Orburuak urdaiazpikoarekin eta Beasaingo odolkiarekin

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Iker Markinez.
2014ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
OSAGAIAK

4 pertsonarentzako osagaiak:

Beasaingo bi odolki.

Odolkia egosteko: porrua, tipula eta perrexila.

Dozena eta erdi orburu.

100 gramo urdaiazpiko.

2 baratxuri ale.

2 koilarakada irin.

Oliba olio birjina.

Gatza.

3 koilarakada irin (orburuak egosteko).

Denbora gehien behar duen osagaiarekin hasiko gara: odolkiarekin, alegia. Horretarako, lapiko handi bat urez bete, tipula zati batekin, porru zati batekin, perrexilarekin eta gatz pitin batekin. Bi odolkiak sartu, eta sutan jarri irakin arte.

Irakiten hastean, sua ahalik eta motelen jarri —irakiten mantenduz—, eta ordu eta laurden luze eduki.

Orburuak prestatzen hasteko, lapiko handi batean ura erdira arte bete, hiru koilarakada irin gehitu, eta ondo nahastu. Gatz pitin bat bota, eta sutan jarri irakin arte.

Bitartean, orburuak zuritu, txortena moztu gabe. Orburuaren punta moztu pare bat zentimetro zabal. Ondoren, ur irakinetan sartu, eta irakin hogei bat minutuz. Gero, gorde.

Oliba olio zorrotada jarri zartagin zabal batean, eta gehitu urdaiazpiko txikitua eta baratxuri txikitua. Dantzan hastean, irina bota, eta dena ongi nahastu.

Gero, orburuak irakindako lapikotik atera, pare bat burrantzalikada ur gehitu, eta, saltsa prest dugunean, erditik moztutako orburuak gehitu. Guztia bost minutuz irakin.

Platera zerbitzatzeko garaian, plater bakoitzaren erdian orburua jarri eta aldamenean odolki zatiak, argazkian ikus daitekeen modura. Saltsarekin osagaiak busti bakoitzaren gustura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.