andoni egana
HITZ ETZANAK

Koloretan

2017ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Nire ume garaian, ia dena zuri-beltzean zen sasoi hartan, behiak ere zuri-beltzak ziren. Halaxe ditut gogoan. Zuri-beltzak, noiz eta non batzuek garbiago zurigunea besteek baino, baina zuri-beltzak den-denak. Gerora hasi nintzen behi nabarrak, gorriak, arreak eta Milkaren zuri-moreak ikusten.

Gerora ikasi nituen arraza-izen batzuk ere, bertsotan nenbilen tokian nenbilela egokitze aldera: limusinak, pirenaikak, betroiak, (atzo aipatu nuen Xenpelarrek bederatzikoak jarri zizkion betroi xelebre bati), frisoiak... Bereizten ez nekien. Ez zen, ordea, oso azkarra izan beharrik arraza jatorri geografiko jakin bati lotzeko. Limoges, Pirinioak, Bretainia... Baina frisoiak?

Ahaztuak neuzkan erabat behiak atzo berria jakinarazi zidatenean: bertsolari txapelketa dela eta, Frisiako hedabide batekoak datoz dokumental bat egitera. Alarma-argitxoa piztu zitzaidan. Kontxo, behiak orduan handik zetozen! Eta gurekiko interesa azaldu badute, zerbaitengatik izango da! Wikipediara jo nuen, eta bai, Herbehereetako probintzia bat da Frisia. Eta susmatzekoa zenez, hizkuntza propioa dute! Eta herri txikia dira, Gipuzkoak adina biztanle hor nonbait... Ezagutzan sakontzen segituko dut datozen egunotan. Zuri-beltzekoak kolore bihurtzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.