ZUZENDARIEN GALEUSCA

Torturak eta instrukzio epailea

martxelo otamendi
2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Hamaika daramatza. Azken hamarkadotako euskal gatazkarekin lotuta, 11 aldiz zigortu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Erresuma hori du izen ofiziala, euskal atxilotuen tortura salaketak legeek agintzen duten bermeekin ez ikertzeagatik. Badakit, Vicent, Katalunian ere badituzuela horrelako kasuak, eta, Maria, ez dakit Galizian horrelakorik eduki duzuen.

Gogoan daukat aurreneko bizpahiru zigor ebazpenak iritsi zirenean askok pentsatu genuela, behin Europako auzitegi horren zigorrak jasota, desagertzen joango zela tortura gure herriko jokaleku politikotik, ez bat-batean baina bai gutxika, Espainiako Gobernuentzat onartezina izango zelakoan horrelako lotsa jasan behar izatea Europan.

Ez da horrela gertatu, Espainian ez gabiltza askoz hobeto Euskal Herrian torturaren praktika oso serio ez hartzearen ondorioz, oso jende gutxik itsustuko dielako praktika hori gobernuei. Alderdi politiko gehienek, gizarte talde askok eta komunikabide gehienek beste aldera begiratu ohi dute tortura salaketak publiko egin direnean. Horiek uko egin diote gizartea praktika horien aurka altxatzen sustatzeari, ez dute tortura agenda politikoan sartu nahi izan. Beraz, politikoki oso merke atera izan zaie gobernuei torturatzea.

Marka guztiak hausten ditu Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskaren kasuak. Arestian aipatu ditudan 11 zigor horietatik, seirekin dauka harreman estua, Auzitegi Nazionaleko instrukzio magistratua zen garaiko harremana.

Bere ardurapeko poliziek atxilotuak bere aurrera tortura zantzuekin eraman, eta orain ministro denak gorrarena, itsuarena eta mutuarena egiten zuen, poliziei praktika horiek irmoki debekatu beharrean. Gutxienez, guardiako epaitegira eraman beharko zituen tortura salaketa horiek, iker zitzaten. Magistratu baten aginduetara diharduten poliziek egindako torturen erantzukizun penala ezin da polizi horiengan gelditu; urrunago joan behar du, polizia horien arduradun den instrukzio magistratuarengana ere iritsi behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.