urtzi urkizu
Donostiako 70. Zinemaldia. KURSAALEKO ZUBITIK

ETBren inolako laguntzarik gabe

2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Une polita bizi izan nuen atzo eguerdian, Kursaaleko kubo txikian: Katrine Brocks Danimarkako zinemagileak esan zuen bere bizitzako egun zoriontsuena zela eta bost aldiz egin zuela negar goizean, The Great Silence filma (Zuzendari Berriak) proiektatu aurretik. Aparta pelikula; arima galdua duen moja baten bihotzean sartzen da ikuslea. Proiekzioa amaituta, txalo zaparrada luzea aretoan. Zuzendaria ekoizlearekin eta aktore protagonistarekin besarkatuta. Eta Brocks negarrez berriz, erabat hunkituta, pozez negarrez.

Brocksentzat ez ezik, egun berezi eta garrantzitsua izan zen atzokoa Ander Iriarte Oiartzungo (Gipuzkoa) zinemagile eta ekoizlearentzat ere. Karpeta urdinak dokumentala aurkezteko eguna zuen, eta proiekziora joan ziren talde politiko eta erakunde ugaritako ordezkariak. Balio handiko lana da, ikus-entzunezkoen kontakizunean arrastoa utziko duena. 1960tik 2014ra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan ziren torturak eta tratu txarrak ikertu zituen Pako Etxeberriak eta Laura Pegok zuzendutako taldeak, eta txosten mardul bat osatu. Eusko Jaurlaritzarentzat egindako ikerketa bat da. Karpeta urdin batzuetan daude gordeak lekukotza guztiak. Milaka dira. Lan zientifiko zorrotzaren ondorio.

Dokumentalaren amaierako kredituetara iristen den ikus-entzuleak absentziak topa ditzake. ETBk ez du dokumentala ezertan lagundu, ezta babestu ere. Iriarte sei urtez aritu da lanean dokumentala estreinatu arte, Jaurlaritzaren ikerketa ofizial bat pantailara modu ulergarrian eramatea lortu duelarik. ETB gabe.

Baten batek esan dezake ETBk askatasuna izan behar duela erabakitzeko zein proiekturi laguntza eman, eta zeini ez. Baina, egiari zor, EITBk adierazpen publiko arranditsuetan giza eskubideekiko konpromisoa agerrarazten duenean, gogoratu beharko da Karpeta urdinak dokumentalaren kasuan ez duela giza eskubideen alde jokatu.

Kanaldudek babestu du Iriarteren dokumentala. Horrenbestez, argi dago aretoen bidea egin ostean, zein telebistatan ikusi ahalko den Pako Etxeberriaren ikerketa ezagutarazten duen filma. Ez, behintzat, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek ordaintzen duten horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.