Estatusaren gaia «hemen eta orain» ireki nahi du Urkulluk

jon olano
2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Jaurlaritzaren Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Carlos Iturgaiz PP+C's-eko bozeramaileak estatus politikoaren inguruko eztabaidaz galdetu zion atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, eta hark babestu zuen eztabaida hori «hemen eta orain berraktibatzea», argudiatuta eztabaidek ez dutela «ez egonkortasuna eta ezta elkarbizitza ere mehatxatzen». Gaineratu zuen eztabaidaren «ukazioak eta demonizazioak kale itsu batera» eramaten duela.

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak Euskal Autonomia Erkidegoaren estatus politikoa eguneratzeko eztabaida martxan zuen aurreko legealdian, baina legegintzaldia amaitzearekin batera eten zen haren bidea. Harrezkero, lantaldea ez da berriro martxan jarri, eta espero da udazkenean abiatzea lanak. Hori ikusita, kezka agertu du Iturgaizek; Urkulluri eskatu dio argitu dezala zeren alde egingo duen: «ikuspegi guztiak sartzen diren marko juridiko baten edo haustura jokaleku baten» alde.

Urkulluk gogorarazi du Gernikako Estatutua oraindik ez dela bete, eta erantsi legebiltzarra «oso erabilgarria» dela eztabaida martxan jartzeko. Era berean, azaldu du bere gobernuak «ahal duen guztia» egingo duela estatus politikoari buruzko akordioa ahalik eta gehien zabaltzeko.

Gaiaz hitz egin zuen herenegun Andoni Ortuzar EAJko lehendakariak ere. Euskadi Irratian, azaldu zuen estatus berrirako bidean «mugarri nagusiak» izango direla «nazio aitortza, estatuarekiko aldebikotasun harremana eta bermeen sistema bat gatazkak konpontzeko». Eskema hori bera baliagarria izan daiteke Kataluniarentzat, haren iritziz. Aurreko legealdian, lantaldeak estatus berrirako zehaztutako oinarrietan nahiz gero adituek aurkeztutako testu artikulatuan, erabakitzeko eskubidea ere jasotzen zen, baina haren erreferentziarik ez zuen egin herenegun Ortuzarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.