Greba berrabiarazi dute Kristau Eskolan eta IZEAn

Negoziatzeko eskatu diote sindikatuek patronalari. Uriartek azaldu du alde guztiekin batzartzen ari dela, baina «lan gatazka» bat dela

Bilbon atzo egin zuten manifestazioaren burua. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Jon Rejado.
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Beste mobilizazio sorta bat abiatu zuten atzo Kristau Eskoletako eta IZEAko langileek. Aurreko ikasturtetik hamazazpi greba egun eginak dituzte langile horiek. Hemezortzigarrena izan zen atzokoa, eta, konponbidea lortu ezean, 27 greba egunera heltzeko asmoa berretsi dute, apirilera arte. Kristau Eskolak emandako datuen arabera, grebara deitutako irakasleen %22 ez ziren lanera joan. ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuen arabera, %60k baino gehiagok egin zuten greba.

Irakasleek manifestazioa egin zuten Bilbon. Antolatzaileen arabera, 4.000 lagun bildu ziren bertan. Sindikatuek patronalei eskatu diete negoziatzeko, edukiei buruz hitz egiteko, eta langileen eskaerei erantzun «serioa» emateko. Aurreko ikasturtetik egindako bileretan lortutako akordioak «urriak» izan direla azaldu du ELAko ordezkari Miren Zubizarretak. Halaber, jakinarazi du oraingoz ez dagoela bilerarik hitzartuta patronalekin.

Atzo hasitako grebak ostiralera arte iraungo du. Apirilerako beste lau eguneko greba bat iragarri dute, 1etik 4ra arte. Maiatzean bi eguneko grebara deitu dute: 8an eta 9an. Deialdi horiek 9.000 irakasleri eragiten diete, 250 ikastetxeri eta 100.000 ikasle ingururi.

Jaurlaritzak, bilerak

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak gogorarazi du gatazkan zeresana duten sektoreekin bitzen ari dela. Edonola ere, adierazi du «lan gatazka»bat dela, eta itunpeko ikastetxeetako finantzaketari buruz ez du hitz egin nahi izan, bidean den hezkuntza legea berriaren eremuan heldu behar zaiolakoan gaiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.