Koronabirusa. Txetxu Ausin. CSICeko kidea

«Herritarren %9ri sarbidea ukatuz, ez da ezer konponduko»

Ausin filosofoaren ustez, neurri «arantzatsua» eta «eraginkortasunik gabekoa» da txertatu ez direnei zenbait zerbitzutarako sarbidea ukatzea eta COVID ziurtagiria eskatzea.

JON URBE / FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusi CSICeko kidea da Txetxu Ausin filosofoa (Bilbo, 1966). EHU Euskal Herriko Unibertsitatean doktorea da, eta eskarmentu handia du etikarekin lotutako auzietan.

EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du Jaurlaritzaren eskaera, ostalaritzan eta bestelako zerbitzuetan COVID ziurtagiria exijitu ahal izateko. Zer deritzozu?

Ez dut uste neurri eraginkorra edo beharrezkoa zenik, inondik inora. Oraintxe, txertatuta daudenen ehunekoa oso handia da Euskadin: %90 baino gehiago, 12 urtetik gorakoen artean. Hortaz, COVID ziurtagiria exijitzeak ez dut uste egoera zeharo hobetuko lukeenik. Gainera, txertoek ez dute kutsatzea %100 eragozten; hortaz, segurtasun sentsazio faltsu bat eman dezake ziurtagiriak. Iritzi publikoari begira hartutako erabakia iruditzen zait: kutsatzeek gora egiten duten unean, administrazioek hartzen duten neurri bat, zerbait egiten ari direla erakusteko.

Europan ere bide beretik jo dute...

Bai, baina egoera oso bestelakoa da, txertatze mailari dagokionez. Orain, hemen, ez dut uste lehentasunezko neurri bat izan beharko litzatekeenik. Eraginkortasunik ezaz gain, ez dut uste egokia edo etikoa denik.

Zergatik ez?

Konponbide erraz bat eskaintzen duelako, arazo konplexu bati aurre egiteko. Errudun bat bilatu, eta hura jartzen du jomugan. Ez da kontu berria: halako arazoak ikusita, tentazioa izan ohi dugu pagaburu bat bilatzeko, eta hari egozteko gertatzen den guztiaren errua. Baina egoera ez da hain sinplea: transmisioa goranzkoan da, baina hori ez da konponduko herritarren %9ri edo %10i tabernetan sartzea debekatuz.

Txertoari uko eginda, arrisku handiagoa dute birusa transmititu eta gaitz larria pairatzeko...

Ez da komeni denak zaku berean sartzea: ez dakigu, txertoa ez duten horietatik, zenbat diren txertoen aurkakoak. Izan litezke osasun sistemaren radarretik at gelditu diren pertsonak, bazterketa egoeran bizi direnak, paperik edo baliabiderik ez dutenak edota osasun arrazoiengatik txertaketa prozesutik at gelditu direnak. COVID ziurtagiria exijitzeak are gehiago estigmatizatzen edo baztertzen ahal ditu kolektibo zaurgarri horiek.

Txertoari uko egin diotenek osasun zerbitzuengatik ordaindu behar izatea. Hori ere planteatu izan dute zenbait adituk, eta Singapurren, adibidez, praktikara eramanen dute.

Bai, CSICen lankide dudan Luis Enjuanes birologoak ere antzeko neurri bat planteatu du berriki, eta niri beldur handia ematen didate halakoek, ez baitakit noraino irits gaitezkeen argudio horretatik tiraka: erretzaileei erretiratuko al diegu osasun publiko unibertsalerako sarbidea biriketako gaitz bat badute? Eta obesitatea dutenei edota arazo kardiobaskularrak dituztenei? Eremu labainkorra da.

Hortaz, zer da zuk proposatzen duzuna, COVID ziurtagiriaren ordez?

Itzuli beharko genuke zientzialariek eta adituek proposatutako neurri epidemiologikoetara. Kutsatzeak gora doaz, ziurrenik, zenbait neurri malgutu direlako. Bada, berreskura ditzagun horiek: aireztapena, maskaren erabilera toki itxietan, jende kopuru murritzagoak ezartzea... Europako erdialdean eta iparraldean, adibidez, neurri horiek guztiak alboratu egin zituzten transmisioa apaltzen hasi zenean, eta izurria indar handiz sartu da berriz ere. Hemen, aldiz, maskararen erabilerari eutsi genion, eta olatu berria kontrolatuago dugula dirudi. Horrez gain, baliabide gehiago beharko dira, COVID-19aren aurkako estrategiari eutsi ahal izateko.

Adibidez?

Lehenik eta behin, lehen arreta indartu beharra dago. Transmisio kateak detektatu behar dira, kutsatu direnen eta beren kontaktuen arteko loturak aztertu, eta aztarnarien lana indartu, birusaren hedatzea eteteko. Langile gehiago ere beharko dira ziurrenik, osasun sistema tentsio egoeran egon ez dadin. Hori guztia egin ahal izateko, ordea, plangintza sendo bat behar da. Eta inbertsio publiko handiagoa. Halakorik ez da egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.