andoni egana
HITZ ETZANAK

Ia

2017ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Gaur bezalako egun batez hil zen Xenpelar orain ia mende eta erdi. Baztangak hil zuen hogeita hamalau urte zituela. Gaixotasunak kutsatu zuenetik hilabete baino ez zuen iraun bizirik. «Iya guriak egin du»-tik «guriak egin du»-ra eraman zuen birus zitalak.

«Ia» hori izugarria da bere deus ez plantan. Bere arreba esaterako, «ia» salbatu zen. Ez zegoen gaixorik. Aski zuen Xenpelar bakarturik zegoen etxera ez igotzearekin. Baina ezin izan zion anaiari lagundu nahiari eutsi, sartu zen etxera, eta kutsaturik, biziarekin ordaindu zuen maitasun keinua. Baztangari buruz esaten da mendeetan zehar giza-emakumeak astindu ondoren erabat erauztea lortu zutela joan den mendeko azken laurdena heltzearekin. Txertoa asmatzearen abantailak. Baina hobe genuke birus hilgarria «ia» erauzi zutela sinetsiko bagenu.

Jakineko kontua da bi tokitan gutxienez baztangaren birusak bizirik dauzkatela, izozturik bada ere. Estatu Batuetako laborategi batean eta Errusiako beste batean. Nazioartean hitzarturiko protokoloen arabera, 1993rako desegin beharrekoak ziren, baina ez dute horrelakorik egin. Arma gisara erabiliko dituzte gerrateren batean, komeni zaienean; munduko populazioa erregulatzeko, komeni zaien tokian. «Ia» seguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.