jon olano
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. BOZ GORA

Kanpaina bat kolpez kolpe

2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Ostirala hauteskunde kanpainako lehen eguna. PPk: «Etakideek derrigor kolaboratu beharko dute argitu gabeko 300 hilketak argitzeko; dakiten guztia kantatu beharko dute». PPren ahotan, beldurra ematen duten hitzak. Larunbata. Voxek: abertzaleei —berrikuntza gisa, abertzale guztiei— ilegalizazioarekin mehatxuka. Irene Monterok dio «Katalunia zaindu nahi duen Espainia bat» existitzen dela, bere buruari galdetu gabe zainduak zaindua izan nahi duen edo bere burua zaintzea nahiago duen. Astelehena. PSOEk: erreferendumak delitu izateko, Zigor Kodea erreformatzeko proposamena —ez bazen delitu, zergatik orduan ehun urteko zigorra?—. Asteartea. Pedro Sanchezen gobernuak: zerbitzu digitalak nahieran ixteko dekretua—kontuz: Espainian, botere banaketa dago—. Ciudadanosek bere programa aurkeztu du; 206. puntua: indar abertzaleak de facto Espainiako Kongresutik kanporatzea, estatu mailako botoen %3ko langa ezarrita. 215. neurria: estatuaren eskumenak indartzea. 219. neurria: Nafarroa Arabarekin, Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin batzea ahalbidetzen duen Xedapen Iragankorra Espainiako Konstituziotik ezabatzea. Asteazkena. Sanchezek berak: Puigdemont Espainiaratzeko aitzakian, fiskaltza komenentzia politikoen arabera erabiltzearen aitortza esplizitua —ikus, astearteko oharra—. Fiskalak: independentea denez, Elisenda Paluzie Biltzar Nazional Katalaneko presidentea ikertuko du, komentario enpiriko bati —«Bartzelonako liskarrek ikusgarritasuna eman diote nazioartean Kataluniako auziari»— balio normatiboa eta morala —eta, nork daki, penala— emanda.

Gaur amaituko da kanpaina. Eskerrak oraingoan astebete laburragoa den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.