Albistea entzun

Arnasguneak babestu eta bermatu

Aitor Abaroa Cantuariense - Uemako jarduneko lehendakaria eta Bermeoko alkatea

2022ko maiatzak 27

Hizkuntzen kaleko erabilerari buruzko neurketa argitaratu du Soziolinguistika Klusterrak. Euskal Herriko erabilera orokorra bere horretan dago (%12,6), baina eremurik euskaldunenetan jaisten ari da euskararen erabilera: laugarren gune soziolinguistikoan hiru puntu jaitsi da erabilera azken neurralditik, eta hirugarren aldiz jarraian gertatu da jaitsiera —2006ko datuekin konparatuta, sei puntukoa da galera—. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) joan den martxoan aurkeztutako neurketaren emaitzak berretsi egin ditu, hortaz, Euskal Herriko neurketa nagusiak: eremurik euskaldunenean, laugarren gune soziolinguistikoan, atzeraka ari da erabilera; gainerako eremuetan, oro har, nahiko egonkor dago.

Emaitza horiek ez dira ezustekoa izan Uemarentzat. Denbora da horretaz ohartarazten ari garela. Udalerri euskaldunetan aldaketa handiak gertatu dira denbora gutxian, eta ez dira izan euskararen erabilera indartzekoak: biztanle mugimendu handiak gertatu dira, gure herrietako euskaldunen ezaugarriak aldatzen ari dira, erdararen sarbidea areagotu egin da, aldaketa sozialen eragina gero eta handiagoa da... Horrek guztiak zuzeneko eragina du hizkuntza-jardunean.

Urteotako azterketek erakutsi digute euskararen ezagutza jaisten ari dela eremu euskaldunenetan, euskaraz eroso moldatzen diren euskaldunak gutxiago direla, eta etxeko erabilera beherantz ari dela. Beraz, espero izateko argazkia erakutsi du kaleko erabileraren neurketak: hirugarren aldiz, behera jo du.

Jaitsiera horrek, hala ere, ez gaitu etsipenera eta paralisira eraman behar. Kontrakoa: kontziente izan behar dugu esku artean daukagun erronkaz, eta ekin. Horretarako, batetik, ezinbestekoa da egoerari buruzko diagnostiko argia egitea. Ari gara lan horretan. Kaleko neurketak eman digu beste argazki bat, eta aurki izango ditugu Inkesta Soziolinguistikoaren eta zentsuaren datuak ere. Azterketa horien guztien emaitzak xehe aztertuko ditugu, argazki osoa eduki dezagun eta lanerako abiapuntu erreal bat izan daitezen. Uema bera ere ari da lantzen udalerri euskaldunen egoerari buruzko azterketak. Bigarrenik, diagnostiko horren argitan, ekiten jarraitzea dagokigu. Ekiten jarraitzea, eremurik euskaldunenetan ere badaukagulako zertan eragin, urteotan agerian geratu denez. Egoera ez da arrosa kolorekoa, inolaz ere. Ezinbesteko ditugu udalerri euskaldunak kontuan hartuko dituzten hizkuntza-politikak; arnasguneak babestu eta bermatu behar ditugu.

Udalerri Euskaldunen Eguna izan dugu oraintsu Seguran. Elkarlanerako deia egin genuen orduan, eta, kaleko neurketaren emaitzak ikusita, berretsi egin nahi dugu dei hori: elkarrekin aritzeko premia gorria daukagu. Udalerri euskaldun guztiei dei egiten diegu gure udalerrietan hizkuntza-politikak elkarrekin landu ditzagun, herriz herri ari diren elkarteekin, eta Euskal Herriko administrazioekin eta euskalgintzako eragileekin elkarlan estuan. Soilik modu bateratuan jardunez lortuko dugu gizartearen kontzientziazioan eragitea, politika aktibo bezain eraginkorrak sustatzea eta, ondorioz, euskararen hedapena eta biziraupena bermatzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - Berria Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldea egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley
Ondoeza

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...