Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

Ruiz: «PSNk lerro gorria jartzen dio aldaketari, eta alfonbra gorria eskuinari»

EH Bilduko hautagaiak uste du fiskalitatea «aberastasuna banatzeko tresna» izan behar dela. Gizarte politikan langile gehiago nahi ditu

Bakartxo Ruiz, herenegun, kanpaina hasierako ekitaldian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jon olano
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Abiatu da ofizialki maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetako kanpaina. Nafarroan, Bakartxo Ruiz EH Bilduko lehendakarigaiaren asmoa da 2015ean Geroa Baik, EH Bilduk berak, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak lortutako gehiengoa «errepikatzea eta sendotzea», uste baitu laukoak agerian utzi duela «alternatiba» dagoela: «Ez zen utopia bat, gai gara ezberdinen artean akordioak egiteko». Testuinguru horretan, eta gogora ekarrita PSNk gaindituko ez duen «lerro gorri» gisa jarri duela EH Bildurekin hitz egitea, Ruizek erantzun du PSNk «lerro gorria» jartzen diola «aldaketari baina alfonbra gorria eskuinari».

Kanpainaren zurrunbiloan sartu zen atzo Ruiz: Ser irrati kateak antolatutako eztabaida batean izan zen goizean, Iruñean eginiko ekitaldi batean gero, eta Agoitzen arratsaldean. Goizeko eztabaidan, argudiatu zuen fiskalitateak «aberastasuna birbanatzeko eta desberdintasunak gainditzeko tresna bat» izan behar duela: «Batzuek nahi dute aberastasunak zergarik ez izatea eta zerga politikek elite bati mesede egitea». Esaldi batean laburtu zuen indar subiranistaren ikuskera: «Fiskalitate solidario bat nahi badugu, gehien duenak gehiago ordaindu beharra dauka».

Ruizek gizarte politikak kokatu zituen iragan legealdiaren «gakoen» artean, uste baitu arlo horretan «ezinbesteko aurrerapausoak» eman direla, baina gaineratu zuen «asko» dagoela egiteke: «EH Bilduk konpromiso irmoa dauka gizarte justuago eta gizarte bidezkoago bat lortzeko, pertsona guztiek bermatuta izan ditzaten beren oinarrizko beharrak osasunaren, etxebizitzaren eta enpleguaren alorrean». UPNren garaiko gobernuekin alderatu ditu 2015-2019 aldiko politikak: «Erregimenak irizpide ekonomizistekin eginiko politiketatik gatoz; ez zuen erreparorik izan krisialdiaren garairik okerrenean, familiak eta pertsonak momenturik zailenetan zeudenean, oinarrizko errenta murrizteko». Hori horrela, haren proposamena da gizarte politiken arloan diharduten profesionalen kopurua handitzea, «zerbitzuak hobeto ematen direla bermatzeko eta langileen lan baldintzak ziurtatzeko».

Hain justu, lan arloan beharrezkotzat jo ditu «klausulak, kalitatezko enplegua bermatzeko» baina baita «genero arrakala gainditzeko» ere: «Nafarroa duinago eta demokratikoago bat eraikitzen jarraitzeko, EH Bilduren lehentasunak dira kalitatezko enplegua sustatzea, genero arrakala gaindituta eta enpresen deslokalizazioa saihestuta, hezkuntzaren arloa eta autogobernua indartzea».

Ruizek hizpide izan zituen beste gai batzuk ere. Euskarari eta euskal kulturari dagokionez, uste du Navarra Sumak nahi duela Nafarroa «desagertzea eta Espainiako probintzia bat gehiago izatea»: «Ikurren gainetik, Nafarroaren defentsarik onena da gurea defendatzea, eta batzuek hain gurea den euskara ukatzen dute». Azpiegiturez, berriz, uste du beharrezkoa dela «inbertsio publikoa azpiegitura handietara bideratu behar delako ustea» amaitzea: «Azpiegituren politikak interes orokorrari erantzun behar dio, eta ez gutxi batzuen onurari».

Eredu «zirkularraren» alde

Iruñean, berriz, alkatetzari eutsi nahi dio Joseba Asiron EH Bilduko zerrendaburuak, eta, helburu horrekin, agindu du «ekintzaileak laguntzeko plana» bultzatuko duela eta hiriaren «inbertsio ahalmena handitzen» jarraituko duela datorren legealdian, alkatetzan jarraituz gero. Era berean, «iruzurraren kontra borrokatzen eta banku eta higiezin agentzien etxebizitza hutsen gaineko zerga» ezartzen segitzeko asmoa dauka. Bestalde, azaldu du ekonomia «zirkularraren» eredua eta «tokiko produktuetan oinarritutako gertuko merkataritza sustatzen eta garatzen» jarraituko duela. Botoa ematearen garrantzia ere azpimarratu du,«Navarra Sumak ordezkatzen duen iraganaren eta EH Bilduk gidatzen duen etorkizunaren arteko plebiszitutzat» baititu bozak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.