziketako D ereduaren hazkundea; horrela mugatu du Hezkuntza Sailak euskaraz ikasteko eskubidea. Ebazpen baten bitartez.

Hezkuntza Sailak datorren astean argitaratuko du 2021-22 ikasturterako «ikastaldeak eratzeko irizpideak» ezarriko dituen ebazpena. Galdera sinplea da: mantendu egingo du lanbide-heziketan euskaraz ikasteko muga?

Eskaera ere, sinplea da: datorren astean argitaratuko duen ebazpenean, baldintza berberak jar ditzala batxilergoan eta lanbide-heziketan euskaraz ikasteko. Hau da, batxilergoan bezala, lanbide-heziketan ere hauxe izatea irizpidea: «Modalitate berri bateko edo ikastetxean lehendik dagoen modalitate bateko ikasleekin talde bat osatu ahal izateko, gutxienez hizkuntza-eredu bereko 17 ikasle beharko dira, ezohiko kasuetan izan ezik; horrelakoetan, Ikastetxe eta Plangintzaren Zuzendariak berariaz eman beharko du baimena horretarako». Planifikaturik egon, zein ez.

Ez da, noski, azken hamarkadako utzikeria konpontzeko nahikoa izango, baina urrats bat izango da. Beste urrats bat litzateke lanbide-heziketan A eredua deitzen duten horretan euskara ikasgaia sartzea, gaur egun ez baitago batere euskararik hor. Edo B ereduan benetan euskaraz ematea ikastorduen erdiak.

Horretarako, baina, asmoa behar da, eta egitasmoa. Nik ez diot Hezkuntza Sailari ez bata eta ez bestea ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.