Itxaro Borda
Koronabirusa. PENTSALDIAN

Atxix!

2021eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Burua datxikat. Sudur karranka mamitsuaz, sinu aldean metatzen zaidan mukia zurrupatzear natza. Kopetara eramaten dut eskua: ez dut sukarrik. Enpirikoa da nire azterketa. Hobeko nuke farmaziara joatea, tenperatura har diezadaten. Ez ote naiz, anartean, lurra adina berotzen ari ni ere? Birusak harrapatu nau? Birusa harrapatu dut? Ala marranta naiz, soilik... eta ez nuke arranguratu behar. Familiako medikua gainera, kutsatu eta eritu da; badu bi aste bere kabinetea zerratua dela, atean tinta gorriz marraztu Barkatu hitza agerian emanik...

Inguruan dauzkadan bi antivax hurbilen isilik nabil. Ez nuke nahi nitaz trufa daitezen. Askoren antzera, bi txerto ukanik, hirugarrenerako hitzordua dudala, omikron birusak joko nau hala ere, erdiz erdi, sano eta salbu naizela uste dudan unean bertan. Lagun pare hark erran zidan, eiki, txertoak ez zuela balio, ez zela aterabide bat, manipulatua nintzela eta «ardi otzanen» moduan txertatzera nindoala hiltzearen beldur nintzelako, garrantzitsua banintza bezala, hain gutxi eta kasik ezdeus izanki: ez al da desagertze materialaren perspektibaren aitzinean biziduna dardarka jartzea naturala?

Felix Zubia medikua entzun nuen irratian eta haren eleek duda hazi zidaten: bost edo seigarren uhinean, txertatuak ala ez txertatuak, orain arte kutsatzetik «salbatu» direnak barne, denak pasatuko gara koronabirusaren baheetatik. Eskapurik ez. Greziar zaharreko alfabetoko letra guztiak ustiatuko ditugu... herenegun alta, Zubiak berak honakoa azken oldea izan zitekeela erantsi zuen: uuuufff. Ur hotza. Ur beroa. Eta gu, igelen antzera, tupina zolan dantzari. Gobernuek, presio pean, neurri murriztaile berriak martxan jarriko dituzte. Eguberri pasatu zait, urzainka eta Quebec-eko Alain Denault filosofoa dantzut Melissa Verraultekin ekonomia psikikoaz mintzo, atxix!

Domenixtikum mutua.

Pandemiaren garai luze eta lehergarri honetan, bi urte jadanik, ahantzi dut jatorrian abere politikoa naizela. Jende apurra gurutzatzen dut eta nire 24 m?-ko etxolan bakarrik bizi naiz. Pentsa nezakeen kutsatze autobideetatik at egonez, Covid-aren ausikietatik urrun geratzea lortuko nuela. Baina ez. Buztinezko oinak ditut, beharrezkoa den arren, txertoa ez da aski, eta gaur ezagutzen dugun egoera hau, agian, XXI mendeak jasango dituen gaitz ekologiko-ekonomikoen teaserra baizik ez da. Nik ere maite dut, nire aldian, etorkizun katastrofista irudikatzea, asmatzen uztea, paperean etzatea... ororen buru guztiak Kasandra distiratsuak garelako!

Nire hausnar tzarrak irentsi eta farmaziara zuzendu naiz. Maskara muturrean. Geltokiko aparkalekuan etengabe tiratzen den lerroan urtzen noa. Atxix egiten dut beso izkinan. Eztul elkor bi. Begi beltzekin begiratzen naute. Marranta naiz, mafrundi naiz, katarroa daukat, burutik beherako gogapen likidoa darit, besterik ez. Autotest delakoa negatiboa atera zait eta prest nago Matrix-en bihotzera itzuli eta berpizteko...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.