Japoniak 110.000 milioi euro jarriko ditu ekonomia sustatzeko

Abek tifoien kalteak konpondu nahi ditu, azpiegiturak berritu eta teknologian inbertitu

Iker Aranburu.
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Lehen aldiz 2016. urteaz geroztik, Japoniako Gobernuak ekonomia suspertzeko plan berezi bat indarrean jarriko du. Planaren bidez, 110.000 milioi euro inbertitu nahi dituzte hurrengo hamabost hilabeteetan, BPGaren %1,9. Diru horren erdia berak jarriko du, eta beste erdia sektore pribatuak jartzea nahi du, diru publikoarekin finantzatuta.

Diru horrekin egin nahi dio aurre nazioarteko ekonomiaren ahultasunari, BEZa %8tik %10era igotzeak kontsumoan izan duen eraginari, eta Tokioko Olinpiar Jokoen amaierak eragin dezakeen biharamunari. Hiru arlok jasoko dute diruaren zatirik handiena: tifoiek eragindako kalteak konpontzeak, azpiegiturak berritzeak eta teknologia berrietan inbertitzeak.

Ekonomia suspertzeko planak ohikoak dira Japonian, 1990eko hamarkadaren hasieran hazkunde oso apaleko garai batean sartu zenetik. Oraingo lehen ministroak, Shinzo Abek, sustapen plan batekin hasi zuen bigarren agintaldia, 2012. urtean. Ikusteko dago Japonia gai izango ote den inbertsio guztia egiteko, biztanleriaren zahartzeak eta immigrazio politika itxiak eskulan falta eragiten baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.