andoni egana
HITZ ETZANAK

Egon

2018ko martxoaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egin galdera hotz-hotzean, gaizto, testuingururik gabe, eta bat ala bestea erantzuteko derrigortasuna argi utzita: «Zer da hobea, geldirik egotea ala mugitzea?». Hamarretik zortzik «mugitzea» erantzungo lukeela ziur nago. Izan ere, garaian-garaian eta lekuan-lekuan badaude gauza batzuk besteak baino hobeto ikusiak. Mugikortasuna deitzen diote, eta «tasun» horrek arrisku itxura oro erantzi egiten dio. Eta ez dakit den gure bizimodu petral honen arrazoi nagusi edo isla soil.

Hartzen duzu tarteka autoa goizeko zazpiak eta erdi aldera hiriburura joateko, eta harritu egiten zara aldiro zu bezala zenbat eta zenbat doazen ikusita. Eta okerrena da kontrako norabidean beste hainbeste auto datozela. Mugitu. Batzuk batera eta besteak bestera, txerri-buztana bezala, ezertarako ez bada ere. Hori da nonbait egungo munduak bizirik dagoela frogatzeko darabilen amarrua. Errepideak badira errenta; errenta dira erregaiak ere. Eta batetik bestera ibiltzeak dakarren lanean aritzearen sentsazioak ez du preziorik.

Oso tarteka isiltasuna entzuteak esnarazten zaitu. Zerbait gertatzen da. Ezer ez dabil. Ezin dugu joan-etorririk egin. Elurra ari du. Ez da besterik. Mundua bukatzera doala sentitu badugu mundu horrek merezi duen jarri beharko genuke auzitan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.