enekoitz telleria sarriegi
Aske Gunea. Gazteen atxiloketa. Analisia

Egin duzue bai zerbait

2013ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Eskua luzatuz esan zuten Aitor zela bata eta Adur zela bestea. Barkatzeko, bi bakarrik zirela, baina hamabosten izenean zetozela. Jakinaren gainean egongo ginela, baina Gorenak euren kontrako epaia noiz berretsiko zain zeudela, ez zutela guztiak absolbitzerik espero, eta epaia zetorrenerako buruan zer zuten esatera zetozela.

Aurrean zutena zegoen uzkur eta ezkorrago, etorritako biak baino. Garbi zuten egin nahi zutena zer zen, baina emaitzarekin zituzten zalantzak. «Gu ez gara ezkutatuko, ez gara inon kateatuko; guk ez dugu ezer egin». Hori zen argudio nagusia. Baina nola eman horri indarra, nola eman irudia eta edukia? «Babes gune bat proposatzen dugu. Bulebarrean jarriko genuke. Ez dakigu hortik zer irtengo den. Baina hori da asmoa. Jendeari bertara hurbiltzeko esan eta harresi moduko bat eraikitzea». Hori nahi zuten irudikatu. «Ez dakigu gero haiek nola etorriko diren gure bila, izango diren zaurituak, oldartuko diren, baina gure erantzuna harresi hori eraikitzea izango da». Eta esan zuten berriro: «Guk ez dugu ezer egin».

Zera 'bakarrik': erresistentzia pasiboaren mugarri berriak ezarri, zentzua eman, zentzua aldatu, «garai berrien» aldebakartasuna agerian utzi, duintasun lezioa eman, galderei erantzun, zalantzak uxatu, argudiorik ezak biluztu, desobedientzia zibila eduki politikoei josi, erreferentzia berriekin, erreferente berriekin, eta nola egin esan, zer egin proposatu, bidea ireki, bidezidorrak estali, eta etorkizuna eraiki.

Egin duzue bai zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.